... edo aspaldiko partez, betiko seriean beste bat...
Asteazkena, amaginarrebaren urtebetze eguna.
Bestalde ezin baitzitekeen, behar bezalako bixkotxaren erostera saldoan joan ginen. Ez edozein bixkotx, haatik, planttakoa, gutxieneko xokoleta eta krema dosia eta bederen bi gereziduna: badira eztabaidaezinak diren minimo batzuk alo.
Baionako pasteleria famatuen eta hoberenean, lerrokaturik diren obra dozenari beha, eztabaida piztu zen, zorrozki. Anartean, kontuarraren bestaldean, gure beha zen neska gazte bat, nire adintsukoa, Baionesa dudarik gabe, unibertsitatean ibilki nintzelarik kurutzatu ohi nuela ongi gogoratzen baitut. Neska prestu eta atsegina. Gure hautu korneliarra treinkatu ondoan eta sortu beharko nuen efetuaz konbentzitua, zuzentzekotan nintzaion, ilusiorik gabe, frantsesez. Erabakiaren berri ematekotan nintzela, hitz bakarra bota aitzin, zanpez, hatsa irentsi behar izan nuen « A! Euh... ez espainiolez, e! Ez dut ulertzen!» errateko moztu ninduenean. Neska, kitzikatzeko, probokazioz, harropuzkeriz ez zela ari kasik segur naiz.
Nire posizioak aginduko zukeen, has nendin azalpenetan, pertsona horri begiak irekitzeko doia eta abar. Harrapaturik, hitzak eskastu zitzaizkidan. «Hasteko euskara da. Eta hortxetako hori hartuko dut. » baizik ez zitzaidan atera, Baionako komertzio bateko langile baionesak eragin zidan lurrartze dorpeak durduzaturik, errealitate gordinak mututurik. Eta bai, posible da Baionakoa izatea, hemen lan egitea, hemengo jendeak kurutzatzea, hainbat hizkuntza entzutea eta euskara entzutean ez jakitea zein den. Zer pasatu da hortara heltzeko? Noren falta da? Berea, nirea? Ez dakit. Nehorena.
Bitartean, saltzaile gazteak segitu zuen, bere tertulian: ez zekiela euskara oraino mintzatzen zela, ez zuela entzun sekulan, inglesez, bai, moldatzen zela, alemanez ere, ikasia baitzuen eskolan... Nire egitekoak beterik, ordaindu, xehea eskuratu, eskertu eta itzuli nintzen, besterik gabe.
Halere, istorio honetan, okerrena, aferak egin ondoan atetik banatzen gintuzten bospasei metro horiek egitean entzun beharko nuen, gibelean utzi langileetarik batek besteari erran zionean:
« Euskaraz, ez dakit hitzik. Salbu sakreak! ha ha ha...Sakreak bai ezagutzen ditut frango! » Labankada.
Sakreak, ba ote dakizki nik baino gehiago?
Agian bai, ezagutzen ditudanak lerrokaturik ere guziak, gutxi bailitezke bere hitzek agerian utzi ezintasuna eta momentuan eragin etsipena estaltzeko.