2013/11/17

Maite dut... bizitzea

Orain dela urte pare bat, galdetu izan zitzaidan iritzi bat transmisioa eta euskarari buruz. Gauzak ez nituen hain argi seguraski, nihaurk galdera gehiegi nituelako.
Duela zenbait aste, parada izan nuen Xamar-rekin mintzatzeko eta gogoeta izigarri interesgarria plazaratu zidan kulturaren transmisioaz eta eragiten zuen motibazioaz ikasleengan. Pena izan nuen berekin ez kontestu egokiagoan gertatu izana sakontzeko. Beste behin izan beharko du. Hortik landa, aitortzen dut, segitu dut bere hitzekin itzulika: kultura eta kultur eduki eta espresioen erakaskuntzaz, hizkuntzaz, motibazioaz eta norberaren identifikazioaz hizkuntza eta orohar komunitate batekin.
Duela zenbait egun, hausnarketa-bilkura batean, entzun nituen batzuk plazaratzen euskararen erabilpen eremurik ez zutela hainbat ikasleek eta ondorioz izugarri zaila bilakatzen zela, maila batetik goiti, ikasten jarraitzea eta batez ere asimilatzea, maila baten bilakaera bat ikustea, ez delarik erabilerarik ez etxean, ez lagunartean, ez lanean, ez giro sozial orokorrean.
Iragan astean, bretoindar batzuk plazaratzen zuten aztergai bat bazutela: ikastaro luzeetan (sei hilabete baino luzeagoak) ikasleek bizitzen zituztela kasik erregularki eta momentu zehatzetan (ikas prozesuko garai jakinak, ez galdetu zein) estagnazio eta erregresio faseak, zeinetan asimilazioa ia ezinezkoa zaien eta noizbait motibazioan eragiten zuen zerbait gertatzen zitzaiela, interes berri bat pizten, bizipen zenbait izaten dituztela, erregresio hori gelditu eta prozesua berriz bultzatzen duena. Hori gertatzen omen zaie, barne, erabilpen eremuak dituzten ikasleei eta nolabaiteko inperatibo profesionalak dituztenei. Goaitatzen dut hau dokumentaturik agertuko zaidanez, zeren gisa batez konbentzitua naiz erabilpen molde edo proiektu pertsonalekin lotura duela, norberak nola eta zertan proiektatzen duen bere burua hizkuntza gutxitu bateko hiztun eta gizarte eragile gisa.
Kasualitatez, aste honetan, aipagai izan dugu ikasle talde batean kultur praktiken bidez ikasten dutela eta izugarri motibagarria izateaz gain, emankorra ere badela irakaspena.
Gainera, ikasturte honetan ere badut erregularki irakasle baten oihartzuna, egiazki, ez da metafora, ahal bezainbat kantu bidez lantzen dituena gauzak, edozein kantu, kantari, edozein edukiren lanketarako (sekulan ez da kantua bera helburu haatik, domaia da bailiteke jorratzekoa).

Eta esperientzia hauen ezagutzeak berriz abiarazi du ping-pong partida ene baitan.
Beti zerbait berezi eragiten du espresio kultural tradizional edo modernoagoez, euskal dantzaz, literaturaz, bertsolaritzaz, kantuaz, antzerkiaz jakiteak, jasotzeak. Kuriosoa da, interesantea, aspergarria, ulergaitza, atzokoa, gaurkoa. Aihergarik ez. Eta oroz gainetik sentimendu bat: nirea ere da, edo ez.
Bizkitartean inpresioa ukan dut maiz, ez nuela asmatzen edo ez nintzela gaiaren bururaino joaten. Gehienetan lantzen nuela gai gisa, hau da zerbaiten inguruko aipamen bat egitea, gogoeta bat, lan bat eginaraztea horrekin, baina sekulan ez “praktikara pasatzea”. Erran nahi dut mintzagai gisan erabiltzen direla maiz kultur gertakariak eta edukiak eta ez bitarteko gisa. Azken finean, kultur kontsumo batera goaz, zeinetan nahiko pasibo gelditzen garen batzuk eta besteak. Kultur ekintza bat burutzen da, kontsumitzen dugu, itzuli pare bat ematen diogu eta hor gelditzen gira bazterrean.

Bitarteko gisa erabiliko bagenitu, ikasleak eramanen genituzke kontsumotik eragile izatera edo behintzat egile. Ez nuke erakaskuntza tresna bakartzat, bitarteko eta helburu nagusi gisa erabiliko, noski, helburu nagusia hizkuntzaren irakaskuntza den heinean eta kultura, diot espresabide artistikoa, ez baita ez helburu bakar, ez nagusia. Euskara erakasten dugunean, alderdi kulturalaren transmisioa ere lantzen dugu edo behintzat horrela diogu. Kultura zentzu zabalean irakasten dugula ez da dudarik, gure munduaren ikusmoldea helaraziz, gure gizarteko praktiken inguruko berri zabalduz, eraldatzea bultzatuz, eragile izatea iradokiz.
Izan ere, kultur edukiez, orokorrean, zernahi uler daiteke, hala nola egunerokoan ditugun praktiken eta gertakarien lanketa izan daiteke alde bat. Klaseak “zentzuzkoagoak” egiten ditu, agian erakargarriagoak, beti motibagarria izaten da kuriositatea pizten duelako. Hau gertatzen da batez ere lekuko espresio kultural klasiko edo tradizionalekin, erran dezagun: kantua, dantza, sagardotegiak...
Enetzat kultura bada zerbait zabalagoa baina hauei doakionez, argi da gure identitate kulturalaren adierazpideak direla, hortaz, galtzera ez utzi, ahal bezainbat transmititu eta ahal bada biziberritu beharko ditugula uste dut.
Bada, baliteke lagungarri ere izatea klasean: hizkuntzaren transmisioa uztartzea praktika kulturalarekin. Kultur espresio baten bidez ikastea eta honen bizitzea. Bakoitza bere heinean bihurtuz eragile, eta ez hainbeste ikusle-kontsumitzaile-pasibo.

Horrelako praktiken eragiten dutena ikasleengan zer da xuxen? Ez dakit. Emozionalki zerbait eraginen du. Kultur espresio horiek “egiteak” (dantzatzea, kantatzea, antzeztea) hizkuntzaz hobeki jabetzeko, aberastasuna lantzeko, memorisatzeko, jarioa hobetzeko, naturaltasun handiagoa izateko balioko dute dudarik gabe. Haratago nork bereganatzea, bere egitera eramanen ditu, uztartuz euskara ikastea, kulturaz jakitea, kultura bizitzea fisikoki, praktikaren bidez hizkuntzarekin identifikatzen eta komunitate bat integratzen du. Eta bizipen fisikoak asko lagunduko du, hiztun gisa identifikatzeko bere burua, komunitate bateko kide.

Dudarik gabe ez dut batere argi gaia baina sentsazio biziki indartsua zerbait hunkitzekoa badela, segurtasuna esperientzia batzuk onak direla, feeling onean oinarrituak eta emankorrak.

Urte pare bat pasatuko zait oraino.
Argazkia: Bizia by The Fotografo

iruzkinik ez: