2011/11/01

Noruntz? Horruntz.

Duela bizpahiru aste, ekitaldi publikotan aurkeztu zuten Norantz programa. Norantz, Iker-ek, CNRSeko euskal gaietako adarrak Iparraldeko euskararen bilakaeraren aztertzeko sortu datuen basea da.
Iparraldean zehar belaunaldi desberdinetako euskaldunak elkarrizketatuak izan dira, galdetegi zehatz batekin. Azkenean galdetu zaie 'nola erraten duzu...' eta frantsesezko erran baten itzulpena bildua izan da. Hautatu den metodologiari buruz, egileek diotenaz elkarrizketatuak ez dira profil berezi bateko jendeak: lekukoak ez dira hautatu euskara 'ongi' menperatzen dutelako, baizik eta lekuaren arabera, adinaren arabera eta jaso den hezkuntza ereduaren arabera (euskarazkoa edo ez).
Datu base honen helburua da, ondotik, analisia eta ingenieritza linguistikoaren bitartez hizkuntz politikaren egile eta eragileak laguntzea beren norabideetan.





Hatsarrean, guzi horrek piska bat uzkur utzi ninduen. Lehen batean, nire baitako septiko (eta doi bat inkultoak) pentsatu zuen irakurketa oso eta egoki baterako ez zuela uzten lanak bere horretan eta holakoak:
  • horrelako datu masiboek adituentzat baizik ez dute balio, pertsona arruntentzat interes gutxi dute.
  • berri txarrak agerian uzteaz aparte deus onik ez lekarkete.
  • beste behin, gainbeheraren marka linguistikoak agertuko direla. Hots nehork ikusi , entzun eta asumitu nahi ez dituenak aurreikusten dira komunzki. Izan ere, linguistikan aritzen denean, hizkuntzaren bilakaerari buruz eta bereziki euskararenari buruz ari denean, egoera ezagutuz, pesimista izaten da maiz.
  • elkarrizketatuak hiztunak dira eta, bilketa objektiboa bada ere, ez ditu agerian uzten erabileraren eta hiztun kopuruaren problemak eta irakurketa okertuak bidera ditzake.

Denbora eta gibelapen piska bat harturik, eta datu baseari behako bat emanik, ideiaz aldatu dut aski radikalki: balio du zenbait galderei eman erantzunak behatzea. Sekulako ikerlaria izan gabe, hainbat ondorio « senditzen » ahal baitira.
Adin tarte desberdineko jendeek ber galderari eman erantzunetan ez da beti galtzea, kutxatzea, pobretzea edo horrelakorik agertzen. Alderantziz. Anitzetan, formen mantentze bat ikusten da. Bakar batzuetan berreskuratze bat. Batzuetan aldatze bat, ordezkatze bat. Bekan, egitura batzuen galtze, saiheste eta ordezkatze gisa kalifika daitezkeenak. Orohar, iparraldean gaindi, ibilbide eta izaera desberdinetako hiztunengan, hizkuntzaren transmisio bat badela agertzen da, izan dadin naturala ala eskolak lagundua, eta bide beretik hizkuntz kalitatea bermatua dela. Optimista izatekoa bada, lebitazioan sartu gabe.

Orduan, pentsa daiteke: « dena ongi doa, euskarak segitzen du aitzina eta ez da alarmista izatekorik ». Ez. Hori ez da hala.
Agerian zerbait baikor egoten bada, argi da ez dela hizkuntzaren osasun ona edo bizigarritasunaren lekuko, ez dela transmisio maila handia/ahularen adierazle, elkarrizketatuak euskaldunak baitira, ikerlanak hizkuntzaren hiztunen kopurua, tipologia eta erabileraren parametroa baztertzen baititu (hiztunak direnengan zentratuz). Ez du fenomeno orokor bat agertzen, gertatzen dena leku batzuetan, jende batzuekin baino eta ez da begi bistatik galtzen ahal hiztun kopuruak behera egiten duela, ez eta hizkuntzaren erabilera urria dela.
Bizkitartean ondorio baikorrak badira, hizkuntzaren itxura eta kalitatearen aldetik. Ondorio baikorrak baldin badira, nire iduriko, emaitza horiek eragin dituzte azken urteetako dinamikek. Zehazki:
  • Eskoletako euskarazko erakaskuntzak: bai euskarazkoa, bai elebidunak. Honek segurtatuz hizkuntzaren menperatzea eta eremu bateko erabilera erlatiboa. Hizkuntza forma batzuen aldaketan, eskolaren eragina badela iduritzen zait. 
  • Helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen garapenak ondorioak izanen zituen hizkuntzaren menperatzeari eta alfabetatze mailari doakienez: duela zenbait urte baino alfabetatuagoak dira euskal hiztunak beren hizkuntzan eta senditzen da datuetan. 
  • Irrati eta prentsa euskaldunaren garapena. Telebistarena oraino ahul ikusten dut nik, iparraldean gaindi, edo berriegia eragin bat izateko. Imertsioa aipatu gabe, euskaraz jasotzen dena emendatu da seguraski. 
  • Sentsibilizazio eta aldarrikapen kanpainen ondorioak ere izanen dira, bereziki transmisioaren garrantziaz kontzientizatu baita jende frango, hemengoak eta kanpokoak.
  • Eta beste hainbat faktore atxeman ditzakegu, eragiten dutenak euskararengan, hiztunengan eragiten duten ber, psikologikoak, nik dakita...
Hots, neurri handi batean, urteetan, euskalgintzak eman indarren isla ikusten dut nik hemen, kalitatiboki eta objektiboki, hainbat lekukotasun entzuten ditudanean.

Datuak, hotzak dira, neutroak. « Nola erraten duzu...? » eta erantzuna. Besterik ez.
Laboaren txoriek elurretan utzi aztarnen gisan, belaunaldi desberdinetako euskararen lekukoek utzi hitzezko aztarnak. Nundik gatozen jakinik edo ez, nun gabiltzan eta zertan beti argi ez dugunean, nora goazen pentsatzeak beldurtzen gaituenean, daramagun ibilbidearen gutxigorabeherako lekukoak. Euskararen itxurari doakionez, noruntz eta horruntz ihardesteko doia.

Ikerketa linguistiko zabala merezi dute, soziolinguistikoa ahantzi gabe. Aurkezpen egunean Euskaltzain eta linguista batek erran zuen bezala « goiz da errateko baina espero zitekeena baino "hobea" da agertzen dena. » eta bere horretan motibagarria da. Hori bera ez baita gauza gutxi gaurko egunean.



Argazkia: Aztarna by Jakes Larre
Bideoa: Gure hitzak- Laboa

iruzkinik ez: