Etxeko zoko-moko guztiak harrotu eta altxatuak izan dira eta gela guziak freskatu edo berrituak izan dira.
Amatxi Maianaren herentziaren akta sinatu orduko, poz eta kemen izugarriez gainezka egin zuen Maialenek. Berehala lotu zen berritze lanei.
Dagoeneko, Maialenek gela bakoitza hustu du, ordenatu du, garbitu du, tindatu du. Orduz geroztik, sukaldea txukun ezarri du, logelako paretak tindatu ditu, garbigelan konponketa eginarazi eta ezkaratza handia egongela bihurtu. Dena bere gustura ekarri du. Salbu sotoa. Batean beste gela batekin nahiko lan zuela, bestean ez zuela hainbeste espazioren beharrik beretzat bakarrik, oraino bestean egokiena zela zuzenean txatar-biltzaileen etorraraztea, haiek dena hustu eta eraman zezaten, eta azkenean, deus ez. Sotoa oraino ez du ireki ere.
Baina aldi honetan, proiektu berriak ditu eta azkenean arkitektoak data finkatu dio Maialeni. Ez dio bakarrik garai batean etortzea hitzeman, data zehatza eman dio. Eta, berez, hori lorpena da. Beraz, orain, jada, noizbait beharko du sotora jaitsi, nahiz eta dena egin duen orain arte, bederen, momentu hori gibelatzeko.
- Hautsi behar da, ez da beste erremediorik -erran du, sotoko atea kondenatzen duen giltzarrapoari begira- Zergatik ote behar zuen gela honek horrela gakotua?
Han eta hemen
... beti zer ikus eta zer entzun, beti zer ikas eta zer erran.
2026/10/26
Sotoa
2026/07/19
Moleskina
Periko lankideak erretreta hartu zuen egunean izan zen. Karneta bat erosi nuen. Jabetu bainintzen, hogei urte elkarrekin pasatu ondoan, haren ekarpenak ez nituela gehiago bidelagun izanen. Beti ziren aberasgarriak haren solasak. Sosegua eman zidaten, konfiantza. Iraunarazi ninduten. Arimaraino hitz egin zidan.
Gordailua behar zuten Perikoren erranek baita nahigabean kurutzatuek eskaini gogoetek. Ez nintzen ene memoriaz batere fida.
2026/06/23
Usaian bezala
Ez nuke jakinen erraten noiztik jiten naizen Baionako bestetara. Baionako ikastolek Montaut plazan karrikaldia egiten zutenean, jadanik hor nintzen, lan txanda guztietan oren luzeak iragaten nituen, zangoen gainean ontsa bermaturik. Geroztik, badu aspaldi Portes karrikara jaitsiak garela.
"Ale Püpüz, goazen!"-entzun eta ezin izan dut ezetz erran. Furgoneta zahar batean jin naiz gaur, Santespirituko kaskoetatik Portes plazara. Arratsaldeko hiruetan hemen utzi nau txoferrak eta sakreka urrundu da: orain kaka beltzaren erdian omen dela furgoiaren aparkatzeko, ez dela metro karratu bakarra libre espaloietan, eta Biarritzeraino joan beharko agian!
2026/06/17
Hiltzen dute hitzek
2026/05/25
Gaur igandea da
Gaur igandea da. Pozik eta arin atera naiz. Eta egunero ez bezala, gaur ez zait leihora agertu.
Zakar poltsa edukiontzira eramateko atera naizenean, pareko egoitzako 3. solairuko leihoa hutsik ikusi dut, hura gabe. Goiz orotako miraria ez da gertatu ahal izan. Eta tristatu naiz. Gainera, ataria eta egoitza ingurua ez didate ikusten uzten hor diren furgoiek eta mugimenduek, ezin ikusi, beraz, hor gaindi denetz.
![]() |
Visage à la main sur fond rouge - Fernand Léger 1950 |
2026/05/17
Istripua
Denek erran zuten istripua izan zela.
Hori da beti erraten dena, zerbait azaldu nahi ez denean.
Marmola faltsuzko zutabe greziarra eszenatokiaren gainera erori zen. Zutabe greziarra, eszena apaintzen eta zedarritzen zuena. Kontzertuaren bezperan.
Hori da interesgarriena: dekoratua suntsitu zen, ez artista. Azpian bazen Jon, baina Jonek ez zuen aukera handirik izan erortzen zen marmola zuri puska horren aitzinean. Azpian, hobeki erran. Herriko egunkariak biharamunean idatzi zuen: “Zoritxarreko istripua antzokian: taula zuzendaria ospitaleratua”. Ez zuten gehitu Jonek zor handiak zituela, ezta kultura-zinegotziaren emaztearekin “aferak” zituela ere. Ez zen beharrezkoa. Istripuek ez dute testuingururik behar.
2026/05/01
Monokromoa
2022/05/21
Kuraia
Kuraia, maiz, ez dugun hori da.
Aipagai dugunean, anitzetan, senditu nahi genukeenaren inbokazioa baizik ez da.
Gauzen erraiteko kuraia, ordu denean gauzen egiteko hura,
eta justuki ez duguna.
Faltan dugun kuraia, ezetz erraitekoa, aski erraitekoa, dena aldatzekoa,
isilik jasatekoa ere.
Alta, bestalde, eta beharrik, bada besteen kuraia.
Haiek ere soberan ez dutena seguraski
edo, beharrik, dutena.
Besteen kuraia,
guhaurrengan atzeman ezina,
haien baitan gertatzen dena,
nahigabe,
edo hala beharrez,
edo halarik ere.
Zorionez, adoretsuak adoretsu izan daitezke,
haien buruaren kontra eta haien buruen kaltetan barne.
Kuraia,
besteena,
besteen kuraia,
zeinen menpe gauden.
2020/04/03
Goizalde beltzarana - Franck Pavloff
Hankak luzaturik, eguzkitan, Charlie eta biek ez genuen egiazki hitz egiten, gogora punpeka zetozkigun gogoetak trukatzen genituen, besteak bere aldetik kontatzen zuenari kasu gehiegi egin gabe. Une atseginak ziren, kafea edanez iragaten genituenak, denbora luzatzen utziz. Txakurra xixta arazi behar izan zuela erran zidanean, kontuak harritu ninduen, besterik gabe. Gaizki zahartzen den ora beti da tristea, baina hamabost urteren buruan, goiz ala berant hilen dela gogoan izan behar da.




