2013/04/06

Abertzaletasunaz



"Abertzale izatea zer da?" 

Hau izan zen Enbata agerkaritik luzatu zidaten gaia, iparraldeko mugimendu abertzaleak 50 urte betetzen dituenez, gaurko abertzaletasunari edo abertzale izateko molde eta ikuspegi desberdineri buruzko gogoeta bultzatu nahian.
Doi bat harritu nintzen eni horrelako zerbait galdegin izanaz, ene ohiko buruhauste gai kuttunetatik kanpokoa baita arrunt eta ere doi bat politikan ez bainaiz jarraikia, nagusiki denbora eskasez, agian  jadanik jorratzen ditudan gaietaz gain, soberaxe bailitzaizkidake. Hots politika gauza ederra da baina uzten diet horretarako osagarria dutenei. Eskapa nintekeen beraz, gainera potoloa da galdera; azkenean ariketaren egitea onartu nuen, ahal nuen horretan bederen, hortik nihaurrenaz ere gogoetatzeko parada baitzen bide batez. 

Hurbilpen sistemiko bezain argigarri batean, abertzalea, nonahikoa, nazionalista da, nazio bati atxikia eta defendatzen duena. Nazioa bera, hiru elementuk definitzen dute: lurraldeak, hizkuntza/kulturak eta jendeak. Horiek hola, edozein eta edozerren kontra egin baino lehen, abertzalea da lurralde baten eta jendearen alde ari dena, horko kulturari fidela. Elementu banagaitzak dira hiruak. Iparraldeaz hitz egitean, de facto, Euskal Herriaz ari gara eta mailan horretan garatzeari pentsatzen. Gurean badakigu hizkuntza dela bereizten eta gure artean lotzen gaituen elementu identitario indartsuena. Herria euskararekin pentsatu beharko da, euskaldun izanik edo ez, Arzalluz-ek lotura honetan aski ontsa azaldua digu azken asteetan. Jendeari doakionez berdintsu, gure proiektuak gure jendeari eta errealitateari egokiturik garatu behar ditugu, jende horren interesetan, berdintasuna bultzatuz, erran dezagun, herri ukatu batekoak izanik, xumearen alde beti.

Hortik landa hasten da buruhaustea: bada proeiktu abertzalearen garatze bidean eman diren estrategia desberdinen kontua. Maiz biziki desberdinak. Batzuk euskara bigarren mailan uzten dute, garapen ekonomikoari inportantzia emanez edo ezagupen instituzionala garrantzitsuena dela konbentziturik, beste batzuek independentzia eta euskal Estatuarena dela aterabide onargarri bakarra, beste batzuek oraino dena
salbatu beharko dela edo deus, batzuk politikan ez dela denborarik galdu behar eta gauzak 'egin' behar direla,... Estrategia guzi horiek, nahi ala ez, bakoitzak ekarririk berea, Historiaren parte dira. Aitortu behar da, azken urteetako bilakaera, estrategia horiei zor zaiela, horiek baitituzte Euskal Herriaren aldeko ideiak sozialisatu eta gizarteko hainbat eragilek berenganatzea ahalbidetu eta gauzak aitzinatu direla argi bada, horri ere zor zaio. Arrangura bat baldin badut, hau da : estrategia horien deklinatze eta biderkatzean, ez ote garen galduko ? Ez ote gaituen barnetik aldatu nahi dugun sistema honek jadanik irentsiak ? Ez dugunez elementu bakar batzuei inportantzia emanez anitz galduko? Horrek guziak ez duenez denbora iragaiten uzten eta gure indarrak galtzen? Alderdietako kide izan gabe, galtzeko izan dugu maiz, batez ere alderdien arteko eztabaida eta zatiketen aitzinean.

Mugimendu abertzale edo asimilatuen sentsibilitate politikoei doakienez ere bada zer erran. Hasteko, aldarrikapen abertzaleak sozialisatzearekin, hasieran aldekoak ez ziren tendentzia batzuetaraino heldu dira; paralelloan abertzale batzuek egitura politiko frantsesak integratu dituzte ere. Horren adibide garbia da argazki honetan azken asteetan lurralde kolektibitate baten aldeko mugimenduaren mahaiko kideen aniztasuna. Gaurko egunean abertzale gisa autodefinitzen direnen koloreak anitzak dira : ezkertiarrak, anarkistak, erdi zentristak, UMPkoak berdin, ideia abertzale batzuk berenganaturik dira. Pertsonalki, nahasgarria eta sinesgaitza zait, bi nagusi nekez zerbitza daitezkeelakoan. Baikorki ikustea ere baliteke, gai eta aldarrikapen horiek ez baitira bakar batzuen esku egoten eta horrela ere dutelako bide egiten. Haatik, erran dudan bezala, beti uzten du mesfidantza pundu bat: gure Historia guzian baitakigu dozenaka aldiz galdu garela, tronpatu gaituztela, erabili gaituztela eta kasik ederregia zait atzoko aurkarien ondoan gertatzea gaur zenbait gauzaren defendatzen.
Ildo honetatik, haratago, nekeagoa zait oraino alderdi abertzale bati « ezker »-rekoa delako kalifikatzailea gehitu beharra : alderdi edo pertsona abertzale baten ideologiak ezkertiarra behar luke, logikoki. Abertzalea populu minorisatu batekoa bada, hemengo eremuak, kultura eta jendeak defendatzen baditu, ezkerrekoa behar du eta minorisatuaren interesetan aritu behar du, bai Euskal Herrian, bai hemendik kanpoko edozein problematikan hitz edo esku hartzean. Sozialki, ekonomikoki, politikoki, lekuko jendearen alde bagara, xumeen aldekoak, nekez defenda dezakegu jende hori gure diskurtsoak eta eginak ez badira ezkerrekoak, gure ikuspegia iraunkorki lekukoaren garapenarena behar baita, sostenigarria eta solidarioa. Ezin da ahantzi herri honi kaltegarrienak liberalismo eta kolonialismoa direla betidanik. Ez da hala gertatzen, zoritxarrez, neoliberalismoari eman abertzale etiketadunak ez baitira eskas.  

Gero konkretuki, filosofia alde batera utzirik, abertzale izatea egun guzietakoa da, eleetatik aparte, norekin ari zaren, zein helbururekin, nolako desmartxan, zer egiten duzun, zer kontsumitzen eta abar... Dudarik gabe, zailena pentsatua eta egina bat etortzean izanen da. 
Pertsonalki alde batetik erraza zait, hautu eta ogibideak euskararen aldeko mugimenduetan bainaukate; hortik kanpo,ene praktikek erran ditudan guziekin bat egin dezaten ahalegintzen naiz, bururaino eramaten eta koerenteki jokatzen: kultura, kontsumo, jokamolde, engaiamendu... -en aldetik eta hor da konplikatzen afera. Nor bere buruarekin bakean izatea ez baita gauza merkea.

Ez dut nik marrarik marraztuko eta bakoitzari rola jarriko. Bakoitzak du bere burua kokatuko eta nagusia zein duen ondorioztatuko. Etzan nitzazkeenak hemen dira, atxeman ditudan ene egi tipiak dira, beste nehorrenak. 

iruzkinik ez: