Oroitzapen zenbait baditut, oraino argiak, denak atseginak.
Gizona ezagutu nuen 2006an noizbait, iraila aldera zitekeen, irakasle izan nahi baitzuen eta formakuntza saio batzuetan elkartu baikinen. Aski ixila zen, bere biziaz ez zuen gauza anitz kondatzen, bakarrik hogei bat urte iraganak zituela Espainia hegoaldean eta Lapurdi aldera bizitzera etorria zela Ziburu izigarri maite zuelako. Euskara irakasle izateaz biziki harro zen. Gutxi gehiago. Haratago, beste edozein gaiekin luza zitekeen plazer handiz.
Oroitzen naiz geroago hainbat aldiz kurutzaturik, zenbait jakiminekin zain izan nuela ostatu izkin batean, usaia nuen tenoreko beha.
Laster jakin zen eri zela, larriki; gero eta gutxiago ikusi genuen.
Egiaz, ez nuen anitz ezagutu, horren erraitea gehiegi litzateke. Kurutzatzean berekin ukan nituen harreman guziak zinez interesgarriak eta goxoak izan ziren. Pertsona maitagarria zen, atsegina, eztia, eskuzabala, humanoa.
Horiek ditut oroitzapenak. Horiek eta apaingarri utzi zidan eskulan bat, oraindik bulegoan dudana.
Eta uste dut aski nukeela horiekin, ikaragarriak zaizkidan beste batzuetara gabe.
Jon Anza deitzen zen eta 2009ko apirilaren 18ko goizaz geroztik ez du nehork hartaz deus gehiagokorik jakin. Zenbat ez nukeen nahiagoko betiko gogoan atxiki Jon-en itxura Aita-Semeak ostatuko barraren zolako izkinean, zain. Irrifartsu.
Sobera dira eta zor zaizkigu ez dakizkigunak, gordetzen direnak, sosegurik ez digutenak utziko argitu artean. Egia ikaragarria diteke, dudarik gabe. Anartean, imagina ditzakegunek ez dute mugarik eta gohaingarriagoak baizik ez dira.
Argazkia: Jon Anza by Etete 18
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina