Azken aldian transmisioaz aritu nintzelarik, Euskal Herri eta bereziki iparraldeko garai batekoei begiratuz, orduko transmisio ereduaz zenbait ondorio ateratu nituen. Horrela, transmititzen zen zerbait osoa eta funtzionala, molde inplikatzaile eta aktibo batean: hizkuntza, jakintza (munduaren ezagutza, sinesteak, gertakarien azalpena...), teknikak (gauzen egiteko moldea), izaerak (gizarte izan beharreko jarrerak), azkenean, erakaskuntza arloan, teoriek aipatzen dituzten savoirs, savoir-faire et savoir-être, beste zenbait gauza artean. Eta definizio horren gibelean dena, zer da, ez bada kultura bat? Alta, batasun hori izateko, osotasuna zaintzeko, koerentzia beharrezkoa da: bakoitzak ongi definiturik izan behar du eta denek elkarren artean ongi uztarturik egon behar dute. Eta nire iduriko, parametro gehiegi aldatu dira errateko, gaurko egunean, duela mende bateko transmisio beraz, osagarri berekilakoaz, ari garela errateko
Oroz gainetik, kultura kontzeptuak ezagutu lerraketa eta aldaketekin genuke nahastea.
Kulturaren nozioaz, honen bilakaeraz, tratatzeko moldeaz eta emaitzez aritu aitzin, zenbait gogoeta badira egitekoak gaurko egunean dugun gizarte ereduaz eta aldaketa lasterrez, frango fite iraganak, mende batez eskas gertatu baitira denak.
Hasteko, laburki, iparraldea iragan da nagusiki gizarte autarziko laborari elebakarra izatetik, gizarte hiritartu moderno erdaldun eta anitza izatera.
Bizi eremua bera aldatu da, gure lanak, interesak eta ibilbideak. Gure perspektibak ez dira gehiago herri, ibar edo eskualdekoak. Sareak berak aldatu dira, sozializazioa beste gisa batez burutzen da, gizarte koesioa ere.
Jakintza aldetik, munduaren antolaketa eta funtzionamendua eta honetaz dugun ezagutza, gure ikuspegiak, gure esperientziak arrunt desberdinak dira. Jakintza mailan, beharrak eta errealitateak aldatu dira ugaltzeaz gain. Tekniken aldetik, izan behar eta nahi ditugun gaitasunekin, duela mendea funtzionalak, egokiak, puntakoak izan zitezkeenak eta bizimolde bati lotuak, depasatuak izateaz gain, ez dira funtzionalak, jendeak ez ditu horiek behar eta erabiltzen. Beharrak beste batzuk dira, anitzak, batetik bestera desberdinak, aldakorrak eta iraungaitzak. Izateko moldeak ere aldatu dira, bizimoldeak eta gizarte antolaketak aldaturik, eredua arrunt desberdina bilakaturik, nunbait globalizaturik, iragan mendeko kodeek ez digute balio gaur bizitzeko, erabiltzen direnak ez dira baitezpada leku bat edo bestekoak, errealitate eta garai batekoak baizik.
Transmisio eragileei doakienez, zentzu zabalean hartuz, osotasun gisa, bada zer erran. Osotasunaren transmisio ultra-sozializatua iragana da, zeinetan jendeak edo taldeak emaile eta hartzaile diren, aktiboki. Orain definitzen dira hezkuntza eta kultura. Eta nire gustuko hizkuntza oraino bestalde. Hezkuntza aldea, eskolen gain edo bakoitzaren gain gelditzen dena aparte utziko dugu.
Gaur kulturgintzan ari direnak maila desberdinetan kokatzen dira, bakoitzak eremuak ontsa finkaturik: erakunde publiko eta pribatuak, elkarteak, taldeak eta norbanakoak. Guziak transmisioan ari dira, ez baitezpada molde kontrolatu eta egituratu batean eta zabaltzen dutena zeren arabera definitzen duten ez dakit.
Jasotzaileen aldetik, publikoa dei daitekeena (hau bera ohargarria da): anitza da, hemengoa, hemengotua, kanpotarra, euskalduna, erdalduna, nik dakita. Bakoitzak nahi eta behar bereziak ditu eta ezin zaie denei eduki berekin eta molde berean zuzendu. Eta gehituko dut, kulturari dagokionez zentzu zabalean, ez dela baitezpada parte hartzailea publiko hori, ez da inplikatua, usu gerta daiteke kontsumitzaile, pasiboa, hortan ere haustura bat bada. Alta, batzuetan parada bada parte hartzaile izateko, besteetan ez. Nire iduriko, frangotan gauzak ez dira bizitzen, begiratzen dira. Honek dakar beste fenomeno bat, intelektualizazioa dei daitekeena: horrela denek baloratzen ditugu ekitaldi kulturalak, beren lehen funtsa, gehienetan, ez zelarik ikusiak eta baloratuak izatea, baizik eta soziala, baliosa, zerbait pasaraztea edo plazer hartzea.
Hizkuntzari doakionez, eremu murritzak izateaz gain, ez da funtzioala, ez da praktikoa. Lehen ez bezala, duela gutxi arte, iduritzen zait usu bereizi izan dela kulturarenganik, tratatua izan dela elementu isolatu gisa, (arrastoak badira mintzo garelarik oraino, kasik biak ez nahasteko bezala). Hizkuntzaren transmisioa eskola eta familiaren gain gelditzen da, baita zenbait elkarte. Inpresioa dut euskara ikasten denean, euskara ez dela bitarteko gisa tratatzen, baizik eta aparteko elementu gisa, eta gero erabilerara eramaten, gero funtzio bat ematen. Gaurko teoriek, beste zerbait diote, beste gisa batera tratatzea nahi lukete, baina praktikan egiten dena eta ahal dena ez dakit xuxen zer den. Dena den, euskarak kulturaren ate batzuk idekitzen baditu ere, kultura ez da baitezpada euskaraz egiten, ez doaz gehiago juntaturik.
Azkenik, transmisioa burutzeko egoera eta bideak aipatu gabe ezin da egon, nahiz neurgaitza izan hauen eragina transmisioaren beraren kalitatean. Lehen, guzia nagusiki ahoz egiten bazen eta biziko egoera “arruntetan”, buruz buru edo taldean, bakar batzuetan idatziz edo eskolan, panorama berriak beste zerbait dio: leku, tresna eta kontestu anitzak eta jatorri desberdinak.
Ororen buru, dena aldatu da transmisio mailan. Errealitate, bizimolde, antolaketa, eragile, behar eta jarrera berrien aitzinean gara. Oroz gainetik, beste garai batez ziren beharrak aldatu dira, jakin beharrak, sineste, errepresentazioak, mundua bera, egiten jakin beharrak eta izateko moldeak berak, kulturaren osagarri horiek. Hots transmititu, eskuratu behar diren elementuak desberdinak dira, ondare mailara pasatu direnek hor segitzen duten bitartean berriak agertu dira. Horiek oro zein dira eta nola tratatzen ditugu, nolako ekimenak ditugu? antolatzen ditugunek batasun zerbait atxikitzen dute? Egokitzekotan gara egoera berriari?
(...)
Argazkia: Handicraft by *Muhammad*
2011-05-25
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina