2010/12/23

Zotal egunak

Urte ondarrera hurbiltzen girela, eta nire kasuan garai aski nostalgikoak direnez, zenbait oroitzapen etorri zait gogora: gurekin bizi zen ttantta xahar batek, urte guziz sasoin honetan aipatzen zituen 'zotal egun' famatuak.




Urteko lehen egunetan (lehen hamabietan preseski), aroari zorrozki behatzen zion. Ez orenez-oren. Bainan kasik. Egunean bizpahiru aldiz bederen, egin zuen aroaren berri markatzen zuen xeheki paper puska batean. Ondotik, paper puska zimurtu hori hartu eta egutegi batean, hilabete bakoitzaren buruan, erditsuan eta bukaeran, larriki eta hitz gutxiz idatziko zuen, bere ustez eginen zuen aroa.
Sinestea baitzen, urteko lehen egun horietan egiten zuen aroa, urteko 12 hilabeteetan egin behar zuena zela, edo bederen hurbiltze zerbait.
Adibidez: urtarrilaren 5eko aroak irudikatuko zuen maiatzean egin beharko zuena. Orduan maiatzaren hastapeneko partean: eguzkitsu eta fresko idatzirik kausituko genituen. Erditsuan berriz: euritsu baina goxoa. Eta hola, hilabetez hilabete.
Zertarako? Laborantzan oinarritu gizarte horretan, urteak zer ekarriko zuen aurreikusteko, beren burua lasaitzeko, ez-usteen eta ez-beharren uxatzeko ere izatea bazitekeen, naturaren menderatzeko.
Dena izanik ere, urte osoa iragaiten genuen, egutegia sukaldeko murruan loturik, hilabetez-hilabete ezarriak ziren oharrak irakurtzen, ea amatxik egin iragarpenak gauzatzen ziren. Eta aitortu behar da hamarretatik zortzitan, arrazoin eman behar geniola.

2010/12/22

Antzara basak karrankaz gauaren erdian

Antzara basak karrankaz gauaren erdian.
Gaur berriz ere Aurore-i pentsatzen dut.
Zeri pentsatzen ote du? Nori pentsatzen ote du?
Gaur hotza ari du giza-eskubideen herrian. Sekulako hotza. Gorputzeko atal guziak minbera jartzen dituen horietarik bat, erhi puntak lokartzen eta sumintzen dituena, hezurretan barna sartzen dena. Bihotza piska bat lasterrago ibilki zaizu. Erne, maldara joan behar duzu.
Gauaren erdiko hotzak zerbait partikularra du. Beldurgarria da. Mamuak dantzan jartzen ditu.
Antzarak karrankaz doatzi, gertakari larri baten seinale bezala, ihesi doatzi eta hotzaren ausikiak gogorragoak baizik ez ditu egiten.

Hotz egiten du herri honetan eta antzarak ere ez dira geldituko.
Gauaren erdian, Aurorek zeri pentsatzen duen? Ez dakit.
Segur dena da, etxeko berotasunetik urrun dela, ixiltasunean, gauaren gauean, bakardadean, hezurretaraino hormaturik, askatasunik ez den herri honetan, zeinetan antzarak ere ez diren geldituko.
Denbora suspenditu da, izaterik ez zuen parentesia bat ideki da eta berekin bizi bateko proiektu guziak zilintzo. Eta Herri oso bat karroinak sumindu eta oldarturik.
Aurore, ilunpean, ixilik, bakarrik. Baina xutik.

Karrankak gau izoztuaren erdian.

eskumuturrak loturik bainan bihotzak libro!

Aspaldiko kantu bat etorri zait gaur gogora: Mikel Laboak idatzi "Denok ala inor ez".
Aspaldian entzun eta kantatua ere, zer pentsa ematen didana oraindik ere, nahiz mila aldiz entzun, beti bihotzeraino sartzen baitzait. Bere garaian egoera bat baino gehiagori oihartzun eginen zion,EHan eta munduko herrietan. Urte joanik ere, iduritzen zait, oraindik ere erranahi guzia atxikitzen duela. Historia bat duten kantu horietarik bat. Historia komuna eta batzuetan pertsonalak ere kondatzen dituena. Bertsio frango ren artean, MAK taldeak egin duen moldaketa frango gustukoa dut.

Gaur entzuten dudanean, Aurore Martin-i pentsarazten nau, euroagindu baten mehatxupean den momentu honetan.

Berari egiten diotena, denei egiten digutelako. 
Eskumuturrak loturik bainan bihotzak libre!!




Kantuaren beraren hitzak, Laboak idatzi zituen bezala:

Gatibua; nork libratuko?
Leitze zuloan daudenek ikusiko,zure garraxiak adituko;gatibuek zaituzte libratuko.

Denak ala inor ez, dena ala ezer ez.
Bakarka ezin da, fusilak ala kateak denak ala inor ez, dena ala ezer ez.

Gose zaudena; nork asetuko?
ogia nahi duenari, gose daudenek, ogia emango, bidea diote erakutsiko.

Galtzaile; nork mendekatuko?
zaurituekin alkartuz guk zaurituek, zapalduek, zu zaitugu mendekatuko.

Denak ala inor ez, dena ala ezer ez.
Bakarka ezin dafusilak ala kateak denak ala inor ez, dena ala ezer ez.

Gizon galdua; nork lagunduko?
miseria sofri ezin dutenak, gaur ez bihar izan dadin eguna galduekin gara alkartuko.

Denak ala inor ez, dena ala ezer ez.
Bakarka ezin dafusilak ala kateak denak ala inor ez, dena ala ezer ez.

Frantsesa ezin ikasi eta euskara nola?

Frantses Estatua, usu eta ardura deitzen dute giza-eskubideen lurraldea.
Zapaldurik edo gosez bizi diren herrietatik trumilka jende heltzen da mendebalde honetara, preseski holakoak entzun izan dituelako. Giza eskubideen herria, zeinetan iragan iluna ahantzi ez, bainan etorkizun zohardiagoa eraikitzen ahalko den.
Estatu honetan, duela zenbait hilabete, aipatzen ziren integrazio kontuak. Integratua izateko eta bereziki Estatu honetan egon ahal izateko (bizi ahal izatea beste afera bat baita) bazen baldintza bat, salatua eta eztabaida sutsuak piztu zituena eta hau zen: Frantzian bizi ahal izateko frantsesa jakin beharko zela, gutxieneko zerbait eta paperak ukaiteko, ikaskera lehen urratsak bederen egin beharko zirela. Eztabaida frango sortu ziren, etikoak, politikoak, hizkuntzaren instrumentalizazioa, protekzionismoa...Horietan sartu gabe, baldintza honi eman baliabide eskasa salatu zen. Hori batetik. Eta bestetik, salatu zen ere « hizkuntza menperatzea »-ren nozio argitu gabeko hori.

San Martineko uda

Euskal Herrian ezaguna da, zehazki azaroaren 11an eta inguru horietan ospatzen-edo baita.
San Martineko uda deitzen zuten gure aitzinekoek eta deitzen da, orain ere funtsean, garai hau anitzetan. San Martineko uda erraiten zaio komunzki, beste batzuetan entzunen dugularik negua hasten dela San Martinetan.
Pentsatzekoa da azken egun goxoak orduan gertatzen direla, udaren azken oldarra balitz bezala. Anitzetan garai horretan egun epelak izaten ditugu Euskal Herrian, hego haizea lagun, jantziak kanpoan xukatzen hedatzeko doia, leiho guziak zabalik, etxe zoko guziak airestatzeko doia eta udazkeneko ibilaldi koloretsuz, begiak azken aldi batez itsutzeko, neguko egun ilun eta hozpilen bezperan.