2012/01/29

Arbre à palabre


Arratsalde euritsua zen eta deus ez egiteko. Telebista piztu nuen. Bakan gertatzen zait; pozoia zait.
Gaurko zerbitzuek bost ehundik gora telebista kate jartzen dizkigute eskura, EITB salbu; ni n-garrenean gelditu nintzen, seko. Munduko leku galdu bateko ohitura eta bizimoldeez egiten diren erreportaia horietarik bat zen, egileek ikuspegi antropologiko seriotik eramana dudarik gabe, guri anitzetan exotiko gertatzen zaizkigun horietarik bat. Sénégal-eko herri batzuetan kokatua zen eta horko « arbre à palabre » delakoen ingurukoa.
Deigarria izan zitzaidan, zinez, berehalakoan ezin erran xuxen zergatik, deigarria hainbesteraino non biharamunean berean bigarren aldi batez begiratu bainuen.

2012/01/22

Dispositiboak eta labelak

Helduen euskalduntzearen arloa eta aktibitatea definitzeko tenorean, arrunt kanpokoa den entitate bati, gaia lauso egiten zait. Frantses Estatuan, dena den, ez da momentu honetan formakuntzaren arloa baino lausoagorik.
Izaeraren aldetik, anitzetan elkarteak gara, gutxi batzuk formakuntza organismo gisa agregatuak, funtzionamendu konplexuko egiturak, jatorri, historia, balore eta bilakaera luzekoak. Horretaz gain, trumilka ez bagira kausitzen ere aktibitate sektore horretan, bakoitzak bere filosofia eta proiektu osagarriak eramanki ditu. Aktibitateari doakionez, eskaintzaren izendapen komunena euskalduntze eta alfabetatzearena da. Alfabetatzean ibiltzearen afera, pertsonalki, doi bat zaharkitua iduritzen zait eta historikoki daramagun kalifikatibotzat dut, seguraski garai batez eta leku batzuetan, publikoaren eta zereginaren nolakotasuna zela eta, egokia izan zena baina gaurko errealitatearekin gutxi duena ikusteko. Berdin dio. Oroz gainetik, kanpotik, gure aktibitatea ez da formakuntza/ erakaskuntza aktibitate gisa ekarria nehun. Ez euskararen kasuan, ez beste hizkuntz gutxituen kasuan dakidanez.

2012/01/18

Berdintasunaren ilusioan

Urteetan feministek eraman diskurtso eta borroken ondorioz, emazteekin diren jokamoldeak aldatu dira gure gizarteetan. Nihaur ez naiz feminista sutsu eta engaiatua eta zenbait egoeratan, aitortzen dut, jokamolde sexista, zapaltzaile edo gutxiesleen aitzinean, nire gain hartu eta paso egiten dudala. Aitortzen dut ere, emazte gisa dudan egoera nahiko erosoa izanik, ez zaizkidala jokamolde desegoki horiek beti begi bistakoak edo ebidenteak izaten, ez diedala behar luketen inportantziarik ematen. Haratago, gure heziketa eta barneratu ditugun ereduek ez gaituzte laguntzen, ez dugu oraindik ikasi sexismoaren bihurrikerien bururaino joaten. 

2012/01/15

Euskara zen galdegaia

Ene aldia heldu zen:
- Eta zuk? Nor zira eta zuen etxean zein dira hizkuntza usaiak?
- Gure familian denak euskaldunak gara. Bikotea euskalduna dut. Gure artean euskaraz ari gara, beti. Haurrarekin ere. Euskara gure laneko hizkuntza da ere, biena. Gure ingurumena, lagunak eta hori, euskaldunak dira ere, de facto, kurutzatu jende gehiena gure arloetakoa izanik...
- Eta zer pentsatzen duzu ikastolak egin behar lukeela? 

2012/01/14

Euskaraz? (9)


… edo koherentzia xerkatzean, ikastolaren hesien baitan sortzen ahal diren muturreko egoerak.


Klaseko atetik, pasabidean zehar, sargia iraganik autoraino, beharriak luzatu gabe, bi aitama.

Lehena pasabidearen zolan zen. Diskrezio gutxikoa izanki, usaia du deplauki eta ozenki aritzeko hor gaindi. Kide batekin zeraman solasaren haritik, bota zuen, frantsesez noski:

2012/01/07

Maite ditut kanpainak

Kanpainak eta bereziki sortzen duten giroa maite dut: sektore desberdinetako jendeak batzen direnean lema baten inguruan, printzipio batzuekin orok bat eginez, helburu amankomunekin eta, nola gerta, epe batekin, bukaerako ekitaldi bat mugarri. Horrelakoetan, denboraldi mugatuan, elkartzen gaituzten balore eta ideia batzuek uztarturik eta hortaz indartsu, izaten baikira hoberenak, antolaketan, komunikazioan, izaten dugun oihartzunean eta, mendreak iduriturik edo zeharkakoak izanik ere, eragiten dituzten lorpen, aitzinamenduetan.