2011/11/13

Aktiboak eta pasiboak. Osoak eta besteak.



« Euskarak hiztunak behar ditu, sortu behar dira. 
Hiztun osoak, aktiboak. »


Bata bestearekin baletor bezala eta moldeetatik aterako bagenitu bezala, beste batzuek ravioliak nola.
Azken hilabeteetan, hizkuntza arduradun eta eragile anitzen gogo eta ahotan loratu ideia da.
Ez da nehor altxatuko denik horrelako deklarazio bat entzunik, nolazpait egia baita eta denen helburua.

Deklarazio definitzailetzat bada, trinkoegia, lausoegia, mugatzaileegia iduritzen zait.
Nire iduriko, zenbait lasterbide eta amalgama tarteko, nahasten dira gauza frango: hiztun motak ez dira gehiago desberdintzen batetik eta bestetik bat hobetsiz besteak desbaloratzen dira, gainera ez da desberdintasunik egiten hiztun mota eta jarreren artean, bide beretik errealitatearen parte handi bat ukatzen dela.
Sailkapen edo definizio kontu soila balitz, gaitzerdi. Ez luke « hiztun oso eta aktiboak » behar direla erraiteak arazorik sortuko, leporaino busti autodidakta borondate onez beteen arteko elkarrizketa arrunt batean gertatzen balitz eta horrek ez baleza ekinbide konkreturik suposa eta ez balitza marginaliza iparraldean diren hainbat hiztun, azken hogeita hamar urteetan eraman lanaren ber gisan. Ez liteke gauza bera, egoera den bezala ikusiko ez balitz eta hortik, « hiztun osoa/aktiboa » sortu beharrekoa den eta sostenigarria den bakarra dela erabakiko balitz.

Hiztun osoa aipatzen denean zalantza frango ditut.
Zer da hiztun osoa? Euskara menperatzen duena bada, ez dakit zein den hiztun osoa definitzeko behar den hizkuntza maila konkretua. Ez naiz oroit nihun nehoiz argitu denik.
Beste motako hiztunengatik zer pentsatzen dugu? Hiztun osoak ez direnek ez ote dute zerbitzu egiten euskararen biziraupenari? Hizkuntzaren menperatze mailan eragitetik haratago, ez ote dugu besterik transmititzen jende horri, hizkuntza bera bezain inportantea izan daitekeena?

Hiztunen jarreraz baditut beste hainbeste duda.
Hiztun osoa automatikoki aktiboa dela kontsideratu nahi da? Ez ote da argi gelditzen ikasteak ez duela deus ikustekorik erabiltzearekin? Gutxieneko mailarik ez luketenak, de facto, pasiboak lirateke? Azkenean, zer da aktiboa izatea, noiz, nola eta nun?
Ez da hain sinplea. Iparraldea emokatua da hiztun osoz, aktiboak ez direnak edo gutxi, euskara bakar batzuetan baizik erabiltzen dutela. Ber gisan, iparraldea loratzen ari da ikaslez, hiztun elebidun hartzailez eta noiztenka hauek elebidunak baino aktiboagoak dira.

Iparraldean, 1500 bat jende ari da gisa batez edo bestez euskararen ikasten. Erakasleen gogoetan helburu bat eta bakarra da. Argia. Jendearen gogoan mila desberdin. Berdin argiak.
Hizkuntza baten biziraupen esperantza hain txikia delarik eremu oso batean, ez da aitzinamendu txikirik, balio ez duenik, sostenigarria ez denik. Hiztunen sortzeko moldetik, bereganik espero izan zitekeen maila eta jarrera lortu gabe ateratzen denak, erlatiboki zerbait dakien/ ikasten/ egiten/ ulertzen duen orok balio du; gisa horretan ez kontsideratzea edo baztertzea oker liteke.

Zuritik beltzera, bada kolore eta nabardura mundu bat.
Euskara ez jakitetik jakitera, bada mundu bat.
Euskara ez erabiltzetik erabiltzera, bada beste mundu bat.   
Beltzetik zurira, merezi luke nabardura guziak desberdintzeko tartea har bageneza. 


iruzkinik ez: