2026/06/23

Usaian bezala


Ez nuke jakinen erraten noiztik jiten naizen Baionako bestetara. Baionako ikastolek Montaut plazan karrikaldia egiten zutenean, jadanik hor nintzen, lan txanda guztietan oren luzeak iragaten nituen, zangoen gainean ontsa bermaturik. Geroztik, badu aspaldi Portes karrikara jaitsiak garela.

"Ale Püpüz, goazen!"-entzun eta ezin izan dut ezetz erran. Furgoneta zahar batean jin naiz gaur,  Santespirituko kaskoetatik Portes plazara. Arratsaldeko hiruetan hemen utzi nau txoferrak eta sakreka urrundu da: orain kaka beltzaren erdian omen dela furgoiaren aparkatzeko, ez dela metro karratu bakarra libre espaloietan, eta Biarritzeraino joan beharko agian!
Geroztik hor naiz, eguzkitan egosten, Portes plaza mineral zuri eta biluziaren erdian, talo lan txanda noiz hasiko zain. Langileak pirka-pirka hurbiltzen dira, urrundik begiratuz, ea beste kiderik hor denez beha. Hobe aski izatea laneko, hastekotan, lauren artean dena muntatzea, plantxak mugitzea, garagardoak hozten ezartzea eta beste, ez baita goxo.

Denak gogotik etortzen dira, taloak egitera, haurrengatik, haurren baldintzengatik, gurasoen moltsak ez husteko ikasturte guztian zehar iparralde guztian, diotenez, handienak diren kotizazioak ordainduz, euskararen alde, noski, oroz gainetik besta handi bat delako.

Bizkitartean, arratsalde osoko sargorria jasatea bizpahiruren artean, hori ez. Alta, jakina da muntaketa eta desmuntaketa graziarik gabeko lanak direla, zamari zereginak.

Carole heldu da, kasik tenorez. Arduraduna agurtu du, argiki seinalatuz bere burua, ez dezan nehork erran ez zela tanko tenoreko, eta ostatua ezin muntatuz ari diren lan txandako kide bakoitzari hitz goxo bat zuzendu dio. Gero, pleinitu da etxetik ateratzean ez dituela zapata egokiak hautatu: berehala joanen da aldatzera eta txankleten ordez tenisa zuriak ezartzera, di-da eginen duela eta berehala hor izanen dela dio, bi karrika urrunago bizi izanki. Hemendik bi orenetara agertuko dela badakigu denek, aitzakiaren apustuak libre. Hona lau proposamenak: a-jende gehiegi da bere karrikan, b- aspaldiko familia kideak gurutzatu ditu, c-justu xuxen amak telefonoz deitu dio, d-tenisak zikinak zituenez berriak erosi behar izan ditu. Dena dela, txandaren erdia iragana izanen du itzuli orduko.

Arratsaldeko lauak eta erdiak aldera heldu da Filipe, suak piztuak eta plantxak jada berotuak direnean. Honek bere burua plantxaren-errege auto-proklamatua du. Gaur jina da, usaian bezala, amantal zuria heldu aitzin jantzirik, lanerako gogotsu dela adieraziz eta bide beretik argi utziz bera ez dela ariko salmentan, ez logistikan, ez upel mugitzen batetik bestera, baizik eta bere-berea duen lekura joanen dela zuzen, eta gehitu du "Püpüz plantxaren aitzinera". Hala. Eta gainerakoak, pusa zaitezte hortik nahi duzuen lekura... Heldu orduko, gainerako aita-amak agurtu ditu "azkena!" oihukatuz: hamabi urte eginak dituela azaldu du gero, bi haur-aldi ikastolan. Eta egon naiz pentsaketan zer ote den hori bizi batean? Deus ere ez!
Filipe ez zen hor muntaketa egin behar zen orduan, etorri da, izar bat bezala, bere aldiko tenorea izan denean, eta sarri, joanen da gisa berean, eskuak airean inarrosiz eta erreberentzia bat eginez.

Ene ondoan, Jean-Michel isilik dago arteki xerrak erretzen begiratuz eta espatulaz kitzikatuz, Filipez jelos. Jean-Michelek ere azken urtea zukeen aurten Baionako bestetako standean, bere hirugarren haurra, bigarren mailako bosgarren urtean izanki, ikastola utzirik kolegiora joanen baita datorren sartzean. Duela hiruzpalau urte, atzera kontua egiten hasia zen jadanik, ordukotz, hiru haurren artean, Oihana ikastolako guraso gisa hamabost bat urte nonbait han eginen baitzituen; eta horra non emazteak laugarrena bidean zutela jakinarazi ziola! Mirena esterileta espantatu zien ginekologoa madarikatu zuen orduan, ahapetik, noski, emazteari salatu gabe nagusitzen ari zitzaion panikoa. Putxas, erran nahi du beste zortzi urtez hor izanen dela! Erotzekoa zaio, ohartu baita balitekeela aitatxi gertatzea eta oraino azkena ikastolan egotea! Eta gogoetak urrunago pusatuz, bururatu zaio iloba eta osaba batera izan daitezkeela ikastola berean. Gogoeta horiek eragindako herstura gainditzeko, plantxaren beroaren aitzakia jarriz, garagardoa hustu du trago bakarrean.

Ramuntxo mojito tupinatara baten prestatzen jarri da. Aitzineko urtean bezain kargatua ez egitea galdegin diote saihetsetik, irria ezpainetan, beroaldi hura oroituz, eta aldi berean espero izanez ron botila osoa lerratuko dela tupinara. Segur da: bigarren errondatik goiti, koktela irentsiko duten talo erretzaile guztiek begiak dir-dir izanen dituzte.

Cyril eta Marlène izan dira lehenak zeini Ramuntxok mojito baso arras arte betea eskaini dien. Egia da aspergarria direla: aurten ere, usaian bezala, ez dira denak bezala zuri eta gorriz beztitu. Tradizioaren izenean, historiaren errespetuaren izenean, aniztasunaren alde, urdinez beztitu dira. Niri iruditzen zait ekimen polita, eta bistarentzat atsegina. Hainbeste zuri eta gorri ikustearen bortxaz bista lausotzen baitzait. Problema da, haien kontra jotzen duela azalpen luzeak eta aipamen historikoak eman behar izanak. Gainerakoek berdinak eta beti bezalakoak izan nahi baitugu: zuriak, gorriak eta ez sobera zikinak.

Carole itzuli da. Lan txandan langile anitz badela uste du, gehiegi, kliente gutxiegirengatik. Lan gunea zeharkatu du garagardo bat eskutan eta zigarreta ezpainetan dilindan, kalaka gorrian aritzera joateko pausatxo bat egiten ari diren Magali eta Stéphanierekin.

Bea ez dut ikusi heltzen. Ohartu naizenerako, jadanik estrategikoki kokatua da, urte guztiz bezala Gaztelu Zaharraren paretaren oinean. Hamar euro jokatuko nituzke, euskalduna izanik salmentan aritzea proposatu diotelarik, elkorra dela erantzun diela. Baina nik, engoitik, badakit egiazko arrazoia dela zainetan jartzen dela zerbitzari lanetan eta ez dela dioten bezain jendekina. Gainera, ez du soportatzen euskaldun izateagatik zerbitzu lanetan egotearen ideia, gainerako guztien eskasiak estaliz eta oraindik euskara ikasteko indarrik egin ez dutenei arrazoi emanez. "Joan daitezela gau eskolara!" Hala botako lieke ausartuko balitz. Horren ordez, txoko batean murruaren kontra plantatu da eta ganibeta eskuan zirri zarra zitzi puskak maneatzen eta mozten ditu, zaflak bereiziz hara eta hona. Irriz ari da bitxiki bere txokoan: erabilgarria, are gehiago, inportantea iduritzen zaio jakitea haragi zaflak, eta beraz gorpuzkiak, nola desagerrarazi, halaxe dio bere buruari. Berehala, lukainka puska bati lotu zaion liztor asiatikoa aztertuz, gogoeta filosofikoan murgildu da: "gero eta gehiago diren beganoen gorpuzkiak, barazkijaleenak izanik, noraino dira oraindik ere haragi?"

Peio eta Patrick, beti, urtez urte, garagardo tiratzailean dira. Horrela da. Kontua ez da galdezkatzen. Bokak, katxiak eta erdiak lerroan ateratzen dituzte, apar kantitate egokiari buruzko tesiak urtez urte garatuz eta azalduz, sistematikoki, ikastolako aita-ama berri bakoitzari. Zer ginateke Peio eta Patrick gabe? Ezjakin hutsak, seguraski.

Mirenek, 'Miren ederra'-k dioten bezala, nire gibelean gasna xerrak mozten ditu makinan, pruntki eta garbiki, eta ondotik gasna xaflak lore petaloen moldean ezartzen ditu, denak gisa berean, itsusia deritzon aluminiozko plater arrunt batean, nahiz eta ondokoak etengabe errepikatzen dion debaldeko lana dela, talo egileek nola nahika hartzen dituztela ogi-artera sakatzeko. Usaian, Mirenen senarra jiten bada zerbitzari lanak egitera, atorra birjinal ongi lisatua jantzirik, aurten joan behar izan du Parisera konferentzia bat ematera ISO9999 norma neurriei buruz eta zerbitzuen eraginkortasun protokoloen ebaluazio irizpideei buruz. Zer nahi duzue, ez da denetan izaten ahal! Eta ez zuen ukatzen ahal joatea esplikatzera Total, Nestlé edota Zerga-etxeetako arduradunei nola sortu duen dirua aurrezteko eta langileen denbora optimizatzeko kalitatezko process delako bat. Mirenek, bere azalpenak ematean, process hitza erran du bi eskuez aireko kakotxen puntuazioa mimatuz. Mirenek senarraren lanaren garrantzia eta arrakasta nahiko lituzke aipatu, baina sinpletasunaren karta jokatu eta lan dorpe eta bakartiaren nekea azpimarratu ditu, eta aise nahiagoko lukeela hemen egon momentu honetan, hizkuntzaren eta haurren alde eta konpainian onean. Bistan dena... 

Cécilek proposamen interesgarria egin du: heldu den urtean, ura saltzen entseatu behar genukeela. Baionako ostalariek alkoholaren parioa egiten baldin badute, guk urarena egin genezakeela esplikatzen du eta marjina ikaragarria egin genezakeela. Irabazi handia aski ez balitz, gehi genezake baimen berezirik ez dela behar horretarako, edari alkoholdunen kasuan ez bezala: dirua errazki irabazteko plan handia zaio. Bizkitartean, jadanik zazpigarren mojitoa edo hamabosgarren garagardoa edan dutenek ez dute arras berdin ikusten. Ikusiko dugu heldu den urtean. Edo ondokoan... Berant da jadanik, bihar aipa daitekeen kontua da.

Mikrofonoan Baionan Kantuzeko Willemek kontzertuaren bukaera jakinarazi du. Beti bezala. Eta irri karkaila zorrotz bat entzun diogu, gero, biharko hitzordua jarri ondoan.

Laster helduko da dena biltzeko tenorea, olde zuri-gorria bereiziko baita laster, eta lekua utziko jende aldi hordiari. Ez da deus onik gertatuko hemendik goiti, eta istantean, pareko egoitzan kokatua den sokorri taldearen joan jinak azkartuko dira.

Miren-ederrak txanda utzi du, momentu batez dioenez, larrain dantzatzera joateko artean. Bere gisan, bazterrak biltzeko eta garbitzeko ordua hurbildu arau, batzuk desagertuko dira. Eta betikoak geldituko dira tupinen ipurdien torratzen. Usaian bezala. 

Preseski, tresneria garbitzea aipatzen baitugu, bi ur balde ekarri dizkidate ondora, horiek berotu beharko ditudalako. Usaian bezala, eginen dut. Eta gero goaitatuko dut furgoneta ekar dezaten berriz alde honetara, etxera itzultzeko. Eta bihar berriz haste!

Ez dut hauturik.
Ez dizuet erran: plantxa soil bat naiz. Püpüz deitzen naute zenbaitzuek. Itzalean bizitzen ikasia naiz urte guztian zehar, betiko etxea dudan Oihana ikastolako soto batean. Ez nekike erraten noiztik etortzen naizen Baionako bestetara, bakarrik Montaut plazako garaian jadanik hor nintzela. Ez dakit zenbat talo ikusi ditudan pasatzen, ez dakit zenbat haur belaunaldiren mahai eta aulkiak ordaindu ahal izan diren niri esker. Aldiz, badakit, txanda guztiak, egun guztiz, urte guztiz, aski berdintsuak direla, usaiakoak hots. 



iruzkinik ez: