Ipar Euskal Herrian, euskalgintza urteak joan ahala moldatu zen heinean, egiturak joan ziren garatzen eta jendeak kontratatzen. Kontratazioak, elkarteak enpresa bihurtzeko lehen urratsak izan ziren, kontratazioen ondorioz bigarren urratsa izanen zenean profesionalizatzea. Horiek hola, elkarte hutsak zirenak, bederen eragile « nagusiak » deitzen ditugunak, joan ziren hornitzen mota guzitako baliabidez, humanoak barne. Mugimenduaren, bere misioen, langilegoaren, kideen onerako izan zenik ezin da ukatu, ezin baita imaginatu herritarren gain izatea beti hainbat lan eta eginkizun.
Alabainan, gaurko egunean, entzuten da maiz, gehiegi kasik, multzo batek daraman diskurtso bitxia, partekatzen ez dudanez zalantza frango sortzen didana:
« Ni ez naiz profesionala. Elkarte bateko langilea naiz. Elkarte bat gira, saiatzen gara gauzak egiten profesionalki baina, bon, amateurrak gira. Hori ezin da egin, ez da gure mailakoa. Ez gara gai. » eta gisa hortakoak, oposizioak sortuz, behar ez luketen lekuan eta argumentu gisa erabiliz anbiguitate haundiarekin.