2019/05/02

Hurrup eta pitz


Txokolate esne kikarakada irakina ezpain ertzean, hats-bete hagun zuhail hurrupatzeak jende arteko bakardadea piztu dio iheslariari eta bere baitarako leihoa zabaldu.
Zintzurrean irristatu zaio isurki bero gizena,
papoan beherako bidean sumindura.


Kikara saihetsean duen txokolate laukia hortz artean kraskatu du gero:
terriblea da txokolatearen karraska gorra,
isiltasuna sortzen duen harrabotsa da,
ingurukoen joan jina ezabatzeaz gain, hitz galdu eta zaratak oro galarazi ditu.

Ore mikatz likatsuak aho sabaia estali dio, zapore bortitzak libratuz,
gordinak,
igaro lurrak bezain, zeharkatu urak bezain,
sorterriko lur-hautsaren idorra etorri zaio gogora, hango ibaiaren gozoa,
eremu kiskaliak ere, harri erreen urrin mingotsa.
Noizbait, artetik,
sendien hazpegiak antzeman ditzake, soinuak,
herriko hitzak,
landareen izerleka lurruna
Erreposki murtxikatuz, aulki zabalean urtu da,
emeki.
Pasta suabea edari trago batez bultzatu du
barnago
Hondoratuz masa baketsu kartsua.

Eta txokolateak lur eman dio erbesteari, istant batez,
beltzaun, garratz, berpizgarri, bidaiari berriz heldu aitzin.
Zenbat eskualde kurritu ote ditu?
Hau da gaurkoa, bihar beste portu bat.
Oraino hiru dira iragateko mugak:
brauki zabaldu ditu begiak,
kikara huts epeldua ferekatu du,
egiaztatuz,
edalontziaren gisan,
hor dagoela oraindik.

Kapritxoak ez du mundua aldatu,
jasangarriagoa bihurtu bai.
Amets ale.
Tregua motz.
Indar jariatzaile.

Txokolaterik eskura izanen duguino bizirauten ahalko dugu.



Kikarakada
Etorkinen aldeko egitasmoarentzat 
2019ko maiatza

iruzkinik ez: