2012/06/24

Mintzo


Gai eta gertakari guziek, gureak diren ber, hunkitzen gaituzten ber, merezi dute gure artean, gure herrietan eta oroz gainetik gure hizkuntzan tratatuak izateak. Hala behar lukete. Auzora joan gabe deusen bila edo lagun xerka, beste herri edota beste hizkuntza batean.
Eta mintzo garela, ustez, ardura ez gindoazke erran nahi genukeenaren bururaino edo ez gintezke haraino hel. Domaia.

Anitzetan, mintzo garela funtsezko, zinez aipatuak izateak balio luketenez, azalean edo itxura landutan gelditzen dira gauzak.
Gure esperientzietako irakaspen eta probetxuak oro partekatu gabe egoten gara, mila arrazoinengatik. Batzuetan, ez baita momentua, ez baita « kuadroa », ez baita « aski », ez baita espero dena, ez dira kondatzen. Besteetan, hutsuneak agerian utziko lituzkeelakoan, gure buruei ikusi nahi dizkiegun posizio hain erosoetatik uxatuko gintuzketelako, pseudo-suprematia bat kenduko liokelako baten bati, sobera « kritikoak » baitira, dena berriz pentsatzera eraman gindezaketelako, ez dira entzuten. Okerrago, gerta daiteke ez entzun, eztabaidatu, aipatu nahi izana, gure herri hain txikietan gure arteko uste eta beldurrak direla, pasibo eta lehia zozoak direla, konbentzituak egonen baikira gauza batzuk mahai gainean ezartzeko ez direla egokiak eta ordurarteko nolabaiteko bake soziala hauts bailezakete. Azkenik, azalpen batzuk zibilikoak zaizkigularik kaxatzen baititugu errexki, ez alferkeria edo ezazolkeriaz, beldurrez baizik.