2011/05/07

Nunquam polluta




Biluzik, agiriak dio:

Baionako Sagarno Eguna : Ez dok hamahiru

Baionako Ikastolek, Gau Eskolak eta Gure Irratiak osatzen duten Hiruki elkarteak ez du hamahirugarren Sagarno Egunik antolatuko, bederen 2011an. Azken bi urteetan, publikoa eta partaideak ohartu ez badira ere, gauza asko aldatu dira bereziki prestakuntza sailean, dela seguridade neurri, dela sagarnoaren eskuratze eta dela zerga berri (karparen eremuaren araberako zerga). Horrek behartu du Hiruki daraman ekipa ttipia, ardura haundiago eta lan gehiagoren bere gain hartzerat. Hortarat heltzen zailtasunak izan ditugu eta Sagarno Egunak lortu duen irudi eta izaite ederraren ez arriskutan ezartzeko, erabaki dugu aurtengo edizioari paso erraitea.Hamabi urtez, Sagarno Egunak hiriko animazioen artean bere lekua hartu du eta elkarteen arteko harremanak piztu euskal kulturaren ildotik eta euskararen zerbitzuko. Hamabi urte horietan partaide eta partzuer ainitz izan ditugu eta denak eskertzen ditugu ekarri diguten sustengua eta laguntzarentzat. 


Nunquam polluta zioten. Eta guk beste hainbeste.
1999. urtean abiatu zen pario ero hau, Hiruki sortzea eta Baionako Sagarno egunaren antolatzea. Eta hortik haratago gauza frango: Baionaren euskaltasunaren berrestea, mendeetan tokikoa izan zen ekoizpen baten ezagutaraztea, lekuko egitura anitzen lana uztartzea helburu komun batean inguruan, iparraldean berrabiatzen zen ekonomia baten sustatzea, oroz gainetik euskal kultura eta euskararen zabaltzea permitituko zuen pesta baten antolatzea.

Uste baino fiteago, sekulako hazkundea eta arrakasta ezagutuko zituen eta maiatzeko azken asteburuko hitzordu huts egin ezina bihurtuko, adin, tendentzia eta kolore guzietako baionesak eta baionesak ez zirenak biltzeko neurrikoa.
Lekua ere aproposa gertatu zitzaion: Baionako harresietan, Errobiko kaietatik bi urratsetara, Baxe Nafarroan ekoiztu sagarrak heltzen ziren portuaren gainekaldean berean, sagar horiek berak tinkatzen ziren Baiona zaharreko sagardotegi izanetatik hurbil, duela ez hain aspaldi sagarrondoz eta mahastiz landatuak ziren pentzeen saihetsean.

Hamabi urtez segidan antolatuko zen, gero eta zabalago, gero eta jendetsuago. Ohargarria zen eguna, biltzen zituen elkarteen kopuru eta aniztasunaren aldetik eta hor berean kurutzatzen ahal ziren aurpegiengatik, laster euskaldunen kontra mintzatzera ausartuko ez ziren horiek barne. Ohargarria ere, hor kausi zitekeen giroarengatik.

Erresumitu behar balitz, erranen nuke zentzu haundiko pesta izan zela hastapenetik, leku eta gizarte batean sustraitua; baita sortu eta jarraitu zutenek jakin zutela antolatzen eta kudeatzen gisa hartara, zuhurki eta lan garbia eginez. Handik landa, gure bestelako proeiktuen eramatea eta ideien zabaltzea ahalbidetuko zigun lehen ekimen gisa kontsidera daiteke. 

Gibelapenarekin, tresna honen sortzaileek, ezustean, munstro bat sortu zuten, neurriarengatik eta aitzin aipatuengatik. Nunquam polluta genion eta guhaurren munstroak garaitu gaituela dirudi, atekaraturik.

Maiatzeko azken asteburuan, pena zenbait izanen dut, dudarik gabe, zerbait eskasean. Urtez urte, hasierako edizioetatik eta gaur arte, sekulan ez banaiz pesta egiteko egon Sagarno Egunean, beti egun ederrak izan baitira, hainbat kiderekin iraganak goxoki eta urte guziz goaitatu izan ditudanak berant hetsirik. Hirukiko kide izatea azken urte hauetan eta Sagarno Egunaren antolaketa, besteak beste, laguntzea, niretzat, abentura humano haundi bat izan dira, zeinetan ikasi eta ikusi baitut frango, zeinetan besteekin lan egin dudan eskuz-esku eta beti aitzina beha, zeinetan kideak bilakatuko ziren jendeak kurutzatu baititut. Eta pena ere, duela hamabi urte abiatu zirenek ez baitzuten minuta batez imaginatu sagarno egunari pausarik ematea eta sentsazioa baitut pausa baino gehiagoko zerbaiten aitzinean garela, eskaini lekukoa pasatzea neke izanen dela.

Ez dok hamahiru, beraz, Sagarno egunari. Hamahirugarrenik gabe, hamalaugarren bat eta hortarako baldintzak izan ditzala desiratzen diot.

Argazkia: Baionako Sagarno Eguna - Hiruki elk.

Aucun commentaire: