"HanHemenka" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
"HanHemenka" etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026/06/17

Hiltzen dute hitzek


Hitzekin egiten duzu truke, lan, jolas, irri, zernahi, egunero eta urtez-urte.
Ustea duzu hitzak direla misteriorik handiena, altxorrik ederrena. 
Badakizu hitzek diotena baino gehiago salatzen dutela beti.
Erran dizute begiratuak izatea merezi dutela, edota jario jarraikikoak behar dutela.
Haatik, kasu egin behar zenuke: 
egun batez, ustegabetarik, hitzek(in) hil baitzaitzakete.

2022/05/21

Kuraia

Kuraia, maiz, ez dugun hori da.  

Aipagai dugunean, anitzetan, senditu nahi genukeenaren inbokazioa baizik ez da. 

Gauzen erraiteko kuraia, ordu denean gauzen egiteko hura,

eta justuki ez duguna. 

Faltan dugun kuraia, ezetz erraitekoa, aski erraitekoa, dena aldatzekoa,

isilik jasatekoa ere. 


Alta, bestalde, eta beharrik, bada besteen kuraia. 

Haiek ere soberan ez dutena seguraski

edo, beharrik, dutena. 

Besteen kuraia, 

guhaurrengan atzeman ezina, 

haien baitan gertatzen dena,


nahigabe, 

edo hala beharrez, 

edo halarik ere. 


Zorionez, adoretsuak adoretsu izan daitezke, 

haien buruaren kontra eta haien buruen kaltetan barne. 


Kuraia,

besteena,

besteen kuraia, 

zeinen menpe gauden.




2017/04/16

Ganen da



Ziburuko Kaiet, beste garaietako kaian berean, hamahiru urte bete berriak. Haur bisaia gozoa, urrunera so egoki, gogoa arin, ametsetan: bihartik aitzina ez diote gehiago mutiko deituko. Bihar, “Airosa”-n itsasoratuko da, lehen aldikotz, bere adineko anai, lagun eta ezagun gehienen gisan, kriseiluaren argitan oren luzez kondatu dizkioten lur urrun eta ur izoztuen ezagutzera.

Alta, biziaz hain gutxi daki.

2010/12/23

Zotal egunak

Urte ondarrera hurbiltzen girela, eta nire kasuan garai aski nostalgikoak direnez, zenbait oroitzapen etorri zait gogora: gurekin bizi zen ttantta xahar batek, urte guziz sasoin honetan aipatzen zituen 'zotal egun' famatuak.




Urteko lehen egunetan (lehen hamabietan preseski), aroari zorrozki behatzen zion. Ez orenez-oren. Bainan kasik. Egunean bizpahiru aldiz bederen, egin zuen aroaren berri markatzen zuen xeheki paper puska batean. Ondotik, paper puska zimurtu hori hartu eta egutegi batean, hilabete bakoitzaren buruan, erditsuan eta bukaeran, larriki eta hitz gutxiz idatziko zuen, bere ustez eginen zuen aroa.
Sinestea baitzen, urteko lehen egun horietan egiten zuen aroa, urteko 12 hilabeteetan egin behar zuena zela, edo bederen hurbiltze zerbait.
Adibidez: urtarrilaren 5eko aroak irudikatuko zuen maiatzean egin beharko zuena. Orduan maiatzaren hastapeneko partean: eguzkitsu eta fresko idatzirik kausituko genituen. Erditsuan berriz: euritsu baina goxoa. Eta hola, hilabetez hilabete.
Zertarako? Laborantzan oinarritu gizarte horretan, urteak zer ekarriko zuen aurreikusteko, beren burua lasaitzeko, ez-usteen eta ez-beharren uxatzeko ere izatea bazitekeen, naturaren menderatzeko.
Dena izanik ere, urte osoa iragaiten genuen, egutegia sukaldeko murruan loturik, hilabetez-hilabete ezarriak ziren oharrak irakurtzen, ea amatxik egin iragarpenak gauzatzen ziren. Eta aitortu behar da hamarretatik zortzitan, arrazoin eman behar geniola.