2011/05/14

Transmisioa - 2: atzo


Gure ereduari pentsatzeko orduan eta beste batekin konparatzekotan, bi bide har daitezke: edo beste herri bateko eredu garaikideari begiratu, edo gurean berean gertatu izanari soako bat eman.
Nahiago diot behatu bigarren honi, azkenean gauza beraz mintzo baikira, jende berez, leku berez eta elementu berez; hori baino gehiago, transmisioaren fenomenoa bera begiratuko, gizarte modernoarenak diren zenbait elementuz abstrakzio eginez (globalizazioa, politikak, demografia, teknologiak, …) nolazpait transmisio prozesuan eragiten duten parametroak direnak baina aldatzen ez dutenak eta, nire kasuan behintzat, transmisioaz/transmisioan aritzean, desbideragarriak gerta daitezkeelako.

Beste garai batean beraz, transmisio horren egile eta hartzaile zirenak nor ziren? Seguraski gehienak hemen sortuak, hemen bizi izanak beti, artzain, laborari, arrantzale, ofiziale zenbait eta tratulantak. Horietaz gain, kanpotik jin zenbait jende. Gizarte koesionatu eta koerente bat gutxi edo aski. Beren bizimoldea ez zitekeen beste mundu batekoa: normala, lan frango eta dibertimendu piska bat.

Hasteko, ohargarria dena da, kontrolatu gabea eta espontaneoa zen transmisio horretan, ez zirela bereizten jakintza, kultur espresioak eta euskara; denak hertsiki lotuak ziren, interdependenteak, osotasuna eta koerentzia zuen multzo haundi bat, identitate bat osatuz.
Hizkuntza alde guzietatik kaxatu nahi bazen ere, lekuko espresio pagano, anormal eta atzerakoi guziekin batera, euskaldunak ziren orduko oro, eta funtzionala den hizkuntza euskara da duda handirik gabe. Lekuko dira hainbat paperreria, administratiboak, euskaraz idazten zirenak, jendeak uler zitzan, bereak ziren erreferentzia eta hizkuntza erabiliz; euskara denetan zen, leku, okasione eta eginbehar guzietan, pribatu ala publiko. Hortik ikusi behar dena, hizkuntzari doakionez, helarazten diren kontzeptuen azaltzeko berezko tresna zela (beste hizkuntza batean erreferentzia berak azaltzea neke zitekeen, hizkuntza hori zelako leku eta jende horiena, honek baitzituen beste edozeinek baino hobeki hemengoak zirenak azaltzen). Osotasun horretan, hizkuntza bitartekoa zen, definizioz behar lukeen bezala, identitate baten partea baino gehiago, identitate horren espresatzeko tresna.

Zer zen helarazten zena? Gaurkoan « kultura » deitzen dugun hori baino zerbait zabalagoa zen. Kultura aipatzen dugunean, maiz gogora etortzen zaizkigu espresio artistikoak, plazerrezkoak eta holakoak baina ez da horretan mugatu behar eta kontsideratu ere lanari eta biziari lotu jakitate guzia seguraski hau baitzen parte nagusia.
Belaunaldi batetik bestera, bertikalki, baita belaunaldi berekoen artean, horizontalki, osotasun bat transmititzen zen eta defini zitekeen bizirauteko beharko zen multzo gisan: jakintzak eta gertakarien azalpenak, balore batzuk, morala bat, ohiturak, teknikak, errepresentazioak eta abar luze bat.
Guzia, koerentea izan behar zelako eta, berezi-bereziki, guziak zuelako funtzio bat: funtzio soziala, teknikoa, hezkuntza mailakoa, espresio maila hutsekoa (artistikoa, katarsikoa, …) eta existitzen ziren kontestu batean. Gainera kontestu horietan beretan transmititzen ziren ere bai.
Guzi horrek bazuen zentzu bat: oinarri bat, funtzio bat, helburu bat. Dei daiteke nahi den bezala baina ez zen denbora pasaz edo kontserbazio helburu soilekin burutzen zena: haurren sortzea, landareen erabilpena, lurren lanketa, bertsoak, dantzak, kabalkadak, ipuinak, sermoiak, antzerkiak eta beste, dena barne. Beharrezkoa zen jakitate bat eta historia bat helaraztea eta partekatzea eta ez bakarrik ez galtzera uzteko, eder edo apaingarri zelako, baizik eta funtzionala zelako.
Hortik haratago, beharrek aginduko zuten transmisioa, beharrezkoa zelako ikastea, erakastea, munduaren ulertzeko eta azaltzeko, munduan bizitzeko besteekin: ez zekienak ez baitzukeen luzakoa. Transmititzen zenak galdera bati, eskas bati erantzunen zion, behar bat aseko.

Transmisio gune eta uneei buruz zer erranik ez: burutzen zen denetan eta beti, egunero eta edozein zereginetan, etxean, plazan, lanean, pestan.... Aldiz, azpimarragarria hau da: transmisio horretan jendeak zuen jarrera. Pertsona oro transmisioaren baitako katebegia zen, burutzen zen transmisioa inplikatzailea eta parte hartzailea zen, hartu eta eman etengabean kokatua eta eskuratzen zuenarenganik aktibo izatea suposatzen zuen. Ez zen bat, punta batean, emaile eta bestea, hartzaile hutsa, hartu eta gogoan atxikitzen zuena beste puntan. Hartzen zuenak praktikan emateko hartzen zuen, eskuratu duen jakintza-edo, gertakariak biziz eta bizitzeko. Eta noizbait berak ere transmititzeko, noski. Guziak eragile ziren, guziek interesa zuten transmisioan eta guziek burutzen zuten. Transmisio kontestuak berak ere halakoak zirelako eta halabeharra gertatzen zelako.

Hots, transmisio hori naturala zen, ez antolatua, inplikatzailea eta osoa. Helarazten ziren zentzua zuten elementuak, eta funtzioa zutenak, beharrek agindurik (bizian errotua zen, bizitzen ziren elementuz osatua). Hizkuntza funtsezkoa zen, bistan dena, baina bitarteko indisoziable gisa. Arrakastatsua. 

Noski, hori erranik, dena errana da eta, denbora berean, deus gutxi... 

  
Argazkia: lonely -- the rorschach test version   by Thomas Lieser