2011/04/29

Euskalgintza profesionala?



Ipar Euskal Herrian, euskalgintza urteak joan ahala moldatu zen heinean, egiturak joan ziren garatzen eta jendeak kontratatzen. Kontratazioak, elkarteak enpresa bihurtzeko lehen urratsak izan ziren, kontratazioen ondorioz bigarren urratsa izanen zenean profesionalizatzea. Horiek hola, elkarte hutsak zirenak, bederen eragile « nagusiak » deitzen ditugunak, joan ziren hornitzen mota guzitako baliabidez, humanoak barne. Mugimenduaren, bere misioen, langilegoaren, kideen onerako izan zenik ezin da ukatu, ezin baita imaginatu herritarren gain izatea beti hainbat lan eta eginkizun. 

Alabainan, gaurko egunean, entzuten da maiz, gehiegi kasik, multzo batek daraman diskurtso bitxia, partekatzen ez dudanez zalantza frango sortzen didana:
« Ni ez naiz profesionala. Elkarte bateko langilea naiz. Elkarte bat gira, saiatzen gara gauzak egiten profesionalki baina, bon, amateurrak gira. Hori ezin da egin, ez da gure mailakoa. Ez gara gai. » eta gisa hortakoak, oposizioak sortuz, behar ez luketen lekuan eta argumentu gisa erabiliz anbiguitate haundiarekin.


Lehenik, bikoteak sortzekotan, elkarte/enpresa eta militante/langile edo amateurra/profesionala beharko lukete, nahiz hauek gehienetan gaindituak izan. Bigarrenik, holakoak hedatzean, zeharka, elkarteek egin dezaketen lana mendratzen da eta bide beretik norberarena. Hirugarrenik, elkarteetako lana, lan amateurrari lotzea eta profesionalaren kontrako gisa ezartzea faltsua da, funtsik gabekoa nire iduriko. Laugarrenik, elkarte izatearena, berez, estatusa da, juridikoa eta ez du deus ikustekorik langileen funtsetan, egituraren perspektibetan eta eraman daitekeen lanaren kalitatean. Bosgarrenik, enplegatu figura horien definitzeko orduan, adjektibo bakarrari mugatzea nekea da. Elkarteetako langileak garenak, profesionalak gara pagatuak garenetik, edo/eta noiztenka hala jokatzen baitugu; militanteak gara neurri batean oraindik; amateurrak gara ere definizioaren arabera bederen.
Seigarren eta azkenik, gureak diren eztabaida, lan ildo, erronka, baliabide eta antolaketen argitan, zerrikusi haundiagoa dugu enpresekin, auzoko elkartearekin baino. 

Jokamolde honen arrazoinez galdetuz, ez dut sinesten errealitateaz ohartu ez izana daitekeenik. Baliteke, sinpleki, hurbiltasun bat markatu, elkartearen bermea oroitarazi, legitimitate bat adierazi nahi izana, agian nostalgia zerbait azaleratzea. Alta, gehienetan, iduritzen zait diskurtso honen eramaleak inkontzienteki beste arrazoin batzuengatik daramala eta seguraski ondorioak neurtu gabe.
Bereiziko nituzke:
- Ukazioan direnak: azken hogei urteak iragan ez balire bezala bizitzen direnak eta besteak ber gisan biziarazi nahiz, ordukoak baitira menperatzen dituzten parametroak eta segurtasuna eskaintzen baitie.
- Estigmatizazioan direnak: euskalgintzako langile gaixoaren sineste komunaren entretenitzeko, biktimizazio saio bat, faltsua dena, gaurko egunean euskalgintzako langile gehienen kasuan.
- Beldurrarekin direnak; espirala enpresarialaren beldurra, kanbiamenari buru egin ezinaren beldurra, kanbiamena bera, nork bere gaitasunekiko izan dezakeen duda.
- Frustrazioan direnak: ezina, erredura, bakoitzak dituen mugak edo bere buruari jartzen dizkionak,. lan demasa egiteko, denboraren kontra aritu beharra etengabe, …

Hots, elkartea/elkartekidea izatearen aitzakiak, nekeziaren eta aldaketaren aurrean ihesbide ederra eta bizia konplikatzen denean paravent eder bat eskaintzen digulakoan nago. Eta jokamolde honen ondorioetarik bat da, ikusmolde hori partekatzen dutenek eta ez dutenek, elkar trabatzen dugula egunerokoan, soka bakoitzak bere aldera tiratuz bezala.
Ausartuko banintz, kide horiek hurbilduko nituzke, soziologian, free-riders deitzen direnenganik: ez hainbeste saltzen dituzten ilusioez kulunkatzen direlako, gutxirekin kontentatzeko itxura ematen bermatzen edo autosatisfakzio narzizikoan barna ari direlako; baizik eta beren buruei gezurretan ari direlako, gertatua ukatzen eta aldi berean honen onura guziak hartzen eta estimatzen, baita inertzia mota bat entretenitzen dutelako, usu eztabaida egiazki den lekutik urrunduz.

Aterabiderik badenez, ez dakit. Seguraski egoera den bezala onartzera plegatu beharko genuke eta alde bakoitza landu, bata ala bestea ukatzea, egin bidea ahanztea bailitzateke edo egitekoa denari itsu gelditzea.
Euskalgintzaren bi zati eskizofrenikoak onartu edo...



Argazkia: Bris by  Franck Chicot

iruzkinik ez: