Argazki honetan Donamartiriko herria
da, 1920a inguruan.
Hor agertzen den bezala ez dut ezagutu,
baina behatzen diodanean ontsa ezagutzen ditut haurrean eskolara
joateko hartzen genuen bidea eta bihurguneko istil putzua. Argazki
horretan ikusten dena ez da gehiago existitzen. Horrek ez du erran
nahi Donamartiriko herria ez denik, bilakaerarik ukan ez duenik. Ez
da uste izan behar ere ez, aitzinekorik ez duela ukan. Bizkitartean,
Baionako Euskal Museotik ateratzean horrelako zerbait sines daiteke:
Euskal Herria 19 eta 20. mende hasieran izan zen zerbait zela,
Historia eta iragan lauso zenbaitekin, baina gerorik gabe: denboraren
baitako burbula batean bezala. Aurkezpen istorio bat, ene
izpirituaren bihurria? Ikusi behar da.
Ondarearen egunez baliatuz, Euskal Museotik egin nuen itzuli bat.
Museoak, diru publikoz asea
erregularki, erakustokiaren definizio klasikoenari erantzuten dio. Bi
herenak Euskal Herriari-edo buruzkoak dira, Baionari berari buruz
laurden bat, hori guzia erakusketa puntual eta tematikoz osatua.
Azken urteetan indarrak egin dira, berrantolaketan, bizitasun
zerbaiten emateko.
Beste guzia alde batera utzirik, Euskal
Herriari buruzko parteaz, erranen nuke, hasteko, ez dela deus
izigarri erakargarririk formaren aldetik, azken urteetan moldaketak
eta hobetzeak gertaturik ere, bereziki antolaketa eta aurkezpenean:
eduki multzoak lerrokaturik eta azpi titulaturik, gaika bildurik,
soporte erakusketa bat, biziki klasiko eta inertoa.
Ez da itzalik haundiena.
Euskal Herriaz erakusten da nahi dena
eta azken finean, laburki, hemeretzigarren mende bukaerako irudiz eta
estereotipo erromantikoz galkatu ikuspegia, irudi erdiragarriak:
fandangoa, makilak, elizak, idi-orgak, oihaleria, zutarriak,
baxereria, laborantza, noizbaiteko arantza eta itsas merkataritza eta
gauza gutxi gehiago. Euskal lurralde erreferentziala: iparraldea.
Historiaz, gizarteaz eta ekonomiaz: gauza gutxi. 20. mendeaz: fitsik.
Espresio kulturalen aipamenaren aldetik: biziki mugatua. 19. mendea
aitzin Euskal Herria zer izan zitekeen ez da argi. Ondotik izan duen
bilakaera eta honen arrazoinak ez dira sobera aipatzen. Oroz
gainetik, euskararen aipamenik ez da, gaskoinarenik ere ez.
Ekomuseo anitzen antzekoa, hots.
Desagertua den kultura eta jende baten aipamena, bisitariak egi
osotzat hartu eta interpreta dezakeena oraindik balio duen
deskribapen gisa (euskaldunak horrelakoak garela oraindik zenbait)
edo ikus dezakeena aspaldi ehortzia den kulturaren gisa, sekulan
ezagutu eta ezagutuko ez dituen garaien perfekzio eta singularitateak
kulunkaturik.
Nire iduriko hortan da bere hutsik edo
okerrik handiena: begipean berean dena ukatzean. Gaurko egunean
Lapurdi eta bereziki kostaldea, sozialki, ekonomikoki eta kulturalki
aktiboenetarik bat da, bada hor gaindi jende frango bere jatorria,
ingurua, kultura eta interesak defendatzen eta bizitzen dituena.
Haatik honen aipamenik ez da egiten, nehun.
Aurrekontu istorio bat? Ala, sinpleki
borondate afera?
Ez galdu denborarik hor, jin etxera,
kondatuko dizuegu guhaurk dena, hala nola, ikusi eta erakutsi nahi ez
badira ere, zenbaitzuk segitzen dutela, gogoan argi ezker dela negua
eta eskuin argia.
Argazkia: Donamartiri in Euskal Museoaren kolekzioak
Bideoa: Hostoak ikusgarriaren zatia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina