2012/05/30

Hiltzen dute hitzek


Hitzekin egiten duzu lan, jolas, irri, zernahi, egunero eta urtez-urte.
Ustea duzu hitzak direla misteriorik handiena, altxorrik ederrena
Badakizu hitzek diotena baino gehiago salatzen dutela beti.
Erran dizute begiratuak izatea merezi dutela eta jario jarraiki beharrekoak.
Haatik, kasu egin behar zenuke.
Egun batez, ustegabetarik, hitzek(in) hil baitzaitzakete.
Eta gero... 

2012/05/26

Elkorra banintz hobe?

Goizean zaindu dudan azterketara etorri ziren azterketari gehienek 17 eta 20 urte artean zituzten, gehienak betidanik ikastolan ibiliak, batzuk asteburuz-asteburu hizkuntzaren onerako sobera hartuak ziren aspaldiko engaiatuen seme-alabak, denek euskararen aldeko diskurtsoa entzuna dutenak eta ez gutxi.
Gehienak euskaraz aritu ziren goiz osoan, batzuk ezin izan zuten. Batzuk gelatik atera bezain laster frantsesez ari ziren kurutzatzen zuten edozeinekin, egunerokoan izanen zuten joera salatuz.

Baliteke azterketaz pentsatzea baina uste dut ingurua egin nuela jadanik beste behin eta ez dela hor arazoa.
Baliteke gaur beste hainbeste itzuli ematea euskalduna den belaunaldi horren praktika eta pertzepzioei buruz, ardura sektore eta tendentzia bereko jendearen eskutik sortu euskaraz bizitzeko eskaintza hain urriaren artean bizi diren gazteak, euskarari hemen berean funtzionalitate hain gutxi ikusiko dietenak, euskara eskolako gai kakingarri gisa duketenak agian, hizkuntzaren geroaren zama astunegiaz enkargatuak.

2012/05/25

Euskaraz? (12)

- Euskalduna zira ! Ontsa da hori ! Xantza duzu ! …

Tarte erlatibo bat iragan ondoan :

- Errazu, aspalditik xerkatzen dugu norbait errugbi partiden artetik eta gaualdi batzuetan aurkezle izateko, bo, gauza gutxi ee ! Zeren baikinuen izenpetua Bai Euskarari eta... Partida komentatu, jokalariei buruzko aipamen batzuk egin eta hola... sinple. Ez zenuke nahi ?

2012/05/22

Maite dut saio perfektua

Maiatza beti da zaila, ikasle nahiz irakasleen aldetik ez dira izpiritu biziki fresko eta irekiak izaten : badira besta eta oporrak, luzatzen doazen egunak, ikasturte osoko nekea eta aroa. Aurten aro euritsua da, den mendreneko xantza nonbait. Lanak ez dira eginak, aitzineko klasean erranak ahantziak dira, jendea ez da klasera agertzen... Eta zuk pentsatzen duzu garai bat dela, berriz abiatuko dela dena, azken txanparako bederen, zure etsipena ez erakusten entseatzen zara, usaian baino oraino atseginagoa izaten zara. Baino bon ez da gauza handirik ibiltzen. Kuraia fite galtzen da, irakasle guziak deprimituak dira, dudakorrak, pleinitzen dira geldi-geldia, kafe anitz edaten dute eta bixkotxak jaten egun osoan zehar. Tristea.

Eta bapatean heldu da !! Klase perfektua !
Baina zer ote da klase perfektua ?

Batzuek erran lezakete ez dela saio bakarrera mugatzen, gauza konplexu eta korapilatsua dela, luzaz planifikatu eta landu duzuna, parametro anitzekoa, oreka maila handikoa, eduki pertinente frangoren koktela, edozeinen eskutan sortzen ez dena hots. Kimera bat ?

2012/05/12

Militantzia


In Absentia Luci Tenebrae Vincunt


Euskal kultura eta euskararen arloan beti beharko da militantzia kutsu handia nahi badira gauzak aldatu edo hobetu.
Komunzki euskalgintzakoen eta kulturgintzakoen aspirazioa da profesionalizazioa eta baldintzen hobetzea, egituratzea eta juntatzea « arlo komunak » deitzen direnetara. Humanoa da, arrunta eta neurri handian ona ere. Gisa horretan, iragan mende osoan zehar sortu dira konfederazioak, egitura instituzionalak, politika eta egitura publikoetara juntatu dira asmoak eta batzuetan egiturak berak. Hainbat ekimen arlo publikokoak dira gaurko egunean, nola edo hala diru publikoz hornituak, politika eta egitura publikoetan integratuak.