2010/12/23

Zotal egunak

Urte ondarrera hurbiltzen girela, eta nire kasuan garai aski nostalgikoak direnez, zenbait oroitzapen etorri zait gogora: gurekin bizi zen ttantta xahar batek, urte guziz sasoin honetan aipatzen zituen 'zotal egun' famatuak.




Urteko lehen egunetan (lehen hamabietan preseski), aroari zorrozki behatzen zion. Ez orenez-oren. Bainan kasik. Egunean bizpahiru aldiz bederen, egin zuen aroaren berri markatzen zuen xeheki paper puska batean. Ondotik, paper puska zimurtu hori hartu eta egutegi batean, hilabete bakoitzaren buruan, erditsuan eta bukaeran, larriki eta hitz gutxiz idatziko zuen, bere ustez eginen zuen aroa.
Sinestea baitzen, urteko lehen egun horietan egiten zuen aroa, urteko 12 hilabeteetan egin behar zuena zela, edo bederen hurbiltze zerbait.
Adibidez: urtarrilaren 5eko aroak irudikatuko zuen maiatzean egin beharko zuena. Orduan maiatzaren hastapeneko partean: eguzkitsu eta fresko idatzirik kausituko genituen. Erditsuan berriz: euritsu baina goxoa. Eta hola, hilabetez hilabete.
Zertarako? Laborantzan oinarritu gizarte horretan, urteak zer ekarriko zuen aurreikusteko, beren burua lasaitzeko, ez-usteen eta ez-beharren uxatzeko ere izatea bazitekeen, naturaren menderatzeko.
Dena izanik ere, urte osoa iragaiten genuen, egutegia sukaldeko murruan loturik, hilabetez-hilabete ezarriak ziren oharrak irakurtzen, ea amatxik egin iragarpenak gauzatzen ziren. Eta aitortu behar da hamarretatik zortzitan, arrazoin eman behar geniola.

Egun horiek 'zotal egunak' deitzen zituen. Eta deitzen dituzte orain ere funtsean, ohitura horri jarraitzen diotenek. Izan ere, gaurko egunean, zerbitzu meteorologikoak sekulan baino garatuagoak diren garai hauetan, oraino ere badira zaharren erranetan fidatzen diren batzuk iduriz. Nihaurk zenbait pertsona ezagutzen ditut, gure etxean besteak beste, laborariak edo ez, zotal egunetan egin aroa idatziko dutenak, larri-larri, betiko paper puska zimurtu batean eta sukaldeko zoko batean atxikiko. Zenbait solasen parada ere ematen du, neguko egun euritsu eta hozpiletan, kafe baten aitzinean egitekoak.

Behatu dut ea nunbait atxemanen nuen horien inguruko informaziorik.
Eta lehenik, oroitu naiz nola fakultateko irakasle batek, nagusiki dialektologian ari zenak, zotal egunen inguruan bildu zituenak aipatu zizkigula. Egia erran ez dut uste gaia sakondu genuenik. Baina entzun nion Euskal Herriaren beste puntan ere lekuko batzuk aipatu zizkiotela omen holakoak.
Iduriz Lafitte kalonjeak, Azkuek eta beste zenbaitek ere aipatu dituzte beren lanetan « zotalak ».
Izen desberdinak hartzen dituzte: zotal egunak, zotalak, igarregunak...
Datak ere, desberdinak agertzen dira: batzuek abendoko lehen (edo azken) hamabi egunak hartzen zituzten kondutan, beste batzuek urteko azken seiak eta ondoko urteko lehen seiak; beste batzuek oraino urtarrileko lehen egunak baina ere agorrilekoak, Bizkaian eta Nafarroan ere omen. Segur dena da sineste hau iparralde guzian hedatua zela, batzueri eta besteeri entzun izan baitiet.
Hemen duzue HABEko ikasbilen aurkitu dudan lekukotasuna, gaiaren inguruko aipamena egiten duena, biziki interesgarria.

Agian sineskeriak dira, eta sinesten duenak berea aurkituko du eta frogatuko. Agian egiazki behatu behar litekeena da. Berdin du. Nik ahapetik aitortuko dut, nostalgiaz edo sineskeriaz edo berdin transmitituaizan zaidana ez galdu nahian, aurten ere, hortik zokoratuko dudan paper puska batean zotal egunetako aroa idatziko dudala eta zenbait solasen parada emanen didala.

2 iruzkin:

Mikel Belasko erabiltzaileak esan du...

Oso polita idatzi duzuna. Gai hori biziki interesatu izan zait beti. Zure berri eman dut post honetan: http://etnomet.blogspot.com/2011/01/zotalegunak-urtarrila.html

Bea Salaberri erabiltzaileak esan du...

Milesker Mikel.
Gustukoa dut blog hori. Eta gaiari buruz sarean zegoena begiratzean zotalei buruz, blog honetan aurkitu ditut bakarrenak.
Laster arte.
;)