Inguruz inguru, gogo eta begiak nun
alha eta anitz errateko.
Nire begiak, azken asteetan, bide
bazter, karrika izkin eta leku frangotan alhan ibili dira, informazio
anitz kausitzen diren eremuetan, hala nola euskarazko kurtsoetara
etortzeko deialdiak.
Afitxak, lemak eta irudiak tole,
bakoitzak bereak. Guziak eragile pribatuenak.
Ikasgeletara jendea oraino itzultzekoa
delarik, neke da erraitea nolakoa etorki den aurtengoa.
Azkenean noraino heltzen dira betikoak
beren ekimen eta izerdiz? Zenbat jende hunkitzen da? Noraino dira
emankorrak zabaldu mezuak? Jendea ez ote da etortzen dagoeneko
interesa duelako, euskaldunekin harremanetan delako, aitzinetik
sentsibilitate eta gogo zenbaitekin?
Mundu honetan, gantxigor kontserbak
elebidun etiketatzea eta egitura publikoetako langilegoa klasera igortzea sustatzen da, diru publikoz.
Denek argi dugu
euskarazko hitzik ere ez dakiten kontsumitzaileak nekez direla
euskaldunagoak bihurtuko ekoizpen horiek ahamen batez klikatuz,
baita, gabiltzan heinean, laster gutxi batzuk baizik ez dituztela
euskarazko izendapenak deskodetzen ahalko. Harrera guneetako langileei zaila eginen zaie ikasia praktikan ematea ez badute parekoa euskalduna eta gogotik euskaldun gisa arizan daitekeenaren jakinean.
Hitz laburretan, euskal etiketadun biskotxen ber gisan, egokia
litzateke erosle potentzialei
zuzentzea, beste guziei bezala funtsean, euskara jakitea eta ikastea
gauza ona dela errateko, sinple eta baikor, urrun xerkatu gabe.
Kanpaina kalibratu eta erraldoiak
muntatu gabe, ondorio haztagarriak izan ditzake politikari baten
adierazpen publiko argiak eta gomitak, bederen orain arte hunkitzen
ez diren zenbaitzuenganaino heltzeko parada haundiagoak eskainiz.
Bizkitartean, orainokoan, podere publikoek, hautetsi eta
hizkuntza kargudunek, ofizialki existitzen ez den hizkuntza baten planifikazio lanetan dihardutenean ere, ez dute euskararen eta
euskara ikastearen promozio argirik egiten publiko zabalari zuzenduz. Ez dugu entzun deklarapen edo deialdi publiko baikorrik euskararen onurak
espantatuko lituzkeenak eta herritarra ikastera, nola ez erabiltzera
ere, akuilatuko.
Ez aurtengo. Ondoko menturaz.
Argazkia Megaphon by floeschie
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina