kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
kultura etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/05/17

Istripua






Denek erran zuten istripua izan zela.

Hori da beti erraten dena, zerbait azaldu nahi ez denean.


Marmola faltsuzko zutabe greziarra eszenatokiaren gainera erori zen. Zutabe greziarra, eszena apaintzen eta zedarritzen zuena. Kontzertuaren bezperan.

Hori da interesgarriena: dekoratua suntsitu zen, ez artista. Azpian bazen Jon, baina Jonek ez zuen aukera handirik izan erortzen zen marmola zuri puska horren aitzinean. Azpian, hobeki erran. Herriko egunkariak biharamunean idatzi zuen: “Zoritxarreko istripua antzokian: taula zuzendaria ospitaleratua”. Ez zuten gehitu Jonek zor handiak zituela, ezta kultura-zinegotziaren emaztearekin “aferak” zituela ere. Ez zen beharrezkoa. Istripuek ez dute testuingururik behar. 

2010/12/23

Zotal egunak

Urte ondarrera hurbiltzen girela, eta nire kasuan garai aski nostalgikoak direnez, zenbait oroitzapen etorri zait gogora: gurekin bizi zen ttantta xahar batek, urte guziz sasoin honetan aipatzen zituen 'zotal egun' famatuak.




Urteko lehen egunetan (lehen hamabietan preseski), aroari zorrozki behatzen zion. Ez orenez-oren. Bainan kasik. Egunean bizpahiru aldiz bederen, egin zuen aroaren berri markatzen zuen xeheki paper puska batean. Ondotik, paper puska zimurtu hori hartu eta egutegi batean, hilabete bakoitzaren buruan, erditsuan eta bukaeran, larriki eta hitz gutxiz idatziko zuen, bere ustez eginen zuen aroa.
Sinestea baitzen, urteko lehen egun horietan egiten zuen aroa, urteko 12 hilabeteetan egin behar zuena zela, edo bederen hurbiltze zerbait.
Adibidez: urtarrilaren 5eko aroak irudikatuko zuen maiatzean egin beharko zuena. Orduan maiatzaren hastapeneko partean: eguzkitsu eta fresko idatzirik kausituko genituen. Erditsuan berriz: euritsu baina goxoa. Eta hola, hilabetez hilabete.
Zertarako? Laborantzan oinarritu gizarte horretan, urteak zer ekarriko zuen aurreikusteko, beren burua lasaitzeko, ez-usteen eta ez-beharren uxatzeko ere izatea bazitekeen, naturaren menderatzeko.
Dena izanik ere, urte osoa iragaiten genuen, egutegia sukaldeko murruan loturik, hilabetez-hilabete ezarriak ziren oharrak irakurtzen, ea amatxik egin iragarpenak gauzatzen ziren. Eta aitortu behar da hamarretatik zortzitan, arrazoin eman behar geniola.

2010/12/22

San Martineko uda

Euskal Herrian ezaguna da, zehazki azaroaren 11an eta inguru horietan ospatzen-edo baita.
San Martineko uda deitzen zuten gure aitzinekoek eta deitzen da, orain ere funtsean, garai hau anitzetan. San Martineko uda erraiten zaio komunzki, beste batzuetan entzunen dugularik negua hasten dela San Martinetan.
Pentsatzekoa da azken egun goxoak orduan gertatzen direla, udaren azken oldarra balitz bezala. Anitzetan garai horretan egun epelak izaten ditugu Euskal Herrian, hego haizea lagun, jantziak kanpoan xukatzen hedatzeko doia, leiho guziak zabalik, etxe zoko guziak airestatzeko doia eta udazkeneko ibilaldi koloretsuz, begiak azken aldi batez itsutzeko, neguko egun ilun eta hozpilen bezperan.