7:45
Etxeko atea gakotu dut, denak lo dira oraino, on dagiela.
Gaur goizean, urtean bi aldiz gertatzen den EGA azterketaren lehen atala da. Zaindari lanetara noa.
Autoan sartu, piztu eta parti.
8:15
EGAko azterketak iraganen diren lekura heldu naiz. Piska bat berantean naiz. Ez dut kuraiarik aitortzeko kafea hartzen gelditu naizela bidean, dena den, nehork ez luke sinetsiko, oraindik nekezia frango baititut :(
8:20
Leihotik beha ohartu naiz jadanik 60 bat parte hartzaile badirela kanpoan zain. Aurtengoan, usaian baino parte hartzaile gehiago izanen da, normalki 130 azterketari; gehienak ikastolako ikasleak izanen dira, AEKko ikasle batzuk eta dozena bat kandidatu libre.
8: 27
Bukatu dugunez amphiteatroaren prestatzea, azterketariak sartzera deituko ditugu.
8:30
Batzuek azterketariak hamarnaka sarrarazten dituzten arau, izenak eta nortasun agiriak kontrolatzen ditugu beste batzuek eta bizpahiru kontsigna oroitarazten, banaka-banaka gela haundira sartzera gomitatu aitzin.
Multzoan, ohargarria egin zait iparraldeko ikasle diren horien artean, zenbatek dituzten nortasun agiri espaniolak, nire bizian ez nituen sekulan hainbeste ikusi jarraian. Nazionalitate bikoitza dutenak hainbeste direla ez nekien eta iduritzen zait aztertzekoa litzatekeela zergatik agiri espaniola erabiltzen duten hemen, nire iduriko ez baita agiri frantsesa erabiltzea baino espantu handiagokoa.
Denak iragan ondoan, zenbatu ditut 3 « bonjour » eta 2 « merci ». No comment :(
9:00
Kopiak banatuak dira. Azterketaren iragamoldeari buruzko kontsigna batzuk ematen ari da bat, nehor gutxik entzuten duena. Gaur, goizetik, giroa izigarri lasaia iduritzen zait azterketari gehienen artean, indiziplinatua kasik.
9:30
Entzumenaren froga iraganik, jarraian, idatzia egiten hasi dira azterketari guziak. Denak kalmatu dira, tirahala gutxiago jadanik, batzuk biziki kontzentraturik dira dagoeneko.
9:45
Denak serioski ari dira. Batzuk begiratzen naute, denak begiratzen ditut. Zer pentsatzen ari dira begiratzen nautenean? Badute ideiarik nire gogoetez?
Gaurko lana ez zait lan gogorra. Oraintxe, ez naiz hemen gaitasun berezi bat dudalako, ez naiz ez zuzentzaile ez aztertzaile, zaintzale baizik.
Aireari so egon ordez, egunkariari jorraldi bat emanik, ordenagailua atera dut: zaintzen dudan bitartean, aitzinatzen ahalko dut hitzeman artikulu bat, berantean dudana.
10:30
Oren bat pasa ondoan, araudiak dion bezala, nahi duena lekutzen ahal da. Gehienak buru belarri ari diren bitartean, bakar batzuk altxatu dira eta ateratu.
Hauek zer? EGA landu dute urte osoan zehar, maila gainditzeko gaitasun teorikoa dute, oraindik denbora asko falta da bukatu aitzin... Begitarteak behatuz, ez zait iduritzen haien buruaz hain segur direnik. Berdin zaie? Bortxaz jin dira? Ahal zuten guzia egin dute? Zailegia zen? Azterketa eredua bera da ezegokia?
10:32
Azterketari hauek denak zertarako dira hemen? Euskara ez da hizkuntza ezagutua, ez da beharrezkoa bizian ez bada gutxi batzuen kasuan.
Zertarako EGA? Geroari begirako apustu bat, ikastolako erakasleak goraipatu agiria, aitamek sukaldean zintzilikatu nahi luketena, euskaldunago bihurtzen gaituena?
10:34
Hizkuntza menperatzen dutela egiaztatzeko beste molderik baliteke? Tronpatzen gara? Nola egin bestela? Denbora eta energia xahutze hori probetxugarria da?
10:37
Artikuluaren pundu nagusiak lerrokatu ditut. Ez naiz motibatua idazten hasteko. Zer eginen dut?
Lerrokatu buru iletsuei behako bat emanik, goiz honetatik burutik pasatzen ari zaizkidan ideia guzi horiek idatzi behar nituzkela pentsatu dut bapatean. :)
Idatz nezake ikaslegoaren patuaz, azterketen funtsaz... tira, gogoa zeharkatu eta zeharkatzen didaten guzien zerrenda eginen dut lehenik, timeline gisako zerbait...
10:55
Gelako neoiek bista nekatzen didate. Gela honetan egunak pasatu behar dituzten ikasle eta erakasleen baldintzak txarrak dira, azterketarienak ere. Kanpora noa, aire hartzera eta zigarreta baten erretzera.
11:05
Juntatu zaizkit bi lankide ohi, gaurkotz nire lan beretan ari direnak.
Minuta pare batez, garai batez eredu izan nituen bi heroi horiekin lan egitea faltan dudala pentsatu dut, erakaskuntza gaiez, EGA-z, ikasleez, gure bideez aritzeko oraintxe bezala, buruhausteak, tripako minak eta ideiak partekatzeko, sinpleki. Trukatzen dugun horretan, ohartzen naiz, azken urteetan erakunde desberdinetan lan eginik ere, ber ildo eta pentsamoldeetan gabiltzala, pozten naiz, oroitarazten dit ez naizela bakarrik.
11:25
Azterketa gelara itzulia naiz. Sekulan baino goizago lekutzen dira azterketariak. Ez dakit zeren seinalea den. Argi da: gehienek ez dute idatzia gaindituko. Gure hezkuntza eredu emankorrenak ere hizkuntza maila teorikora heltzea ez baitu permititzen. Nahi nuke jakin zertan den beren frantseseko maila.
11: 28
Gosetzen hasia naiz. Ohartzen naiz, badela mutiko bat bosgarren lerroan, janari eta edariz inguratua. Marratoi baten egitera etorria dela dirudi. Ez dakit nola lortzen duen kopia ikustea ere. Janari profusioa motibazioaren adierazle izan daiteke?
11:40
Jendeak txandaka altxatzen dira, gelaren izkin desberdinetatik. Iduri du presatuak direla ateratzeko. Gogoz kontra atxiki izan bagenitu bezala. Bahitzaile gisa ikusten naute?
Ergelkeritan ari dira pare bat, elkar goaitatzen ateratzeko, irriz eta keinuka. Zer den hamazazpi urte izatea!!
11:48: Neska bat bere lekutik altxatu eta amphitik jausten ari zela, kasik erori da eskaileretan. Zergatik ezarri zapeta takoidun horiek? Estetikoki dudazkoak izatetik hara, txarrak direnak gorputzarentzat eta batere ez erosoak? Gaurkoan, azterketaria idazten duen horretan jujatuko dugu, ez zuen balio, ez, hainbeste indar egitea janzteko. Paso. Argi da ez naizela pertsona erreferentziala moda aldetik.
12:00
Puskak bilduko ditut, kasik bukatua baita azterketa, bi herenak ateraiak dira dagoeneko.
Arratsaldea zertan pasako dudan ez dakit... alde bat kopia zuzentzea ez nuke gaizki.
Argazkia: Time Reloaded by Irargerich
Argazkia: Promenade Réfléchie by Silabox
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina