2011/05/07

The fucking perfection


Denak nire zain.

- …
- Ez diozu erantzun nire galderari. Bada akats bat hor, falta da zerbait.

Erantzun? Ez dut erantzun.
Hutsune baten atxemateak inguruan existitzen den guzia ezabatzeko ahala balu bezala pausatu galdera suntsitzailea entzun dut. Egilearen aurpegiak marraztu didanak beldurtu nau eta senditu diodana ez da hainbeste izan erantzun baten zain eta bila dabilenarena. Erantzunaren beha dagoenarena, zor baten gisan, gehiagokorik gabe. Edo berdin ez funtsean.
«Zer? Ez da teoriarik hortako? Ez duzu soluziorik?». Zinikoki gehitua.
Bista lausotu zait, konpainia horretatik urrun gertatu naiz eta nire baitan beste arrangura mota bat piztu da: zertan ari naiz, nun, norekin, zergatik, zertarako eta galdetzaile zerrenda puñeta bat lerrokatu da. Ni, bera, gu, besteak... Zer da niganik espero dena eta betegabea? Bakoitzaren tokia? Zer da eskema perfektuen gibeletik lasterka ibiltzeko obsesio hori? Akatsik gabeko sistemak haztatzearen tirria?

Ez dut erantzun, erantzunik ez bainuen, agian bakar bat ez delako. Bekatu handi bat iduriz, ordu arte erran eta egin guzia deuseztatzeko eta gauza guziek milimetrikoki definiturik egon behar luketen mundu honetatik linboetara kondenatzeko poderea lukeen bekatua. Hala agertarazi nahia bederen, eskasak beste leku batean izan daitezkeela kukutuz.

Bizkitartean, bi gauzaz segur naiz.
Lehena, munduak izan ditzakeen hutsuneen konpontzea ez doakidala eta berdin bizitzen segitzen dudala eta hala beharko dela ere. Bigarrena, itaunlaria ez dadila mentura galdera bera beste behin pausatzera: nire partetik, ez baitut bigarren aldi batez errepentitzeko parada sortzen utziko lehenik eta oroz gainetik, galdera ber-bera, besterik gabe, bigarren aldi batez pausatzea, bereganik, nirea baino bekatu handiagoa litzatekeela jakin behar baigenuke biek.


Aucun commentaire: