2026/07/19

Moleskina

Periko lankideak erretreta hartu zuen egunean izan zen. Karneta bat erosi nuen. Jabetu bainintzen, hogei urte elkarrekin pasatu ondoan, haren ekarpenak ez nituela gehiago bidelagun izanen. Beti ziren aberasgarriak haren solasak. Sosegua eman zidaten, konfiantza. Iraunarazi ninduten. Arimaraino hitz egin zidan. 

Gordailua behar zuten Perikoren erranek baita nahigabean kurutzatuek eskaini gogoetek. Ez nintzen ene memoriaz batere fida. 

Liburuekin antzera egiten nuen jada. Apaletan ez zitzaizkidan gehiago kabitzen. Sakrifikatu behar
nituen erregularki, arras gogoz kontra. Ahal bezainbat atxikitzen nituen, halere, bazelako haien baitan “zerbait”, pasarte bat, anitzetan erranaldi soila. Egia edo eternitatea katibatu zuen ele katea. Eszenek bat egin zuten niregan nuen paisaiarekin, hormak bozari oihartzun egiten dion moldean, hitz eta doinuz beztitu zituzten barne korapiloak. Gisa bera izan zen Perikoren behatzea. Printza horiek denak galduko ziren ez banituen nonbait idazten. Ez banintzen gauza irakurrien gogoan atxikitzeko, pentsa jendearen erranak! 

Berehala, hiriko papeteria famatuenera joan nintzen. Kaier eder eta finei  so egon nintzen luzaz. Hautu onaren menturan. Moleskine polit bat ikusi nuen eta pentsatu ene burmuinaren zoko mokoetan kabituko ez zirenen gordailua izan zitekeela, halako memoria-tranpa landu modukoa. 

Aski handia hartu nuen baina ez handiegia. Zaku zolan atxikitzeko gisan. 

Aitortzen dut karneta hautatu nuela itxurarengatik, koloretsua eta bizia, barnean denetarik izkiriatzeko: poza eta kexa, perfidia, zinismoa, leialtasuna… 

Azalean, hiriko eraikinen gailurretik bada norbait biziari so, lubakietan gertatzen denari beha bezala: nihaurren burua ikusi nuen han. 

Perikorengatik ez ezik, gurutzatuko nituen probidentziazko guztiengatik ere, prezioari ez nion kasurik egin eta dendatik atera nintzen zoriontsu eta aldi berean lotsati: orain idazle handi guziek bezala banuen ene “Carnet de Molesquine” pertsonala, ni ere banintzen, potentzialki, zerbaiten jasolea.

Mundua xinaurritegia da. Xinaurri errari, gorri ala zamari, denek dute noizean behin zerbait ohargarri. Jasotzen ditut banaka, jin ahala, ahanzturaren zirimolak irentsi aitzin: hitz xehez, ez hutsez, une xuhurrak, pizten nautenak, ene baitako zelula bakoitzari mintzo zaizkienak.

Eta sosegu beharretan naizelarik, hementxe dut, eskupean. 

Ez dut gehiago deus galduko. Biziak gertatzen segitzen ahal du. 


EIE, Zipriztinak, 2021-22, moldatua


iruzkinik ez: