Batzuetan on da giroz aldatzea eta
ezezagunez blai direnetara sartzea, galtzeko doia eta beti zenbait
gai ematen baitu pentsatzeko. Eta nola ez leku horietan pasatzen den
musikarena.
Orduan, gustuak eta koloreak
eztabaidatzen omen diren gauza baitira, ez deus erranen musikaren
kalitateari buruz, dena den, holako lekuetan girotzeko eta soinu
fondo baten jartzeko erabiliak dira gehien bat.
Eta irrati, ostatu eta diskoteketan,
geldi-geldia pasatzen dituzten kantuek baldin badute zerbait berezi
azken denboretan elebiduntasuna da, hau da anitz direla bi
hizkuntzetan kantatuak, (artetik errateko, bakoitzean sentsibleki
gauza bera erranez). Mundu horretan, normalki deus ez denez inozenteki egiten,
ez dakit produkto horiek zein estrategiaren baitan kokatuak diren.
Arrazoina? Helburua? Noren iniziatiba da? Moda afera bat da sinpleki.
Baliteke arrazoina izatea eraikitzear
den Europa eleanitz eta multikultural baterantz pausuak emateko
gogoak piztu zaizkiela artistei eta zentzu horretan elkar-ulertze
erlatibo batean bermatuz, hizkuntzen eta kulturen arteko
inter-ezagutzarako iniziatiba artistikoa izana; edo sinpleago
entzulegoaren hizkuntza gaitasunez fidatuz, eduki kultural edo
artistiko zenbaiten arartekolaritza eta transmisio grina batekin
aritzea.
Bizkitartean, jakinez zein disko
ekoizleren eskuetatik atera diren produkto hauek, arrazoin eta
helburu komertzialetatik haratagoko deus gutxi baizik ez daiteke
segurrago: bi hizkuntzetako herrietan komertzializatzeko gisan,
exotismo kutsu zenbait badukeelako eta etorkizun gutxi edo arras
lokaleko artista esportatzeko bideak zabaltzen dituelako, nik dakita.
Elkarrekin ari diren artistek gutxienik elkar hautatzen ote dute
horrelakoetan?
Kuriositate hutsez nahi nuke jakin
zein ondorio dituen entzulearengan: eleaniztasuna errealitatea da ala
hizkuntza bat ikasteko parada izaten da? Jakinmina piztekoa?
Bestalde, oroitu behar da ere frantses
Estatuan badirela hainbat lege eta dekretu teorian frantses hizkuntza
babestu behar dutenak, barne difusio artistikoaren aldetik: kantu
hauek irratian pasatzen direlarik nola kondatzen dira? Frantsesezko
ala erdarazko kantu gisa? Horrelako galderarik ez zaio nehori
bururatuko dena den, azken finean, erabaki horiek denak hartzen
baitira frantsesaren babesteko, ez kanpoko hizkuntzenganik, baizik
eta herri mintzoenganik: quotak kalkulatzean, aipatzen ditudan
horiek, erdizka frantsesez direnez, ez dukete arrangurarik pizten.
Kasu! kantu elebidunak ateratzea, ez
zait gauza txarra iduritzen, borondate batekin, neurtua eta
arrazoitua den ber. Hauek aitzin, izan dira frango bi hizkuntzetan
kantatu izan duten artistak. Hauen kasuan, bi eletan aritzeak bazuen
zentzu zenbait: kolaboratzailea erdalduna, efetu artistikoa,
erreferentzia kultural baten egitea, … eta oroz gainetik, kantu
idazlearen edota artistaren baitarik etorri iniziatiba izanen zen.
Aldi honetan, desmartxa ez dut ulertzen: kasik masiboa bilakatzen den
afera da eta banalitate haundikoa, kulturalki hutsala.
Ez da, iduriz, artista frantsesen berezitasun bat, aldiz, maleruski, elebidunak diogunean, hamarretatik
zortzitan, hizkuntza nagusien arteko mesklaia izaten da: domaia.
Alta, eta hori segurra da, euskaraz egiten denean zerbait,
edozein gauza, euskaraz egiteak berak zerbait erran nahi du, badu
berez zentzu bat. Hautu bat izaten da, erabaki bat nolazpait, euskaraz egitea eta ez
beste hizkuntza batean.
Horrek euskararentzat balio badu, beste
hizkuntzen kasuan ere balio duke. Hizkuntza batean edo bestean
egitea, idaztea, mintzatzea, kantatzea, zerbaitek motibatzen du, bada
horren gibelean ekintza gogoetatu bat, estrategia bat. Elebitan
egiten denean ere.
Kasu hauetan zein? Komertzialetatik hara bada arrazoinik? Moda afera soila da?
Agian ez da hain urrun xerkatu behar.
Hobe giroaz baliatzea. Hona zenbait adibide aipatzen dudan kantu
elebidunen fenomenoaz.
Argazkia: Agreed by Mikecogh
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina