Komunzki euskaraz komunikatzeko gai
naiz, gutxi edo aski edozein gauza hizkuntza horretan egin dezaket,
erosotasun erlatibo batekin. Salbu kondatzea. Irakurtzean, trabarik
ez. Entzutean eta ozenki erratean (azken hau akiduraren araberan)
zailtasunak ukan ditzaket.
Ohartua naiz galdu edo nahasi gabe
kondatzea hizkuntza bakar batean posible zaidala: frantsesez. Erran
nahi dut adibidez, liburu andana bat kondatzen badut, kopuru
batetatik hara, automatikoki bezala, frantsesez kondatzera heltzen
naizela, ohargabe. Euskaraz jarraitzeak indar bat suposatzen dit,
kopurua handiagoa eta indarra araberan. Ohartuz geroztik, indar bat
egiten dut, kontrolatzen entseatzen naiz eta ezin dut: frantsesez
egin behar dut, frantsesera pasa eta hasieratik berriz hasi gainera.
Beste gisaz, zenbakiak, datak,
telefonoak, ehunekoak entzuten ditudanean (ez irakurtzean) behar
izaten dut tarte bat pentsatzeko eta entzun dudan zenbakia mentalki
errepikatu eta errepresentatu behar izaten dut eta noiztenka
errepikarazi ere, ulertu edo transkribatu aitzin. Orduan, noski ez
kopuru tipi, arrunt edo borobilekin; horiekin ez dut arazorik.
Zenbaki konplexuak direlarik gertatzen da gehienetan. Adibidez 1792.
urteaz hitzegiten bazait, aipatzen bazait 570 euro balio dituen
zerbait, telefono zendaki bat diktatzen zaidanean.
Erran bezala arazorik ez dut irakurtzen
ditudanean eta, normalki, traba gutxi baizik ez dut izaten zenbaki
horiek berak errateko momentuan. Adibidez, nire sorturtea galdetzean,
zanpez ateratzen zait, berdin erosi dudan azken jantziaren prezioa
eman behar banu.
Atzo arte, uste nuen berezitasun bat
zela, nire ahulezia pertsonal bat, gordetzen ditugun akats tipi
horietarik baten gisan hots. Iduri luke ez naizela bakarra kasu
horretan eta bat baino gehiagok aitortu dit nekezia bera.
Entseatu gira arrazoinaren xerkatzen
eta ez dugu deus atxeman horren inguruan, seriosik diot. Interneten
ez dugunez deus fidagarririk atxeman, genituen datuekin enpirikoki
eta solaskide artean elkar aztertuz, ondorioztatu dugun bakarra izan
da, seguraski, matematikak eta kondatzen zein hizkuntzetan ikasi izan
dugun eta horretan « formataturik » egoten garela, nahiz
eta gero beste hizkuntza batean aritu, lehenaren trebetasun
berarekin: eskola frantsesetan ibilirik, gai hori frantsesez landurik
ehundaino eta ezin liteke beste hizkuntza batean erosotasun berarekin
egin.
Matematiken « ama-hizkuntzak »
ez luke bigarrenik onartuko?
Argazkia: Giant computer by Scary Monster
1 iruzkin:
Tamalez horrela da, bai. Baina, zer egin daiteke?
Euskararen gaixotasunaren erakusle, noski, ikastolan zenbakiak euskaraz ikasitakoek arazo hori ez baitute izaten, baina euskaraz bezain errez egiten dituzte erdaraz... eta ikastola bukatu eta zenbakiak euskaraz egiteari utzi ere. Nik txikitan, gazteleraz hitz egiterakoan, zenbakiak euskaraz egin behar izaten nituen, eta ez nekien matematikaz gazteleraz mintzatzen. Baina, gaztelera ez dago hilzorian... laster ikasi nuen, bai, guzti horiek gazteleraz euskaraz bezain ongi egiten!
Azken finean, zertarako balio digu euskarak?
Hauxe Estatuen tranpa!
Tranparen irtenbidea...?
Argitaratu iruzkina