Duela zenbait aste, galdetu zidaten idaztea (frantsesez) gaurko egunean erabiltzen ditugun hurbilpen pedagogikoez hizkuntzen irakaskuntzan (helduei), Europako Markoak (EEM) ekarri berritasunez eta horiek nola islatzen ziren gure inguruko irakaskuntza ereduetan. Gogoeta hori euskarara itzultzea eta hemen jartzea erabaki dut, probetxurik izan edo ez, bederen ez dadin gal. Halere ez nezake erran ea EEMk ekarri dituen egimolde hain berriak.
Ez nintzen idatzi nuenaz hain kontent, baina momentukotz eman dezakedan maximoa denez, horretan utziko dut, geroago behar bada moldatzeko.
Gaurko egunean agertzen diren hizkuntza irakaskuntza metodo gehienek (batez ere FLE eta inglesaren irakaskuntzakoek) aldarrikatzen dute EEMren irizpideen betetzea eta ekintzetara bideratuak eta “akzionalak” izatea. Hau da Christian Puren didaktikalariak definitzen duen eredu komunikatiboaren ondorengo gisa datorren ildo “akzionalean” kokatuz; azken hau Puren-ek berak duda anitzekin aipatzen du kokatuz gehiago ikuspegi komunikatiboaren bilakaeran batean, bere baitako ildo gisa baino. Oraintxe aipatu metodo horien artean, gehienek proposatzen dituzten aktibitateak, komunzki “atazak” deituak (anitzetan ez direlarik hala ene iduriko), oraindik hurbilpen komunikatiboetan dira bete betean eta klasearen baitako simulazioen mailakoak, zeinetan ikasleak ikasten duen eta irakaslea erreferente bakarra den.
Gaia kokatzeko, ez da ahantzi behar Europako Markoa europarrek egina izan dela, europarrentzat. Europar zentratua da eta markatzen dituen zenbait gogoeten argira, ematen du argiki hizkuntza nagusien irakaskuntzari begira dabilela (ez hizkuntza gutxitu edo hedadura gutxikoekin). Horretaz aparte, ikuspegia du inplizituki hizkuntzak beren jatorrizko herrietan ikasiko direla, hau da frantse batek espaniola ikasiko duela Espanan.
1992tik garatu eta 2001ean publikatu Europako Markoak (EEM) honela dio irakaskuntzaren ikuspegiaz:
“hizkuntzen erabileraren eta ikaskuntzaren ikuspegi oso orokorra eman behar duela erantsiko dugu orain. Lan honetan erabili dugun ikuspegia, oro har, ekintzan oinarritzen da, gizarte-eragiletzat hartzen baititu hizkuntza bat ikasten diharduten erabiltzaile eta ikasleak; hau da, egoera jakin batzuetan, ingurune espezifiko eta jarduera-arlo jakin batean, zeregin jakin batzuk (ez soilik hizkuntzarekin lotuak) bete behar dituzten gizarteko kidetzat. Hizketa-ekintzak hizkuntzaren jardueretan gauzatzen diren arren, gizarte-testuinguru zabalago baten osagai dira, eta testuinguru horrek berak ematen die esanahi osoa.”
Artetik argiagoa baizik ez dena frantsesezko bertsioan (Mea Culpa):
« Un cadre de référence doit se situer par rapport à une représentation d’ensemble très générale de l’usage et de l’apprentissage des langues. La perspective privilégiée ici est, très généralement aussi, de type actionnel en ce qu’elle considère avant tout l’usager et l’apprenant d’une langue comme des acteurs sociaux ayant à accomplir des tâches (qui ne sont pas seulement langagières) dans des circonstances et un environnement donné, à l’intérieur d’un domaine d’action particulier. Si les actes de parole se réalisent dans des activités langagières, celles-ci s’inscrivent elles-mêmes à l’intérieur d’actions en contexte social qui seules leur donnent leur pleine signification. »
Horrek konkretuki zer suposatzen du irakaskuntzaren aldetik, zein dira orain arte ezagutu diren metodo eta ikuspegi komunikatiboekin diren desberdintasunak?
Azken hilabeteetan gauza frango irakurtzeko parada izan dugu horretaz eta iritzi biziki kontra jarriak jaso daitezke gaiari buruz: hala nola ez dela gauza handirik aldatzen, aldatzen dela frango, ikuspegi berritzailea dela edo alderantziz lehengo ikuspegi horren garapen berritua baizik ez dela.
Irakasle lanetan ari denarentzat, hau da lan biziki konkretuak burutzen dituenarentzat, azken garai hauek eta diskurtso kontrajarri horiek ez dute batere laguntzen kokatzen bai EEMk, bai bestelako idazkiek zabaldu ideien praktikara eramaten.
Metodologia komunikatiboek oinarritzat duten paradigma (Edgar Morin-en definizioaren arabera, ideia handi bat zeinen gain oinarritzen diren gure beste ideia guziak) orohar simulazioarena da: alegia egiten dugu, rol bat jokatzen dugu, egiten dugu tren txartel bat erosiko bagenu bezala, egin ez dugun bidaia bat kondatzen dugu, jokatzen dugu eriarena eta medikua deitzen (ez garelarik eri) eta holakoak. Eta simulazio horiek guziak hamarretatik zortzitan hizkuntza jarduera mailakoak dira eta klasean berean garatzen. Horrela, ikasleei eginarazten dizkiegu afitxak, traktak, erakusketak eta hori guzia klasearen baitakoa gelditzen da, hots simulazioa da. Hori da ikuspegi komunikatiboaren aplikazio pedagogikoa eta ez du hainbeste ikustekorik ikuspegi akzionalarekin (edo ekintzetara bideratu ikuspegiarekin). Motibazio gutun bat idazten dugunean, ez badugu igortzen, simulazioa da, komunikatiboa (eta horretan ona da eta emankorra irakaskuntzaren ikuspegitik) baina ez akzionala, akzionala litzateke lantoki batera bidaliko balitz eta norbaitek erantzunen balio, hots elkarreragin sozial bat sortuko balitz.
Sinplifikatzeko, ekintzetara bideratu ikuspegi hori gauzatuko litzateke (elkar)ekintza sozial erreal baten bitartez.
Begiratzen badugu gune kanadiar hau Missions Virtuelles, horrelako egoerak definitzen ditu: zure irakasleak dioenez zure eskolan ez dela joko eta baliabide ludiko anitz, horrelakoen erosteko ez duenez dirurik, proposatzen dizu baten sortzea.
Taldean, ataza batean, joko arauak idatziko dira eta bestalde, ikasle bakoitzak badu hizkuntz jarduera bat burutzeko, ataza bat, eta helburutzat sortzea ariketa sorta bat (galdera erantzun moduko joko bateko zati bat). Ataza horretaz aparte, taldekideen artean banatuak izanen dira hainbat rola: bilduma eginen duen kidea, galdera/erantzunak egiaztatuko dituen kidea, ortografia egiaztatuko duena, guziari forma (grafikoa) emanen diona, kutxa baten egitea jokoa biltzeko).
Bukaerako ataza gauzapen konkretu bat da, Trivial Pursuit motako joko baten sortzea eta eskolako apaletan ezartzea, taldearentzat balioko du edo beste talde batzuei prestatzen ahalko zaie. Ataza honetan badira hizkuntz jarduera batzuk eta bestelako jarduerak (kartoinezko jokoaren diseinua eta muntaketa, kutxa baten egitea...)
Gogoan izan behar dira hainbat parametro,
- Ekintzetara bideratu ikuspegia ez doa ikuspegi komunikatiboaren ordezkatzera. Azken hauek gelditzen dira, kasu gehienetan, ikuspegi pedagogiko egingarri bakarra. Ekintzetara joateak, ahal denean, aberasten du eta osatzen ikuspegi komunikatiboa.
- Atzerriko ikasle batentzat, adibidez espaniola ikasten duena Espainian, eragile soziala izatea, elkar-ekintzak burutzea natibo batekin sinplea da (teorian, praktikan luza gaitezke gerta daitezkeen zailtasunetan). Londresen bizi den batentzat, espaniola ikastea, konplikatuagoa izan daiteke. Gauza bera Euskal Herrian, zeinetan hizkuntza minorizatua den, leku batzuetan oso gogorki, oraindik zailagoa bilakatuko da lekuko hiztunen atxematea eta hauekin ekintzak burutzea.
- Ataza bat (ikuspegi akzionalean) are gehiago amaiera ataza bat (definizioari begiratuz) ekintza anitzen konpilazio konplexua da (deituko direnak mikro-atazak, azpi-atazak), mobilisatzen dituzten gaitasunak ez dira baitezpada hizkuntza mailakoak, eta helburutzat du lan konkretu baten gauzapena. Aldiz, klasean burutzen diren lanak, nagusiki, sinpleak dira eta hizkuntza jardueraren mailakoak orohar: eztabaida bat, rol-joko bat, informazio trukaketak, testu osaketak.
Horiek hola nola egin gure jarduera “akzionala” izateko, hau da ekintzetara emana?
Erantzun anitz posibleak dira. Nire iduriko,hasteko, soluzio sinpleena eta agian eskuragarriena denentzat, internet da. Foro batean komunikatzea, eztabaidatzea, jatorrizko hiztunekin trukatzea, idatzi “komunikatzeko” eta ez bakarrik irakasleak zuzendurik izateko: ikaslea eragile sozial oso eta autonomo bat bihur daiteke aski errazki, ikasle rola utziz (ez da gehiago ikasten duen makina bat, hori baino gehiago da)
Bada gune bat horrelako trukaketak bultzatu nahi dituena, ikasle eta hiztun natiboen artean: Babelweb (www.babel-web.eu). Mugak ditu: hasteko parte hartzaileak erakartzea gunera, parte hartzea bultzatu, ... baina alde on anitz ditu, hala nola ikasleek auto zuzenketa anitz egitea, kasu handiagorekin sortzea testuak, ... eta lotura sozialak ere eragitea. Antzeko zerbait gertatzen da “TwittClasse” deitu ikastaldekin.
Mundu idealisatu batean, bultza genitzake taldeak ibiltzera foroetan, Facebook-en, ... baina gutarik zenbat saiatzen da? Eta saiatzen direnen artean, zenbatek lortzen du? Ez dugu denek internet eskura klasean, ez gara guziak trebeak eta, aitor dezagun, denbora behar da ere doi bat gehixeago.
Beste molde batzuk badira ere ekintzetara bideratzeko ikaskuntza. Gogora jiten zaizkit, nolaz ez, ikaskuntza- profesionalean dabiltzan ikasleak (gurean xede taldeak deituak, beste lekuetan FLE, FOS, FOU motako sailetakoak). Ikasleen helburua kondutan hartuz bideratzen dira ekintzak (izan daitezke erabilpen profesionalean kokatuak, ekintza berezi batzuei buruzkoak, lan arlo batzuetakoak, ikasketak egiteari begirakoak, etabar...). Talde hauetan bai errazagoa dela, erabilera eremu konkretu bat eta zeregin profesional zehatzak ukanik, ekintzetara bideratzea eta ataza konkretu/ errealak egitea.
Haratago honelako kasuetan, ikaskuntzaren oinarria eta helburua bera denez erabilera-sozial hori, hasieratik ikuspegia ekintzetara bideratua da, akzionala da, irakaslearen misioak lan horien euskaraz burutzeko gaitasuna garatzea eta lanen burutzea bera baitira. Kasu hauetan, ikuspegia komunikatiboa da eta gainera ekintzetara doa, ikasgelan burutzen da ikaskuntza eta kanpoan ere, ikasteko burutzen direnak atazak bezainbat proiektuak dira. Talde eta ikaskuntza mota honi begira ahal denean ezin aproposagoa da proeiktuen bidezko irakaskuntza: proiektuek zinez ahalbidetzen baitute orain arte aipatu ataza errealak, hizkuntz jardueretatik bestelakoen burutzea, kontestu errealean aplikatzea eta abar... Ez da bakarra izanen dudarik gabe.
Kontu hau, zalantzarik gabe, nekez agertuko da metodo batean edo irakaskuntza material eginak presten artean, galdegiten dutelako ikastaldeari baita ikasle bakoitzari egokitzea, bere eginkizun pertsonalak zein diren, bere gustuak, bere proiektu pertsonala nolazpait zein den kondutan hartzea eta holakoak. Beraz aktibitate pertsonalisatuak pentsatzea dakar, nekez izan daiteke prefabrikatua edo bideratua homogeneoki.
Deus ez da hain sinplea, xuri ala beltz, on ala gaitz. Baina zerbait egitea on da.
Labur bilduz, indar bat eginez gero, definitzen den ekintzetara bideratu ikuspegi hori hunki dezakegu gure ikastaldeetan eta ez da dioten bezain berria azken finean. Ikasleak eramaten ditugunean joko baten egitera, arazo baten aterabidea atxematera, ... ahanzten dute hor direlako ikasteko eta burutu nahi dutena proposatzen diegun aktibitatea da, produktiboagoak dira, bada lehia kotsua ere pizten dena (zentzu onekoa, emulazioaren mailakoa), sortzen dituzten lanen bitartez beren burua balorisatzen dute beste gisa batez. Molde berean, interneten ibilki direnean, informazio bila, idazten, galdera batzuei erantzuten.. ahanzten dute euskaraz irakurtzen dutela, zentratuak dira burutu beharreko ekintzan.
Klasetik ateratzea eta harreman sozialak burutzea ikasten ari garen hizkuntzan ez da beti egingarria. Halere ahalegindu behar dugu ikasleak beren ikasle-roletatik ateratzen, berriz bilaka daitezen “pertsona arruntak”, izaki sozialak. Orduan sinpleagoa bilakatzen baita dena: komunikatzea, ikastea, saretzea.. eta irakastea.
Ekintzetara bideratu ikuspegia hori baizik ez da, gaurko eginmolde eta metodoetan ez dut besterik ikusi behintzat, ikasleak berriz bilakarazi aktore sozialak, atazak edo eginkizun konkretuak burutzen dituztenak, pentsatu gabe ikasten ari direla.
Argi da ez dela beti posible. Adibidez euskararen kasuan badira traba instituzionalak, hizkuntz lege arazoak, baliabide arazoak, denbora eskasa....Baina batzuetan ontsa da saiatzea akzionala egitera, ikasle eta irakaslearen arteko harremanak ere aldatzen dituelako, ikasleen artekoak ere eta giza-harremanak aberasten, aldatzen eta emendatzen dira: denak laguntzen gaitu.
Argazkia: Learn by Mark Brannan
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina