2011/10/02

Agirien basamortua


Gaur, hizkuntz politikaren ildoak gauzatzen hasiek hizkuntza plangintzak abiatu nahi dituzten momentuan, ikastea sustatu nahiz bekak proposatzen hasten denean, hainbat egituratan kontratazio politiketako hizkuntz kriterioak aldatzen ari direlarik, egituren funtzionamenduan eta zerbitzua euskalduntzeko asmoak agertzean han hemenka, ez da tresnarik, zertifikaturik, agiririk, deus, EGAz aparte (bakarra eta gutxiengoarentzat egokia), langile batek edo dena delakoak balia lezakeena hizkuntza horretan duen gaitasunaren adierazle gisa.

Azken hilabeteetan eman pausuek agerian uzten dute gero eta argiago ezin dela norbait euskaraz gai/ez gai denez erratea utzi funtzio hori ez duten erakundeen esku. Agirien bitartekoa edo beste bat, bailitezke beste molde batzuk jorratzekoak ahalak izanez gero, berdin du: behar da egiaztapen sistema oso bat.

Gaurko egunean, enetako, administrazioan lan egiteko sortu ez nintzenarentzat, arazoa ez da hainbeste zeren bidez edo nolakoa egin behar den, baina bai gizartean sortzen diren beharrei erantzunen duen zerbaiten plantan ematea, geroan hobetzeko gisa bada ere. Hizkuntza azterketak pasaraztea, pasatzea bezala funtsean, ez da lanik erakargarrienen artean kokatzen, enetako bederen. Hizkuntza euskara izateak eta sail horietan diharduten jendeak molde arruntean baino inplikatuagoak izateak ez du lana errazagoa bihurtzen, faktore anitz nahasten direlako, hala nola afektoaren mailakoak. Ahatik horrek guziak ez lioke funtsik kendu behar.

Gurean, ondoan eredu bat izatearen xantza bagenuke eta hain gutxi baliatzen gara. Iparraldean eta hegoaldean diren egimolde eta errealitateek, bakoitza zein baldintzatan eta perspektibatan ari den, arras desberdinak izanik ere, eredu bat ematen dute, gureak ez diren esperientziez aberats dira. Egia da ere, hemendik ikusirik badirela ere zenbait gauza bitxiak, Euskal Herritik kanpo ikusten ez direnak: milaka jende azterketak pasatzera, batzuk hona jinak atariko froga saihesteko, ehunka langile euskaltegietara igorriak eta horien guzien artean nik dakita zenbat euskara bortxaz ikasiak, astiatzen dutenak eta ahal bezain gutxi erabiltzen eta beste. Gogoetatu beharko lirateke baina, anartean, han bada mailaz maila euskaraz egin daitekeenaren frogatzeko agiri sistema oso bat, kritikatua bezain perfektiblea, iparraldean ekibalenterik ez duena. 

Ardura, nire buruari galdetzen diot, ahalak hain gutxi eta beharrak hainbeste badira, zergatik ez ote diren administrazio desberdinetako erakundeak lan kooperatiboago batean aritzen, zergatik, zerbait badelarik egina nunbait, gure buruak higatzen eta indarrak xahutzen ditugun beste zerbait asmatzeko?

Beste behin azterketa zainketan egona naiz asteburuan.  

Argazkia: Desert and dunes, Venezuela by Edgar Barany

iruzkinik ez: