2019/07/23

Hendaian enbata



Sokoburun enbata altxatzen hasi da, sapa artetik, Jaizkibelen bestaldetik gora jina. Handik datorren guziaren gisa, menderagaitz, hezigaitz eta sukartsua dator, Guadalupe iluntzen duela.

Dagoeneko, txoriek aspaldian dute alde egina, turistek bezala funtsean, portuko itsasontzien masta kaskoetan jo morse sokorri kodeek haizaturik, baina zuk hor jarraitzen duzu, temati.

2019/05/05

Urruneko deia


Ene telofono kontaktuen zerrenda errepasatzean, ohartu naiz zenduak direnen zenbakiak ez ditudala ezabatzen, hor segitzen dutela ad aeternam.

Norbaiten kontra kexatzen banaiz, zenbakia ezabatzen dut. Gupidarik gabe. Aitzin, hala ere, paperezko errepertorioan notatzen dut, badaezpada, inkasean noizbait barkatuko banio edo, eskura izateko gisan.

2019/05/02

Hurrup eta pitz


Txokolate esne kikarakada irakina ezpain ertzean, hats-bete hagun zuhail hurrupatzeak jende arteko bakardadea piztu dio iheslariari eta bere baitarako leihoa zabaldu.
Zintzurrean irristatu zaio isurki bero gizena,
papoan beherako bidean sumindura.

2019/04/22

Euskal herritar eskola


Hikhasi aldizkarirako kolaborazioa
234 zenbakia - 2019ko urtarrila


Haurrak ikastolan ditut, eskola euskaldun eta euskal herritarrean eta aitortu beharra dut harro naizela horretaz, euskaraz ikasi ahal izateaz gain, ene haurrek Euskal Herriaz ere ikasiko dutelako, geografiaz, historiaz, literaturaz, musikaz, ohiturez, denaz.