Astelehen goizean, komunikabide anitzetan aipatzen zen euskarazko eta, bide beretik, hizkuntza gutxituetako CAPES (erakasle izateko konkurtso administratiboak) delakoetarako deialdirik ez zela eginen. Erabaki hori eta bere jakinarazpena, aitzineko ostiralekoa zen.
Biharamunean, astearte goizean, ber komunikabideetan, zabaltzen zen 2012an, baietz, deialdi horiek idekiko zirela.
Bi gauza arraroak iduritzen zaizkit.
Bata, zein izan daitekeen horrelako berri baten ondorioa nehork ez duela biziki argi izan eta arrazoinak gutxiago baizik ez. Bigarrena, nehork ez dakiela, eta galdera altxatzen ere ez funtsean, zerk aldarazi duen Hezkunde Nazionalaren erabakia, hain fite. Eta zenbat denborako?
Maleruski, populuari berri txar eta hobeak jakinarazi bezain laster, unibertsitario guziak beren dorre kaskora itzuli zirenez, azalpen gosez egon beharko dugu.
Erabaki mota hori, goiz batez Parisen, besterik gabe, inozenteki eta helbururik gabe hartzen dela ez du nehork sinetsiko. Konkurtso horien kentzea, aitortu ezinak zaizkien hizkuntza gutxituen ukapen estrategia baten baitako urrats bat gehiago dela Frantziarengatik ezin da bistatik kendu. Honen ondorioak banaka aipatu gabe, argi da erabaki hori gibelera egite handia litzatekeela eta, bide beretik, beste behin, elkarte eta norbanakoengan utziko lukeela hainbat arazori buru egitea.
Gauzarik bitxiena, erabaki aldaketa bera da eta hain zalu gertatu izana. Erabaki hori ostiralez hartzea eta astelehen arratsaldez aldatzea, zeri zor zaio?
Erantzuna izan daiteke herrialdeen arteko sare batengan: Euskal Herritik kanpo, beste herrialdetako mugimenduei lotuko gintuzkeenaren baitan.
Afera honek hunki ditu bospasei herrialdeetako arduradun, erakasle, ikasle, ikasle-buraso eta militanteak eta Frantses Estatuko sei kantoinetatik heldu da kexa. Herrialde horietako arduradun, politikari eta bestek bat egin dutenez eta,seguraski, bakoitzak bere sare eta eragin eremuak dituelako, batzuek besteek baino eraginkorragoak, oihartzuna hainbestekoa izan da nun gibelera egin behar izan den. Bederen urte batez.
Hortik, bada ikasgai bat hartzekoa, gero eta gehiago azken denboretan begi bistakoa gertatzen ari dena: sareak eta beren eraginak. Herrialde desberdinetako egituren eta jendeen arteko sareen osaketak eta lanketak, emaitzak emendatzen ditu. Herri tipiak deitzen gaituztenen indarra, herrien arteko sare horren baitan da eta elkarren artean landu harremanen baitan. Dagoeneko ditugunak eta sortzekoak diren sareak landu behar dira, ahal bezain tinke, hortik baizik ez baitaiteke zinezko eragin talde bat sor eta aitzina egin, gutxienik gibelera ez, gure nahien eta interesen kontrako korronteak kausitzen ditugunean. Ezin gara egon euskaldunak eta frantses Estatuko beste herrialdetakoak, ez gure hizkuntzaren gaiarekin, ez beste edozeinekin, bakoitza gure kantoinean, bakoitza bere dinamikak eramaten. Gure muga gehienak aurkari berarenganik etorki eta amankomunean hainbeste izanki, beharrezkoa eta logikoa da batzea: batzuk eta besteek egiten dugunaren berri emanez eta trukatuz, noiztenka dinamika amankomunak definituz, eta behar denean, arazoa orokorra edo batena bereziki denean, aho batez eginez buru.
Neke gerta badaiteke erakunde mailan aritzea, administrazio desberdinen menpe eta eremu desberdinetan diren egituren artean proeiktu zabal, iraunkor eta orokorrak eramatea pisua izaten ahal baita, nonbait egokia dena beste nonbait ez hainbeste, bederen pertsonen arteko harremanak garatu eta entretenitu behar dira, behar orduan pertsona horiek sareen ateak izaten baitira.
Gainera holako sareak aberasgarriak ere izaten dira, beste batzuek egiten dutena ikusteko parada ere izaten baitira, etxekoz-etxeko aritzetik, zirkuito hetsitik ateratuz eta freskotasun zerbait ekarriz, ideia berriak, ikuspundu desberdinak,... Eta gaurko egunean, harreman horien garatzeko ahalak ere baiditugu.
Ez da gauza berria, jadanik badira mota horretako hainbat talde edo harreman, batzuk aspaldikoak: imertsio ereduetako eskolek osatu ESKOLIM sarea, lege aldarrikapenak eramaten dituzten egiturek sortzen ari duten sarea... Nireganik hurbilago eta erakaskuntzari loturik, adibide xumeagoak badira: Rennes-eko egitura batek osatu du eskaintza berezi bat bretoiera ikasteko Euskal Herrian dugun batean oinarriturik, Bretainian 'Ya d'ar Brezhoneg' (Bai bretoierari) kanpaina eraman zuten, okzitandarrek laguntza eman ziguten egiaztatze dispositiboaren lanetan, haiekin ikasi genuen zer zen formakuntza profesionala eta nola kudeatu eta luza gaitezke... Hots hainbat adibide batzuen eta besteentzat aberasgarriak eta onuragarriak izan direnak.
Dudarik gabe, horiez bestalde ere badira sareak eta ekintzak, maila zabalekoak zein tipiagokoak, jakiten ez direnak eta espero izan behar da izanen direla geroan ere gehiago, masiboki buru egin nahiz nor bere aldean garatze aldera.
Argazkia: "Tisser sa révolution" by Biphop
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina