2013/04/07

Parte hartzeaz

« Parte hartzea aztergai » izan zen iragan udan UEUk antolatu ikastaroetarik baten izenburua.
Urte guziz, uda heltzen denean ikastaro bat edo beste egiten dut eta aurten honetara joan nintzen. Ez dakit zer espero nuen, gaia interesgarria iduritu zitzaidan hasteko, seguraski orduan frango entzuten zelako honetaz, parte hartzea, auzolana eta horrelako gaiak frango modan izanki. Berria den zerbaiten kutsua hartu nion, sistema demokratiko guzien oinarrira joatearen hori berpiztea, ez dakit. Eta garaian denbora ere atxeman nuen, nahiz idaztekoa gelditu zaidan geroztik.


Parte hartzearen gaia berez, pentsatzen dut elkarte anitzen arrangura izaten dela. Euskalgintzan berean ez da egiturarik zeinetan ez den entzuten jendea gehiago inplikatu behar dela, lana desberdinki banatu, gaurko egunean egituretako jendea ez dela aski aktiboa eta holakoak : buruhauste bat izaten da bereziki langileak dituzten egituretan, langileen gain gelditzen baita gauza frango eta ondorioz hauek lana, protagonismoa baita ere nolabaiteko poderea berenganatzen baitute.

Gaiari buruz, euskaraz edota frantsesez gauza biziki gutxi ikusiak nituen ordurarte eta deigarria egin zitzaidan, aitor dezadan, bereziki alderdi politiko batek programa « sistema parte hartzailearen » teman nahiko zentraturik eramaten baitzuen garaian. Alderdi hori abertzalea eta ezkertiarra izanik, doi bat harritu ninduen, enetako oinarrizko kontzeptu baten aurkezpen berritu baten egitea iduritzen baitzitzaidan, izan ere aspaldiko istorioak dira gurean gizarte gai guzien sozializatze eta partekatzeak.

Prozesuaz beraz gauza frango entzun nituen, zenbait gogoan atxiki. Gehiago jakin nahi duenak hementxe  eta hementxe badu zer ikus. Gazteleraz ongi moldatzen denak nik baino zailtasun gutxiago izanen ditu gainera.

Interesgarria izan zena, dudarik kasu praktikoena izan zen. Hainbat herritar jende artean eramanak, nahiz herri mailan burutuak. Azken honetan batez ere aurrekontu parte hartzaileena aipatu zen, ez dakit bakarrak izanen ote diren. Aldiz biziki gauza gutxi erran zen enpresa munduan aplikatzen denaz, hori agian normalagoa da, enpresak buruak dituenez ez baitu kide guziei iritziaren galdetzeko ohiturarik eta beharrik ikusten seguraski.
Ardura bezala gero etorri zen galdera fatidikoa iparraldekoa zen ikastaro kide bakarrari : eta iparraldean zer diozue ?

Nire egunerokotasunera ekarririk, bitxiki, ez zitzaidan batere gauza berria iduritu edo, bederen, ukan nitzakeen galderei ez zien erantzun garbirik ekarri berehalako hartan. Aldiz gauza bat argi gelditu zitzaidan : lidergo politikoa, kontestatzen duguna izanik ere, proiektu anitzen gakoa dela. Eta indar harremanak bere ondorioak ekar baditzake ere, ez dela sekulan sistema parte hartzaile bat izanen guk nahi genukeenaren gisakoa, poderean izanen ez garen bitartean. Agian errekuperazioak eginen dira, ilusioa ematen saiatuko zaizkigu sinestaraziz gure iritzi eta ekarpenek kondatzen dutela eta desiratzen dituztela ; horrela legealdiko bilduman agertarazten ahalko dute herritarrei hitza eta esku hartzea ahalbidetu izan dietela, baina hortik urrunago dudak baditut.

Iparraldean azken urteetan eta hamarkadetan ez da adibiderik falta proeiktu herritar eta parte-hartzaileen ilustratzeko. Euskal Herria Zuzenean festibala, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Helduen Euskalduntzea, Euskal Komunikabideak, beste gisaz ere MCV egiturak eta Hezkuntza Popularrean oinarritzen diren egitasmoak... hainbat ekimen elkarte mundutik agertuak dira eta egitura/ funtzionamenduaren aldetik sistema parte-hartzailean oinarrituak. Herritarren arteko ekimenen adibideak ere ez dira eskas eta bitxiki orain arte ez diegu « auzolan » deitu, seguraski ez baitzen izendatze beharrik, normaltasunez burutu izan baitira beti (panoramaren baitakoak direnez, ez dira bortxaz izendatu edo ohartarazi beharrekoak izanen?). Agian, pusatuko bagenu piska bat, arrakastaren gakoa horretan dukete. Baina hori beste afera bat da.

Haatik, gurean ez dut entzun oraino aurrekontu parte-hartzaileena bezalako adibiderik, ez eta aplikaziorik maila instituzionalean (herri nahiz elkargoetan) Euskal Herrian. Badira oihartzunak beste herrialde batzuetan gertatzen diren kontsulta eta horrelakoez baina ezagutzen dudala erran dezaketanik ez. Enpresen eraman horrelako dinamikarik, ez bada kooperatiba / egitura berezi zenbaiten kasuan, ez dut ezagutzen.
Normala erranen didazue ? Bai, seguraski.
Gure patua baita hori azken finean : maila indibidual eta kolektiboan antolatzeko gaitasuna dugula eta elkarte bizian ongi ezagutzen eta erabiltzen dakiguna delako, aldiz maila enpresarial eta instituzionalean sekulan lortzen ez duguna da. Hasteko, edozein hauteskundeen emaitza ez baita izan gure alderdi batek eramana, ez gara instituzio bakar batean heltzen gehiengo abertzale edo/eta ezkertiar baten ukatera. Ondorioz, horrelako adibideak maila horretan ez dira ikusten. Eta ausartzen denak jai du, laster ikusiko baititu bere asmo on guziak xintxifikatuak. 

Gaia ederra da eta merezi zuen ikastaroak. Zahar berritzea zait doi bat baina gauza frogatuak onak direnean ez da kalte izaten atxikitzea. Beste gisaz gure esperientzietatik gutxi ikastea litzateke. Espero dut ondotik ere aukera zenbait izatea oraino ikasteko honetaz. 

Argazkia: Holding Hands by Juliana S
Argazkia: Walk the Line by Thomas Leuthard

iruzkinik ez: