Zein da holakorik behin ere entzun ez duena ?
Ateraldi ausarta bezain faltsua dudarik gabe. Bizkitartean, egirik ere baduena.
Alaina, haurrak ikastola batean ezartzeak salatuko ditu zure xede eta ideia pertsonalak, zure bizi proeiktua. Normalki, zeren hori ere baititaike frango aldakorra izatea. Hortik hara haurra ikastolan ukaiteak suposatzen du bestalde :
- Hilabetero kotizazioen pagatzea, nire kasu pertsonalean 50 bat euro haur bakarrarentzat, eskola publikoetan ordaintzen ez dena.
- Biltzarrez- biltzar ibiltzea ikasturte osoan, gure haurren onetan ; horretarako denbora atxeman behar da.
- Talo egiten, garagardo ateratzen eta holakoetan ibiltzea diru biltzeko, baldintza doi bat duinak segurtatzeko haurrei.
- Egutegi, zozketa txartel eta girgileria andanaren saltzea urtero.
- Eskola ateraldi, animazio guzietan eskua sartzea, ahalik eta hobekien atera daitezen.
- Herriko eta eskualdeetako administrazio organo, hautetsi eta arduradunengana joatea beti zerbaiten eske.
- Elkartasunaren izenean, bada ere zenbaitzuk ezin dutenaren jasaitea besteek.
- Euskarak gurean duen egoera jakinik, ez da akitzerik zernahi asmatzen gurasoak eta haurrak euskaraz bizitzera eramateko.
- Beste gisaz zor zaizkigun gauzak erreklamatzea etengabe, « normalak » izateko gisan, ez beteak baino hobeki, ez okerrago : guk ere zergak ordaintzen ditugu eta diru publikoaren berbanaketa/bideratzea egiten denean, ez gara besteak bezala sistematikoki kondutan hartuak.
- … eta luza daiteke.
Ikastolan sartzeak desmartxa bat gehiago suposatzen du hastapenetik eta gero, oroz gainetik, denbora, dirua, energia, abilezia eta tema zerbaixka ere, beste edozeinetan baino doi bat gehixeago. Justiziarik izanen ez deno, besteek bezalakoak izateko, besteek egiten ez duten guzia gure gain izanen baita.
Orduan, bai, ikastola burges eskola dugu. Horrelako proeiktu baten aitzina ateratzeko, kideek behar dutelako zerbait gehiago ukan, edo, ez bada hala, zerbaitetaz pribatu.
Eta zer erranik ez, bihar, suprefetak lege zahar absurdo baten betetzea bideratuko balu.
Ale, hop. Hendaiara.
Argazkia: Injustice by Dustin and Jenae
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina