2010/12/22

San Martineko uda

Euskal Herrian ezaguna da, zehazki azaroaren 11an eta inguru horietan ospatzen-edo baita.
San Martineko uda deitzen zuten gure aitzinekoek eta deitzen da, orain ere funtsean, garai hau anitzetan. San Martineko uda erraiten zaio komunzki, beste batzuetan entzunen dugularik negua hasten dela San Martinetan.
Pentsatzekoa da azken egun goxoak orduan gertatzen direla, udaren azken oldarra balitz bezala. Anitzetan garai horretan egun epelak izaten ditugu Euskal Herrian, hego haizea lagun, jantziak kanpoan xukatzen hedatzeko doia, leiho guziak zabalik, etxe zoko guziak airestatzeko doia eta udazkeneko ibilaldi koloretsuz, begiak azken aldi batez itsutzeko, neguko egun ilun eta hozpilen bezperan.
Beste herrialde batzuetan ere bada holakorik « été indien » deitua Amerika zabalean edo « salbaien uda » Kanadako zenbait txokotan.
Laponian « ruska » deitzen dute. Ruska, izadia urrez, gorriz eta berde ilunez estaltzen den denbora da, laster neguaren estali zuriak bereganatuko duen izadi miragarria.Hori guzia hitz bakarrean.

Dilingo

San Martinak udaren azken txanpari lotzen dira.Halere, fenomeno meteorologikoetatik harago, Euskal Herrian bereziki, San Martinetan izaten ziren beste gertakari frango ere, iparraldeko zernahi txokotan oraino oroitzen ditugunak.San Martina aldaketaren sinonimoa da, sasoin aldaketa, naturaren aldaketa, erritmo, ixtura, kolore, soinu,bizitoki eta bizimodu aldaketa ere nolazpait.



Lehenik, etxetiarrak zirenek, beren etxe eta lurren jabe ez zirenek, egun horretako berantenik pagatu behar zituzten arrandak, hau da etxeko jabe edo nagusiari urteko saria ordaindu behar ziotela, zela dirutan, zela urte hortako mozkinen parte bat utziz. Ez ziren garai alegerak izaten, urtea izan, ez-urtea izan, familia anitzetan neke izaten baitzen zorra kitatzea.

Bigarrenik, etxetiar horien beren kasuan, etxez aldatu behar zutelarik, azaroaren 11an egiten zituzten aldaketak. Azaroaren 11an, xuxen-xuxen. Bideak karrosaz josiak izaten ziren, orduan, etxe bat utzi eta beste batera zihoazen jende, abere eta pusketeria karabanez, etorki zirenek, joaki zirenak kurutzatzen zituztela.

Azkenik, zaharrek beti, diote San Martinez edo ondoko egunetan hiltzen zirela txerriak. Gaurko egunean, txerriak oraindik hiltzen dituzten familiek, abendo aldean edo hiltzen dituzte, erranez garairik hoberena dela abendokoa, orduan hotz egiten baitu eta ondorioz haragia hobeki kontserbatzen, baita ere neguaren erdian janari iturri ederra izaten delako. San Martinetan txerri hiltzeak bazukeen ere bere funtsa: garai horretan, txerriak oraino gizen izaten baitziren, larrazkenean alhan ibilirik, eta janaria gazitzen eman eta prest egoten zelako, jateko, berantago, egun hotzagoak helduko zirenean.Orduan hiltzeak badu zentzua, hortik hara hasten bada negua. 
Udazken koloretan

Niretzat sasoin partikularra da ere, oroitzapen bereziak ekartzen dizkidanak. Ez orain arte aipatu ditudan gertakarien gisakoa. Arrazoin anitzez pertsonalagoarengatik. Nire semearen sortzeari lotzen dudalako. 2008-an sortu zen txikia. Udazken horretan, denbora izan nuen nasaiki, lanetik gelditua izan ondotik, paisaia zoragarriak preziatzeko, lehertzen diren hosto isildu zukatuen kraskarazteko oin pean, pasaian besterik ez diren lertxunen joan-jinak behatzeko eta jadanik freskura zerbait duen aire usaintsua arnasteko, zerua zohardi denean tarteka nahasirik. Dena lokartzen denean, laster lerdenki iratzartzeko esperantzan. Giro bat.
Nire semea giro horretan sortu zen. Giro ezti eta atsegin horretan, kolore eta soinu berezi horien artean. Eta bere etortzeak, gure bizian, laster etortzekoa zen neguaren ausikiei leku gutxi utzi behar zien. Guk udazkenetik primaderara jauzi egin genuen. Azkenean nire bizi osoko sanmartinak...
Aldaketak bizitzea, sentitzea eta oroitzea, bakoitzak bere gisara egiten ditu.

Argazkiak: Jakes Larre

Aucun commentaire: