2012/12/16

Maite dut hitz guziak ulertzea

Bakoitzak ikasten du bere moldean. Horien artean, batzuek irakurtzen edo entzuten duten horretan, hitz bakoitzaren erranahia bilatzen dute eta behar bezainbat hiztegira joaten. Hurbilketa aski sistemikoa dirudi, definizioen ulermenean oinarritua, pratikarik ez dutena eskatzen, bakarrik kontzeptuez jabetzea, zentzu orokor batez. Bizkitartean funtsezkoa da.

Ikasten dena barneratzen da arrazoin desberdinengatik : ikasten da interes bat badelako baita motibazio zenbait ere. Interesik ez bada, motibaziorik ez da. Eta alderantziz. Interesa baldin bada ikastearen oinarrian, entretenitzen dena da.
Ikastearen definizioa begiratzen bada, jartzen du « bereizketa baten egitea dela », « ezagutzea », « loturak egitea gauza batzuk eta besteen artean », « garatzea gaitasun edo jakintza bat » « zerbaiten egiteko » eta eskura daitekeela « estudiatzetik nahiz esperientziatik »
Mugak baldin baditu ere hitzez hitzezko hurbilketa batek, ezagutzen arteko erlazioak eraikitzeko bidean lehen urratsa izan behar da.

2012/12/15

Zer dakigu irakaskuntzaz ?

Gure buruei galdetzen badiegu ea irakaskuntzaz mintzatzen denez, eta aski denez, bat baino gehiagok erran lezake baietz, beti irakaskuntzaz ari garela. Edo alderantziz, sekulan ez.

Inpresionea dut nik ere irakaskuntza mintzagai arrunta dela, tole aipatzen dela. Alta, ene iduriz bada distortzio bat, errealitatea gordetzen duen laino bat. Irakaskuntzaz, euskara edo hizkuntzen irakaskuntzaz barne, ari garenean aipagai dira hizkuntz politika, ikasle kopuruak, sartze kanpainak, inbertitzen diren diru kopuruak, bekak, erreferentzia eta modelo teorikoak, teknologiaren onurak, jarraitu beharreko eredu eta prozeduren informazioa. Gehiegitan kutsu manikeistarekin. Aktualitatera heltzen badira gai horiek, ardura berri txar edo ikuspundu kritikoak izaten dira.

2012/12/03

Euskararen kontra


Badut beranta handia, duela bulta bat jada, begi bat eman nion gainetik azken inkesta soziolinguistikoari eta iparraldeko egoeraz badira datu anitz. Ez naiz biziki zenbakizalea, zenbakiak aldakorrak baitira eta datu horiek direnarengatik behar baititugu: inkesta mailakoak dira. Alta, badira zenbait aski arranguragarriak baita aski berriak ere : euskararen kontrako iritziak.

Arranguragarriak dira bereziki aitzineko inkestatik hona egin duten jauziarengatik.