2012/04/23

Maite dut enbeia ukaitea

Erran dezadan, oporrak maite ditut. Dudarik gabe.
Ez baitezpada deusen ez egiteko parada izan behar bailukete, baizik eta beste gauza batzuk egitekoa, ez ohizkoak hots, usaian egiten ez direnak, denborarik ez baitut, antolaketa mailan dena ipurdiz gora joaten baitzait... Ene kasuan biziki preziagarria da, jakinik barreiatzeko arrazoinak eta gainera jitea ere ez ditudala eskas. Egiaz maite ditut oporrak, zenbait gaien inguruan pentsatzeko aukera izaten direlako, agendarik gabe eta presiorik gabe, parasitoetatik urrun, izpiritua libro. Ixilik eta korapilatzeko arrisku gutxirekin.


Oporretan naiz, eta bai badakit behar nukeela auher egon. Batzuetan zaila da. Bi egun iragan ditut ene buruari baizik ez pentsatzen. Eta orain hasia naiz pentsatzen egin nahi nukeen guziari, eta nola ez, laster, lanera itzultzean egin nahi nukeenari. Hasia naiz enbeia ukaten, bizpahiru pausa egunen buruko gertatzen den bezala (ez?)

Heltzen zaizkit holako gogo batzuk, zirimolan.
Gogoa, lan egiteko moldean zerbait aldatzeko, bata edo bestearen artikulua irakurri dudanaz geroztik edo konferentzia batean entzun dudan zerbaiten haritik. Nire segurtasunetan bultzatua izateko nahia, zerbait diferentearen enbeia.
Adibidez, neurozientzien inguruan sakontzea balio lukeela pentsatu dut eta memorizazioa hobetzeko teknika batzuk entseatzeko irakurtzea DellaChiesa-k horren inguruan idatzi omen duena eta zer egina izan den; entsegu batzuk egitea. Adibidez. Edo berdin, proiektu polit batean sartzeko gogoa dut, motibagarria, aberasgarria eta koesiorako ona litzatekeena.
Nahi nituzke ere azken hilabeteetan nire zain diren liburu guziak irakurri. Nahi nuke denbora hartu. Nahi nuke joan zinemara, beste herrialde batera, museora.

Opor denboran ez dut astirik ukanen horien guzientzat, ez nuke gaizki pare bat gauza aitzinatzen banitu. Eta itzuliko naizelarik, ez da aldaketa ikusgarririk egonen ere ez, dudarik gabe, gauza guzien ontsa egiteko sekretua den antolaketa bi egun gabe errekara joana izanen baita.

Anartean, dena ongi doa.
Oporrak zertarako dira ez bada hain goxoa den “enbeia” hori ukaiteko doia?

Argazkia: Square Nature by m4tik

iruzkinik ez: