2011/07/27

Baiona urdina da


Baionako pestak hastear direla, jendeak azken egunak suharki iraganak ditu, jantzi xuri eta zapi gorri doia biltzeko, komertsanteen loria. Ixtantean, karrikara aterako dira, denak berdin-berdin, xuri, dirdirant, birjinal, garbi. Jakin gabe tronpatzen direla, beste behin.

Iduri du tipikeria, eta funtsean hala da gure herriaren amnesia kulturalari behatzen zaionean, baina estandar estetiko horren ingurukoak azpimarratu behar dira.


Kultura eta ohiturekin gora beheraka ibiliko gara, batzuk eta besteak, betiko soka-tiran.

2011/07/24

Ez dut nik



Ez dut nik
gizarteak isiltzen duena
erakutsi nahi,
ez baitu gizarte honek
          ezer gordetzen
          ikusten dakienari. 




Ez dut nik - Itxaro Borda




Euskararen herria: izanki, eginez eta eraginez






Euskararen berreskurapenean, denek, pertsonek eta egiturek, gure lekua eta zeregina dugu, harrixkolaz-harrixkola euskararen herria eraiki nahi dugularik. Eraikuntza lanak bi aldetatik eramatekoak dira.
Alde batetik, goitik behera, euskararen ezagutza, erabilera, ezagupen ofiziala eta arautzearen aldetik, azken finean euskalgintzaren eta instituzioen lana nagusiki.
Bestaldetik, euskaldun xume orok, banaka nahiz taldeka, badugu zer jorra: funtsezko dinamika popularrak. Izan ere, behetik gora gisa batez, guhaurrek, euskal hiztunek, eraman dezakegu eraikuntza lana : euskaraz biziz. Bide horretatik ere, egitate eta errealitate batzuk eraikitzen joatetik hara, egoerarengan osotasunean eragin dezakegu. Horretarako paradak begi bistan ez badira izaten ere, gero eta gehiago direla iduritzen zait, azken urteetan nire esperientzia profesionalek agertu didatenaren arabera.

2011/07/10

Begira nazazu begietan

Ziztu batean determinatzaileak lerrokatuko eta itzuliko dizkizute, ispilukoa bezain fidela den irudia harrapatu dutelakoaz konbentziturik.
Saiatuz, tiranteko karpeta hartan sailkatuko zaituzte, zuhaurk nekeziak dituzularik 105 tag baino gutxiagotan zure burua definitzeko eta, funtsean, horren desira eta beharrik ez.
Haien kaleidoskopio txikitik so eginen dizute, itzuliak eraginez, bakoitza adierazgarriena zaion fragmentoari baizik ez beha geldituz.
Begietara gutxitan begiratuko dizute. Berdin zaizu. Eta hobe. Ez duzulako nahi begietara gehiegi begira diezazuten. Orduan zer kausi nehork ez baitaki, ez eta zuk ere.
Argitan utzia aski baita, itzalean dena han bego.

Ni naiz Bea. Orain jada ez arras hementxe eta laster harakoa. Naizena eta ez naizena. Nauzuena eta beste guzia.

2011/07/07

Erreminduak


Baionako suminduak herenegun hasiak ziren mugitzen, iduriz goiz honetan Angelura buruz abiatuak ziren. Beren bidea jarraituko dute.

Maiatzaren erditsutan, izan nuelarik Espanako iraultza deitzen zenaren oihartzun, harritua egon nintzen 90 urteko frantses politikari baten 17 orrialdeko liburuxkak holako oihartzuna izanaz, batez ere salatzen zena denek denetan eta aspalditik begi bistan genuelarik. Europa osora hedatuko zelako destinoan ez nuen hainbeste sinetsi eta Euskal Herrian berean garatzeaz gutxiago. Bizkitartean, hala gertatu zen.

2011/07/01

Interneten euskara aitzina

Zenbait egunez burua doi bat beste gauza batzuetan murgildurik, artikulu hau pasatzen ikusia nuen eta baztertua, krakada gisan, geroago begi bat eman behar niola.
Azken hamar urte hauetan goiti doa omen euskararen presentzia sarean. Ez da dudarik, baztertu ezinezkoa bilakatua den eremua dela sareak eskaintzen duena, orain arte hainbeste jorratu diren erabilera eremuen artean bere leku osoa duela, familia, lan mundua eta erligioaren artean. Eta anitzen iduriko euskara eremu bakar batean salbatuko balitz, sarean luke geroa. Norbaiti entzun diot ere, erronka bat izan behar zela, nik dakita zenbagarren hizkuntza izatera heltzea eta beste... Hain gutxi dakidanez hortaz nire mailan geldituko naiz.