2012/10/25

Heziketaz

Eskoletako portaleetan, familiako bazkarietan eta auzo arteko elkarrieketetan bezala, haurren hezteko moldeaz mintza gaitezke oren luzez, bakoitzak parekoaren egitateak pizatuz eta aholkurik hoberenaren hedatzaile dirdiratuz.  Nork bere haurrei ematen dien hezkuntzaz ari naiz, ez eskolakoaz bistan dena.
Heziketa mailan, mila egimolde egonen dira baina laburbiltzen bagenu, azken batean, hiru alternatiba baizik ez genitzake kausi.

Lehena, errepikatzearena da. Aitzineko belaunaldian eredu hartuz, kopiaketa hutsa egin.

2012/10/13

Euskaraz? (13)

Gizonak arrunt hemengoa ematen du. Euskalduna. Hirurogeita zenbait urtekoa erran nezake. Pentsatzen dut ez dela abertzalea, ez deus. Hemen gaindiko pertsona tipikoa. Seguraski Euskal Herritik beretik sekulan gutxi ez ateraia. Haroa ere badu, iritzia emateko doia edozein gauzez, ahoan bilorik gabe.

Duela gutxi ohartuak ginen bata eta bestea euskaldunak ginela. Noiztenka bezala, horrela mintzo ginen, karrika izkinean, goxoki, eta bapatean, xifriturik bezala, ausartu zen:

- Baina zure euskara... konprenitzen da baina ez zara hemen bezala mintzo. Zure euskara ez da gurea bezalakoa alo ! Hitzak desberdinak dituzu. Nungoa zara? Ala Espainia aldekoa zara edo? Ala eskola horietan zenbaitetan ibilia behar bada ?
Elkarrenganik berrogeita hamar kilometrotara sortu izanik, zenbait hitz desberdinki emanen ditugulako, bere burua paristar batenganik nireganik baino hurbilago sendituko zuelako inpresioa eman zidan. Traba zenbait hitz desberdin horietan eta aldi berean haratago. 

Schizofrenia.