2013/10/20

Maite dut... ezjakintasuna

Ideia errotua da baina ez inozentea, gure gizarte modernoetan, langile eta pertsona orok “konpetentea” izan behar duela, kulturaz jantzia, gaitasunez josia eta jakintza intelektual garatuarekin, hauek dira preziagarriak diren kalitateak nahi bada segurtatu ongi gobernatuko dela langilea bere zereginetan. Baina pertsona baten lanerako gaitasuna neurtzea bakarrik dauzkan konpetentziengan oinarrituz, tronpatzea da, ikuspegi administratibo hutsera mugatua baita. Oroz gainetik, hutsala da bere lana sorkuntza izatea espero bada eta ez lan tekniko hutsa.

Konpetentzia beharraren gibelean gordetzen da ia sistematikoki konformitate behar bat. Konpetentea izatea da ontsa jakinean izatea aditu eta intelektualek diotenaz, mota orotako espertoek zabalduak. Hauen hitzek mila aldiz gehiago balio bailuten homo arruntarenak baino.

Intelektualegiak ez badira maitatuak, maiz poderearen adierazle direlako eta egokitzeko gaitasunik gabekoen gisa ikusiak baitira, ezjakin dena ere ez da sobera preziatua. Alta, iduritzen zait jakiteate ezaren kontzientzia eta honen aurreko jarrera baliosagoa dela, intelektualki garatuaren profila baino.
Ezjakintasuna, aitortua, ez berezko ezaugarri gisa baizik eta jarrera gisa, etengabeko galdezketa eta zalantza agertzeko joera ez da beti begi onez hartua. Horrelakoetan begi bistan atxikitzen baitira bi errepresentazio-edo. Lehena, genio txarrarena, bere ezjakintasunean nola edo hala kontentatzen dena, gisa batez harroputza, inkontzientea, inkontsekuentea. Bigarrena ignorantearen figura, deus ez dakienarena, ez dena on deusetako, baztertzekoa ez baitu taldearen kriterioekin bat egiten.
Bada hirugarren figura bat: bere ezjakintasunaren aitortzak eta honen ondorioz hutsunearen betetzeko edo besteei eskua emateko joera duen ezjakinarena. Bizkitartean, pertsona hauen egoera zaila da. Kalitate hau ez denez hainbeste baloratua, joera da kausitzeko gogoari gaina hartzea abandonatzeko gogoak.

Azken urteetan izan ditudan esperientzietan, ene inkonpetentzia eta ez jakintasun osotik ikasi izan ditut lan intelektualetatik baino anitzez gauza gehiago. Eta uste dut jarrera horrek konpetenteagoa egin nauela, ez metatu esperientzia eta jakitateen aldetik, baizik eta jarrera baten garapenean, besteei utzi lekuan, eraman trukaketa eta gogoeta kolektiboan, besteengan sustatu nahi izan dudan egiteko moldeetan.

Pedagogoa izan nahi dena ezin baita demagogoa izan, kontsumerismoari emana, irakurketa eta ikasketa bakartietakoa; honek eskaini behar duena ez da formatatzeko helburuarekin izan behar, baizik eta formatzearen helburuarekin eta prozesu horretan norberak besteengandik eta esperientzia kolektibotik ikas dezakeenaz kontziente izan behar du. Pedagogo denak emaile, egile edo eginarazle baino, bideratzaile eta iraganarazle izan behar luke, ez baita ez jakintzaren tenpluaren jabe, ez kudeatzaile, baizik eta besteekin batera eraikitzaile. Adibide soila emateko, ikasleekin anitz ikasi izan dut horrelako jokamoldea aplikatuz; maiz haien galderen erantzunak ez baititut ukan eta ez baitut jakin ere aurkitzen, aldiz, haiek berek ekarri izan dute klase zenbaitetara nik baino hazkurri gehiago, argitu izan naute arazo eta konponbide anitzei buruz eta harritu izan naute galderen erantzunen kausitzeko gaitasun eta bide berriekin. Txakosteak erabiltzea bezala da: indar doia eskatzen du eta eskilibrista dohainak ukaitea ere baina, azken finean, beste puntako xeila dotoreraino joatea baino lasterragoa, aberasgarriagoa eta politagoa da. Are gehiago, grazia du.

Badut lankide bat, erran dezadan biziki estimatua, erraiten didana maiz horrelako zerbait “Inkonpetente inkontzienteak ez izaten saiatu behar dugu eta ahal den bezainbat konpetente inkontzienteak izatea saiatu” Edo alderantziz, ez naiz gehiago oroit, berdin dio. Ez dakit hain inportantea denez non kokatzen garen jakitatearen eskalan. Agian inportanteagoa da nola gobernatzen garen gai honi begira.

Argazkia Txakostea by JakesLarre

iruzkinik ez: