Gaur gurutzatu dut pertsona bat, nire begietan partikularra dena, oroz gainetik nire enpresa edo erakundearen historiaren aldetik. Azkenean, etxe honetako langile gisa eta euskaltzale gisa, errespetu komuna baino zerbait gehiago diot.
Korrikaren karietara, garai horietan, bisita berezi bat izaten dugu. Berrogeita bost bat urteko emazte batena, alegia deusez, isilik eta ardura presaka bezala, etortzen zaiguna. Bisita horri, beste mila aferen artetik, kasik nehor ez zaio ohartuko, gure artean ere bizpahiruk baizik ez baitakite, funtsean, nor den xuxen. Bere horretan pertsona arrunta da, ez du deusek bereizten besteenganik, salbu, honen ibilbide pertsonalak berezitasun zenbait metatzen dituela.
Kanpotik jin eta euskara ikasi zuen.
Euskara ikasi ondoan, lanbidez aldatu zuen, bere aldetik ere euskara irakaslea izateko.
Iparraldean euskarak ezagutu zituen hainbat auzietan inplikatu izan zuen bere burua, holakoak errexak ez ziren denboretan.
Eta, goiz batez, ondorengoan ukan zuen ondasun guzia, euskararen alde lan egiten zuen egitura bati utzi zion. Egitura bati. Zeini eta gureari, behar gorritan zen orduan hain zuzen.
Arratsalde honetan, itxura fin eta iheskorrak bulegoko atea pusatu du, usaian bezala hurbildu, laburki agurtu eta betikoa galdetu du: korrikako ibilbidearen berri, eskoletako material didaktikoa, soinu eta bideo batzuk, lauzpabost bizkarreko, bere ikastaldeari bana ditzakeen zenbait gauza eta deus gehiago. Bizkitartean, edozeinek galda lezakeena baino gehiagokorik ez du galdetu, hortik haratago, iduritu zait bere burua zordun ere senditu duela.
Bi urtetarik behin, izaten dugu bisita bera. Bi urtetarik behin goaitatzen dugu, baitakigu jinen zaigula, errezebitzen dugu, beste edozein bezala eta aldi berean piska bat hobeki. Nire bulego xokora heltzen delarik, oroitarazten dit euskalgintzako egitura eta langileek zenbat zor diegun karrika izkinetako jendeei eta beren ibilbideetan zein eredugarriak diren, bakoitza bere ahal eta neurrietan. Eta pentsarazten, karrika izkin guzietan kurutzatzen ditudala, euskararentzat nihaur baino anitzez gehiago balio eta egiten dutenak, zeinei esker hemen euskarak segitu baitu, orain artino bederen.
Heldu diren hamar bat egunetan, bide bazter guziak emokatuko dira pertsona miresgarriz eta guziak bereziak dira, dudarik gabe, horiek gabe ez baikenuke izaterik.
Gaurkoaren aipamen xume bat egin nahi nuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina