Antzerkian
ibili nintzeneko garaietan gauza anitz ikasi nituen. Ene burua
posizionatzen beste taldekideekiko, besteen entzuten, nehor ez begi
bistatik galtzen. Eta aitortzen dut irakasle lanetan nabilelarik
orduan ikasiek balio izaten didatela oraindik.
Hizkuntzen
irakaskuntzan ariketa eta egimolde anitz oinarritzen dira
antzerkiaren munduko tekniketan. Ikasleei eginarazten zaizkienak
batez ere baina ez bakarrik. Ba ote da irakaslerik erran lezakeenik
ikasgelan sartzen denean ez dela beste pertsona bat senditzen? Ni
beti hala senditu naiz. Klasean naiz, Bea deitzen naiz, baina jada ez
naiz hurbilekoek ezagutzen duten baina ikasleek sekulan gutxi
ezagutuko duten Bea. Beste bat naiz. Ikasleek ikusten duten Bea hura.
Eskizofreniaren mailakoa eman lezake, baina ni horrela egon naiz
gustura hainbat taldetan eta permititu izan dizkiot ene buruari lau
pareta horien artean beste gisaz egin ez nitzazkeenak.