Badut beranta handia, duela bulta bat jada, begi bat eman nion gainetik azken inkesta soziolinguistikoari eta iparraldeko egoeraz badira datu anitz. Ez naiz biziki zenbakizalea, zenbakiak aldakorrak baitira eta datu horiek direnarengatik behar baititugu: inkesta mailakoak dira. Alta, badira zenbait aski arranguragarriak baita aski berriak ere : euskararen kontrako iritziak.
Arranguragarriak dira bereziki aitzineko inkestatik hona egin duten jauziarengatik.
Betidanik egon dira euskararen kontrakoak, Lapurditik Xiberura, adibideak ez dira falta. Urteak joan arau, politikoki ez egokia bilakatu da publikoki euskararen kontra agertzea, iritzi publikoa eta gizartearen jokabidea nora aldatu den ikusirik. Baziren seguraski euskara ez ziotenak ikus, horiek denek isilik iraun dute orain arte.
Orain, ba omen da kopuru erlatibo bat, inkestak dionaren arabera, euskararen politika baten eramatearen « ez alde » edo « kontra » direnak. Eta galdera pausatuz gero, deplauki hala diote.
Baliteke, garaian, euskara eta euskaltzaleak ez mehatxu gisa kontsideratu izana eta, dena gertaturik ere, azken finean hizkuntza horrek eta berekin zekarren guziak leher eginen zuela pentsatu izana hainbatek. Baliteke, gaurko egunean hizkuntza hori « mehatxu » bilakatu izana. Baliteke, krisi ekonomikoa dela eta, ezin jasan izana horrelakoetan diru publiko gero eta gehiago gastattzea, beti gutxiegi baldin bada ere. Baliteke ez gehiago jasan ahal izana euskalgintzaren eskakizun eta lema bakar bat ere. Baliteke... baliteke gauza andana bat horrelakoa, suposizio frango egin liteke.
Segur dena da, itxura guzien arabera, hemendik goiti, euskararen kontra den masa erlatibo eta deskonplexatuz doan batekin jokatu beharko dela. Konposatu beharko dela ondoko urteetan argiki agertuko diren hitz eta ekintzekin. Joera izan badugu ere beti lana ahal bezain argi eta garbiki egiteko, oraino garbiagoa eta profesionalagoa izan beharko da, inbertituko den euro bakoitzaren justifikatzearen heinekoa, zabalduko den mezu bakoitzaren zaintzearen aldekoa. Orain arte baino oraindik gehiago.
Argazkia: Untitled by Placho
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina