2013/02/24

Maite dut... ispilu efetua

Bihar banoa klasera eta « ispilu efetua » testatzeko eguna izanen da. 
Noiztenka ordezkapen bat egiten dut ikastalde batean : ikaskideak maila apalekoak dira, normal den bezala, komunikatzeko maila eskasa duten euskaldun multzo bat. 


Ikasleak euskaraz mintzo dira.
Batzuetan. 
Hitz egiten dute frantsesetik ahalik eta hurbilen den euskara mota bat erabiliz. 
Zergatik ? Errexagoa baita, ez da hain konplikatua, denei ezaguna zaien sintaxia eta ahoskera baten erabiltzea efikazagoa idurituko zaie, haien artean aritzeko behintzat. 
Dena den, klaseko ikasleek euskaraz hitz egiten dute norekin ? Klaseko beste ikasleei, biziki ontsa ulertuko dituzten ikasle frantses eledunei (haiek bezala pentsatzen baitute...). Edo irakasleari : horrelako desformazio profesional bat duena, garatu duena gaitasun bihurria ikasleen ulertzeko, beraiek deus erran aitzin eta nolanahizka erranik ere. Bederen, haien ulertzeko zazpi ahalak eginen dituenari ari dira irakasleari zuzenduz. 
Bakar batzuk, hyper-diziplinatuak, ahaleginduko dira klasetik kanpo beren baitatik beste euskaldunei zuzentzen, gutxienik irakasleari espantatzeko ondoko klasean. Azken hauek minoritatea dira. Gaineratekoan nehor ez da euskaraz ari taldekidea ez den nehorekin eta hizkuntza maila ikusita, eni bederen, iduritzen anitz galdetzea ere dela. 
Beraz zer egin ? Deus eta goaitatu ? Irakasleen imaginazio mugagabearekin kondatu gabe litzateke. 
Talde horrek badu gaitzeko xantza. Badira antzeko ikasle batzuk, bi talde maila biziki apalekoak, bakoitza Euskal Herriko izkin batean. 
Hilabetean behin elkar kurutzatzen dute, edozein ordenagailu eta helbide elektronikoak aski dira horretarako, eta ikasle galderak pausatzen dizkiote elkarri, diskurtso elaboraturik gabe, elkar ezagutzen dute eta kondatzen egiten dituztenak, momentukotz duten hizkuntza mailarekin. 
Eta hor zer egiten dute? Bistan dena, hastapen batean, haien artean komuna duten taldearen dialekto dialekto berezi horretan ari dira, irakasleak hain ongi ulertzen duena. Salbu beste puntan direnek ez dituztela ulertzen eta haien aldetik berdintsu egiten dutela ere (komunikatzeko gutxieneko indarra eginez halaber). 
Haatik kasu honetan, ez dute eskapatzerik : beraz errepikatzen dira gauzak bizpahiru aldiz, zuzentzen dira, berriz galdetzen... eta noizbait komunikatzera heltzen dira. 
Horretaz gain, irakaslearen lana ere arintzen du, azkenean taldeak baitu ahalegin hori egiten, besteei aipatuko dietenaren prestatzeko eta aurkezpena piska bat lantzeko, zuzentzeko... Beraz, auherrak direnentzat primerako plana da. 

Ispilu efetua da. 
Eta elkarrekin iragan momentuetatik hara hedatzen da kontua, ondorioak ditu orokorrean. Zeren, maiz gertatzen ez bada ere, hilabetean behin beste ikasle horiekin iragan beharko duten oren, oren eta erdiarengatik, klase guziz egiten dituzte indarrak aitzinatzeko, bai ulergarriagoak izateko, bai besteak ulertzeko, bai besteak ulergarriak izaten laguntzeko. 

iruzkinik ez: