2011/11/19

Brigada


« Euskaldun brigada » bat sortu da Baionan eta sortu dutenek horrela deitu dute.
Euskaldun tropa bat, orotara hamar bat pertsonakoa, bilduko da larunbat goiz guziz eta erosketak eginen ditu merkatuko inguruetan, hots Baionako zentroan, ahal den neurrian euskaraz. Hau da, usaian egin ohi dituzten erosketak berak burutzen saiatuko dira euskaraz eta horretarako guneak identifikatuko. Iniziatiba ez da bideratua izan, ez da jendeari planteatu zaion proiektu edo eginkizun bat: bapateko batean erabaki dena, euskaltzaleak zentzu zabalean diren batzuen artean. Taldeko batzuk euskara ikasten ari dira, beste batzuk aspaldian ikasirik dira eta pare bat euskalgintzako kideak gira (seguraski horrelako konpainietan ongi etorria eta sosegugarria izaten delako euskaldunak izatea, segurtatzeko behar izanez gero « euskara ontsa dakien bat » eskupean dela edo).

2011/11/13

Aktiboak eta pasiboak. Osoak eta besteak.



« Euskarak hiztunak behar ditu, sortu behar dira. 
Hiztun osoak, aktiboak. »


Bata bestearekin baletor bezala eta moldeetatik aterako bagenitu bezala, beste batzuek ravioliak nola.
Azken hilabeteetan, hizkuntza arduradun eta eragile anitzen gogo eta ahotan loratu ideia da.
Ez da nehor altxatuko denik horrelako deklarazio bat entzunik, nolazpait egia baita eta denen helburua.

Deklarazio definitzailetzat bada, trinkoegia, lausoegia, mugatzaileegia iduritzen zait.
Nire iduriko, zenbait lasterbide eta amalgama tarteko, nahasten dira gauza frango: hiztun motak ez dira gehiago desberdintzen batetik eta bestetik bat hobetsiz besteak desbaloratzen dira, gainera ez da desberdintasunik egiten hiztun mota eta jarreren artean, bide beretik errealitatearen parte handi bat ukatzen dela.

2011/11/11

Itzuli da San Martineko uda


Orai dela urtea nunbait han, hasi nintzen hementxetan idazten.
Hementxetan hastea ez da arras egia, bizpahirugarren aldikotz blog bat suntsitzen bainuen beste baten sortzeko, batez ere han jarri zenbait ez baitzizaizkidan gehiago ezagun. Bilakaeraren lekuko segi zezaketen? Menturaz.
Hots, etxetiarren etxe alda guziak gauzatu beharreko SanMartinetako tradizioari jarraikiz, leku bat utzi eta toki berri-berri batera abiatzen nintzen.

Garaian ez nuen ez ardatzik, ez xederik, ez fitsik, ez bazen burukomin zenbait en kaxatzea, denbora pasan eta auherkeria kotsia dela, ez nuen uste hainbeste izkiriatzea.
Egun, ez dut duela urtea baino helburu argiagorik, nahiz merezi lukeen piska bat lantzea, hautu batzuk egitea, blogaren ordenatzea edo, zergatik ez, bikoiztea.

Aldi berean, eklektismoa ezaugarritzat dut eta gainera hain da goxo kanpoan, San Martinetako udako haize firfira epelen artean, ilunabarreko zeru urreztatuei beha...

2011/11/05

Euskara galdegai


Euskara galdegai
… edo zer erantzunkizun gure haurren euskara maila apaltzeari.


Heldu den astearte arratseko ikastolak luzatu digun bilkuraren izenburua da gaineko hau.

Suposatzen dut parada izanen dugula nork bereaz gogoetatzeko: euskara jakiteaz edo ikasteaz, erabiltzeaz haurrekin, euskaraz bizitzeko aukerez eta guneez, egunerokotasunean ditugun praktikez. Egoera zein den badakit. 
Pertsonalki, eskolari hezkuntzaren kalitatea baizik ez diot eskatzen, hezkuntzaren kalitatea nik hautatu hizkuntzan, argi izanki euskararen gaia ezin dudala haren gain utzi, hala beharrez nire afera dela lehendabizi bai eta beste eragile batzuena ere.
Ikusiko dugu zer aipatuko den zehazki.

2011/11/01

Noruntz? Horruntz.

Duela bizpahiru aste, ekitaldi publikotan aurkeztu zuten Norantz programa. Norantz, Iker-ek, CNRSeko euskal gaietako adarrak Iparraldeko euskararen bilakaeraren aztertzeko sortu datuen basea da.
Iparraldean zehar belaunaldi desberdinetako euskaldunak elkarrizketatuak izan dira, galdetegi zehatz batekin. Azkenean galdetu zaie 'nola erraten duzu...' eta frantsesezko erran baten itzulpena bildua izan da. Hautatu den metodologiari buruz, egileek diotenaz elkarrizketatuak ez dira profil berezi bateko jendeak: lekukoak ez dira hautatu euskara 'ongi' menperatzen dutelako, baizik eta lekuaren arabera, adinaren arabera eta jaso den hezkuntza ereduaren arabera (euskarazkoa edo ez).
Datu base honen helburua da, ondotik, analisia eta ingenieritza linguistikoaren bitartez hizkuntz politikaren egile eta eragileak laguntzea beren norabideetan.





2011/10/29

Akitaniak Oc


Frantses Estatuaren baitako lurralde hizkuntzen aldeko dinamikak indartzen doaz, azken hilabeteetan. Mobilizazio egunen artetik, eskualde desberdinetan izaten dira lorpen garrantzitsuak, bakoitzak berearen aldekoak, guzientzat eredu eta  onerakoak diratekeenak; batzuk eta besteak bide egin dute eta egiten ari dira, poliki eta trabekin gertaturik ere
Herritar mugimenduen eta hautetsi multzo baten indarren haritik, iragan urriaren 24an, Akitaniako kontseiluak idatzi eta berez onartu du bere administrazio organoetan okzitanieraren eta okzitandar kulturaren bultzatzeko karta bat, hasierako dotazioa eta lan ildo nagusien zehaztapenarekin


2011/10/23

Ura saldu?


Erregularki, temati, batek dio:
- Pesta handietan, Baionakoetan adibidez, sos frango irabaz genezake salduz... ura. Gainera ostatu baten muntatzea baino sinpleago eta errentagarriagoa litzateke.
Eta, hor, denak irriz karkailaka hasten dira, uzkaili arte
- ixo! Jendea ez da horretarako etortzen, pesta giroa, sozializazioa, beti horrela egin da, nora joaten zira holako ideien xerka.

Badira holako ideia prefabrikatu batzuk; hala nola, jendeak sozializatzeko etorri eta horretarako edaria produkto klabea dela, edozein kultur produkto baino gehiago. Edan gabe, ez litzatekeela berdin, ez harremana, ez giroa. Betidanik gisa batez egina nekez aldatzen dela. Jendeari moltsa arintzeko molde eraginkorrena dela. 


2011/10/08

Habemus euskara plana?


Duela gutxi edo aski urtebete, Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak erabaki zuen egitasmo berezi baten martxan ematea hizkuntz gutxituen integrazioari begira, egituraren funtzionamenduan; zehazki euskara eta okzitanieraren erabilera bideratzeari begirakoa.

Kontseilu Orokorra, departamenduko instituzio gisa, Euskararen Erakunde Publiko-ko administrazio kontseiluko kide nagusietarik da, Akitaniako Eskualdeko Kontseilua eta frantses Estatuaren heinean; gisa berean hizkuntz politikan erabili dirutzaren herenaren ekarlea da. Hainbat erakunde, publiko nahiz pribatu, inplikatu nahi dituen hizkuntz politika definitzen duten ber, koerentziak eskatzen zuen zabaldu ildo eta norabideak aplikatzen izan zedin lehenetarik.

2011/10/02

Nahi den lekuan beha...
















Banatzen du errekarik txikienak
mendirik gorenak batzen duen bezainbat.










Argazkia: Puente International by BBoveri
Argazkia: Izpegi - Baztan by Mimentza

Agirien basamortua


Gaur, hizkuntz politikaren ildoak gauzatzen hasiek hizkuntza plangintzak abiatu nahi dituzten momentuan, ikastea sustatu nahiz bekak proposatzen hasten denean, hainbat egituratan kontratazio politiketako hizkuntz kriterioak aldatzen ari direlarik, egituren funtzionamenduan eta zerbitzua euskalduntzeko asmoak agertzean han hemenka, ez da tresnarik, zertifikaturik, agiririk, deus, EGAz aparte (bakarra eta gutxiengoarentzat egokia), langile batek edo dena delakoak balia lezakeena hizkuntza horretan duen gaitasunaren adierazle gisa.

Azken hilabeteetan eman pausuek agerian uzten dute gero eta argiago ezin dela norbait euskaraz gai/ez gai denez erratea utzi funtzio hori ez duten erakundeen esku. Agirien bitartekoa edo beste bat, bailitezke beste molde batzuk jorratzekoak ahalak izanez gero, berdin du: behar da egiaztapen sistema oso bat.