Euskara galdegai
… edo zer erantzunkizun gure haurren
euskara maila apaltzeari.
Suposatzen dut parada izanen dugula
nork bereaz gogoetatzeko: euskara jakiteaz edo ikasteaz, erabiltzeaz
haurrekin, euskaraz bizitzeko aukerez eta guneez, egunerokotasunean
ditugun praktikez. Egoera zein den badakit.
Pertsonalki, eskolari hezkuntzaren kalitatea baizik ez diot eskatzen, hezkuntzaren kalitatea nik hautatu hizkuntzan, argi izanki euskararen gaia ezin dudala haren gain utzi, hala beharrez nire afera dela lehendabizi bai eta beste eragile batzuena ere.
Pertsonalki, eskolari hezkuntzaren kalitatea baizik ez diot eskatzen, hezkuntzaren kalitatea nik hautatu hizkuntzan, argi izanki euskararen gaia ezin dudala haren gain utzi, hala beharrez nire afera dela lehendabizi bai eta beste eragile batzuena ere.
Ikusiko dugu zer aipatuko den zehazki.
Imertsio sistema baten proposatzearen
onuretatik haratago, Seaska
beste anitz bezala kontziente diteke hezkuntza sistema horrek ez
duela bermatzen bere baitako haur guziak hiztun oso eta trebe izatea
etorkizun hurbil nahiz ertainean, ikastolako hesiez kanpoko panorama
arrunt kontrakoa denean, hizkuntza horretan aritzeko eremuak
pribatuetatik eta hurbiletatik kanpo gutxi eta xerkatu behar baitira.
Gutxiri zaigu emana goizetik arrats euskaraz aritzeko posibilitatea
eta anitzetan trabatuak izaten gara besteak bezalatsu. Haurrengan
eta bereziki haurren euskaraz aritzeko trebetasunean ondorioak ditu,
nahiz nehork ez aipatu zertan den konkretuki, sistema osoa kolokan
jar lezakeen bekatu mortala nola.
Aitamen artean, Baionako Oihanak
kondatzen dituen ehun familietatik, entzun izan dudanaren arabera
familien erdiak du aitama bat euskalduna bederen, arras gutxitan
biak. Hortik haratago, hizkuntza ohiturak zein diren, nork bere
baitan duen konfidantza edo segurtasuna norainokoa den, euskara nola
ikasi den (anitzek « belarriz » ari direla aitortzen
dute, oroitzapenetan oinarrituz), batzuk frantsesez hitz egiten diete
haurrei. Nehork ez ditu epaituko, ezinezkoa baita. Denek ikastola
hautatu dute.
Haurra ikastolan sartu dute. Lehen
urratsa eta funtsezkoa. Anitzendako zinezko desmartxa izanen zen,
erabaki bat, ez zena baitezpada ebidentzia bat izanen.
Aldiz, ene iduriko, hautu hori
hainbatentzat ez bazen erraza, denen kasuan pausurik errazena zen,
jakinez ondotik etorriko den bidea neketsua dela eta lehendabiziko
hautu horrek ez duela segurtatzen gure haurrentzat nahi duguna beteko
denik, nehundik ere.
Euskararen
Erakunde Publikoak, 2006an publiko egin zuen bere hizkuntz
politika proeiktuan, azalean berean jartzen zuen « Hiztun
osoak helburu; haur eta gazteak, lehentasun » eta bide beretik
jarraitzen zuen 2010ean ondoko lau urteetako plazaratu « jokabide
esparrua» txostenean, nabardurak nabardura. Nehork ez du dudarik
euskararen geroa belaunaldi gazteengan jokatzen dela. Nehork ez du
dudarik hiztun osoak sortu behar direla, hizkuntza menperatzeaz gain
erabiliko dutenak oraindik urriegiak diren eremu eta egoeretan.
Norabide horietatik garatu dira azken
urteetan haur eta gazteei preseski zuzendu ekimenak: aitamen
sentsibilizatzea eskola sistemei buruz, eskoletako eskaintza
elebidunaren garapena lurralde guzian, haurtzaindegi elebidunen
eskaintza garatzea, liburutegi eta aisialdi guneetako animazioak
euskaraz burutzea, gazteei zuzendu ikastaroak antolatzea eta abar.
Eta zaila da. Denentzat. Basamortuaren
kultibatzea bezainbat.
Ahatik, hain zaila bada ere, iduritzen
zait publiko honen euskalduntzea, « haur eta gazteak
lehentasun » markatzea eta horretan eragitea, estrategikoki eta
politikoki egoki eta zuzen izateaz gain, errazena dela.
Izan ere, haur bati euskaraz aritzea,
buraso batzuk konbentzitzea haurrari euskaraz mintzatzeko edo
ikastolan sartzeko, agian urteetako diskurtsoaren poderioz, gauza
« normaltzat » jotzen da. Haratago, nire inpresioaren
arrazoinak zein izan daitezkeen jorratu gabe, uste dut ongi ikusia
dela tipi bati euskaraz aritzea, badu kutsu hunkigarria, amultsua,
polita da, ez da nehor kontra izaten ahal. Bi, hiru, lau, zazpi urte
direnean, gauza on eta normal gisa kontsideratua izaten da.
Hamar, hamabi, hamabost urte
dituztenekin? Buraso bat semeari euskaraz aritzea beti amultsu eta
polita da? Ala pertzepzioak aldatzen dira? Adin batetik haratago ez
ote da kontsideratzen hautu politiko gisa? Ama eskolatik ateraturik,
zenbat ikaslek segituko du lehen mailan, bigarrenean eta lizeoraino
Seaskaren eskoletan? Ez ote da pentsatzen aski dela, maila batetik hara, ordu arte ikasia nahiko dela eta ez duela galduko?Gazteen praktikak kontrolatzea zailagoa izanen
delarik, sozializazio eremuak zabalduko direlarik, burasoek ez
dutelarik gehiago buru egiten ahalko, zenbatek segituko du imertsio
sisteman? Eta segituko dutenek? Zein baldintzatan ariko dira? Zer
eskainiko zaie erabilera baita nolazbaiteko hizkuntz kalitatea
bermatzeko?
Seaskak, kopuruak urte batetik bestera
gora doazela, betiko norbanakoen nahikeria eta inbertsiotik ez bada,
nola egin dezake buru bere proeiktuaren arrunt kontrakoa den panorama
linguistiko batean?
Haur eta gazteak lehentasun badira,
ordu liteke agian, beranta hartu gabe, beste publikoengan ere
eragiten hastea, zergatik ez burasoenganik. Zeren eskolaren eta
aitamen itzalpetik urrunago, baita mundu oso bat eta erdaraz
funtzionatzen du. Eta mundu horretan direnen euskalduntzeko, horien
ohituren aldatzeko, alde sentimentala baino zerbait gehiago beharko
da, ez baitute tipi eta gaztetxoen kasuan erabiltzen, transmititzen
diren amultsutasun, hurbiltasun edo dena delako irudi eta argumentuek ondorio
handirik izanen. Beste publiko horiek funtsezkoak dira, haur eta
gazteak bezainbat eta aldi berean konplexuagoak, indar haundiagoak
eskatuko dituztenak. Ahatik, haur eta gazteen euskalduntzerik ez
daiteke burutu, eskolaren bitartez hiztunen sortzea ez daiteke
emankorra gerta, eskolatik kanpokoak ez badira inplikatuagoak
prozesu horretan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina