2012/05/12

Militantzia


In Absentia Luci Tenebrae Vincunt


Euskal kultura eta euskararen arloan beti beharko da militantzia kutsu handia nahi badira gauzak aldatu edo hobetu.
Komunzki euskalgintzakoen eta kulturgintzakoen aspirazioa da profesionalizazioa eta baldintzen hobetzea, egituratzea eta juntatzea « arlo komunak » deitzen direnetara. Humanoa da, arrunta eta neurri handian ona ere. Gisa horretan, iragan mende osoan zehar sortu dira konfederazioak, egitura instituzionalak, politika eta egitura publikoetara juntatu dira asmoak eta batzuetan egiturak berak. Hainbat ekimen arlo publikokoak dira gaurko egunean, nola edo hala diru publikoz hornituak, politika eta egitura publikoetan integratuak.


Alta, iduritzen zait ontsa egitekotan ez dela sekulan aski izanen, beti militantzia parte bat beharrezkoa izanen dela.
Hasteko, etengabe izpiritu kritikoa ukan behar delako norberak egiten duen horri begira baita inguruan denari begira, ez baita sekulan lortuarekin ase behar, beti eskasa izanen baita. Gero neurri handiko egituretan, erran dezagun argiki instituzionalak diren horietan batez ere, joera izaten delako autosatisfakzio eta autozelebrazioren antzeko zerbaiterako ; iduri baitu beti estimatu behar litekeela poderearenganik eginak azken batean diru publikoz, gu denen diruz, burutua baizik ez dena izaten. Bestalde ere, berritasuna eta freskotasuna egitura guzietatik kanpo direnenganik etortzen baitira, beste nonbaitekoak direnak edo ideia berriak ekartzen dituztenak, ez baita aski ate aitzinean denari behatzea, interes pertsonaletatik haratago, gutxieneko altruismo eta grina zenbait garatu gabe. Eta azkenik, nehork ez baitu egoera bat edo eremu bat eta honen beharrak hobeki ezagutzen hangoa eta han ari denak baino.
Funtsean, a posteriori, hori bera froga daiteke edozein erakunde handiri behatuz : nehor gutxietsi gabe (holako asmoa urrun niganik), aitzinamenduak egiten dira bakar batzuenganik edo maiz egitura xumeago, jende multzo baten iradokizun eta ekarpenetatik, espontaneoki edo goitik beherako batean baino. Denak « funtzionario » gisa arituko bagina, luzamena baizik ez genuke.

Militantzia funtsezkoa bada munduan, gurean pixka bat gehiago, naski. Haatik ez betiko cliché-a den hori, neurriz kanpoko militantzia, pisua zaizun eta erretzen zaituen hori; baina bai egunero desberdinki eta hobeki egiteko gogoz eramana, urrunago begiratzea eta bilatzea, den mendreneko lorpenarekin kontentatzeko joera ez ukaitea eta jarrera baikor eta aldaketaren aldekoa sustatzea.  Egia diteke noiztenka luzatzen eta nekatzen dela, agian iduritzen zaizula ez dela aitzinamendurik, ez zaituela uzten garatzen, ez dizula ezagupenik ematen eta holakoak; bizkitartean baliteke sentimendu hori faltsua izatea.

Apaingarria: Ben

iruzkinik ez: