Erregularki, temati, batek dio:
- Pesta handietan, Baionakoetan
adibidez, sos frango irabaz genezake salduz... ura. Gainera ostatu
baten muntatzea baino sinpleago eta errentagarriagoa litzateke.
Eta, hor, denak irriz karkailaka hasten
dira, uzkaili arte
- ixo! Jendea ez da horretarako
etortzen, pesta giroa, sozializazioa, beti horrela egin da, nora
joaten zira holako ideien xerka.
Badira holako ideia prefabrikatu
batzuk; hala nola, jendeak sozializatzeko etorri eta horretarako
edaria produkto klabea dela, edozein kultur produkto baino gehiago.
Edan gabe, ez litzatekeela berdin, ez harremana, ez giroa. Betidanik
gisa batez egina nekez aldatzen dela. Jendeari moltsa arintzeko molde
eraginkorrena dela.
Euskal Herriko pesta eta ekitaldi gehienetan diru iturri nagusia ostatuarena izaten da. Hainbesteraino nun, antolatzerakoan (agian inkontzienteki), ostatuaz, bere zabaleraz, kokapenaz, txanda kopuruaz pentsatzen dela ematen baitu. Hainbat ekimen handien kasuan ongi behatuz, ostatua beti leku estrategiko, zentral, saihestezinean atxemanen da. Ekimen horien programa eta xedeetatik hara, etekinei begiratzean, ostatua da dudarik gabe diru gehien sarrarazten duena. Eta, zoriak zein diren, hainbat egiturentzat, ekitaldi antolaketa, kutsu kultural edo politikoa izanik ere, ihardokitzeko diru iturri potentzialaren ikuspegitik burutzen da.
Alabaina, ekitaldi bati kulturala
deritzaionean, ostatua zentrala eta gisa horretan tratatzea ez zait
batere normala iduritzen eta nunbait zerbait salatzen du, irudimenetik hara: ostatuaren
inguruetan, piska bat urrunago gertatzen dena ez ote litzateke aski
interesgarria, jendea ber gisan erakartzeko eta diru etekin beretara heltzeko? Zergatik garatu
diskurtso bat, aski intelektualisatua gisa batez, azkenean horditzea proposatzen
bada eta horrek baizik ez badu arrakastarik?
Batzuek erantzunen didate, beste garai
batez ez nintzela azkenetarik eta oraindik ere noiztenka ez dutala
ukatzen trago baten hartzea, fede txarrez ari naizela: alkolaren
kontsumoa biziki banalisatua ikusten dut, ospakizun handietatik
hasirik egunerokotasuneraino.
Herrietako pestak, Herri urrats,
Musikaren eguna, Nafarroaren eguna, hainbat parada dira barrari
itzalturik egoteko, proiektu bat defendatzen den bitartean.
Eta hor beste duda bat sortzen zait.
Zein irudi dute belaunaldi gazteagoek? Dena delako erakunde batek
antolatu egun batera hurbiltzen direnean jendeak, proeiktu bat,
egitura bat sustengatzearen alde eta kiskaltzeko eguzki erditan
mozkortzen ikusten dituenean. Loturak laster batean egiten dira: egun
hau « X »-ren alde da, jendea honera etortzen da
« X »-ren alde eta ongi da, mozkortzen dira sustenguz,
beraz mozkortzea ongi da.
Alkolak eragiten dituen desmasia
fisiko, psikologiko eta kolateralak begi bistakoak ez dituenak,
hurbilagotik behatu beharko luke kontua eta alkola kontsumoak duen
gorakada etengabeaz piska bat pentsatzea beharrezkoa da. Pobrearen
heroina.
Zoritxarrez, hainbat egiturek beren
diru iturrietatik saihestezina dute ostatuarena baina ez ote da eduki
kulturalaren kaltetan? Ez ote dira gauza berak egiten ahal baina
desberdinki? Indarra beste nunbait sartuz eta bide beretik sosaren
biltzeko bide desberdin bat lortu? Hain behera al gira, garagarnoak
jaustetik haratagoko zerbaitengatik ez hurbiltzeko?
Uraren saltzea irringarria omen da,
jaten edo edaten ez den zerbaiten apustua egitea arriskutsua, ez
aski segurra. Uda honetan, Baionako pestetan, elkarte tipi batek,
karrika izkin batean, ur boteilak saldu ditu metro kubikoka, pesta
giroan beste guziekin ibiliei eta berek dakitela zeren atxematera
etorriak zirenei. Etenkina ordu arte ostatu arrunt batekin sekulan
egin ez zutena izan omen zen.
Beste zerbait proposatzea posiblea da.
Argazkia: Alkohol City by Arthur40A
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina