Ziztu batean determinatzaileak lerrokatuko eta itzuliko dizkizute, ispilukoa bezain fidela den irudia harrapatu dutelakoaz konbentziturik.
Saiatuz, tiranteko karpeta hartan sailkatuko zaituzte, zuhaurk nekeziak dituzularik 105 tag baino gutxiagotan zure burua definitzeko eta, funtsean, horren desira eta beharrik ez.
Haien kaleidoskopio txikitik so eginen dizute, itzuliak eraginez, bakoitza adierazgarriena zaion fragmentoari baizik ez beha geldituz.
Begietara gutxitan begiratuko dizute. Berdin zaizu. Eta hobe. Ez duzulako nahi begietara gehiegi begira diezazuten. Orduan zer kausi nehork ez baitaki, ez eta zuk ere.
Argitan utzia aski baita, itzalean dena han bego.
Ni naiz Bea. Orain jada ez arras hementxe eta laster harakoa. Naizena eta ez naizena. Nauzuena eta beste guzia.
2011/07/10
2011/07/07
Erreminduak
Baionako suminduak herenegun hasiak
ziren mugitzen, iduriz goiz honetan Angelura buruz abiatuak ziren.
Beren bidea jarraituko dute.
Maiatzaren erditsutan, izan nuelarik
Espanako iraultza deitzen zenaren oihartzun, harritua egon nintzen 90
urteko frantses politikari baten 17 orrialdeko liburuxkak holako
oihartzuna izanaz, batez ere salatzen zena denek denetan eta
aspalditik begi bistan genuelarik. Europa osora hedatuko zelako
destinoan ez nuen hainbeste sinetsi eta Euskal Herrian berean
garatzeaz gutxiago. Bizkitartean, hala gertatu zen.
2011/07/01
Interneten euskara aitzina
Zenbait egunez burua doi bat beste gauza batzuetan murgildurik, artikulu hau pasatzen ikusia nuen eta baztertua, krakada gisan, geroago begi bat eman behar niola.
Azken hamar urte hauetan goiti doa omen euskararen presentzia sarean. Ez da dudarik, baztertu ezinezkoa bilakatua den eremua dela sareak eskaintzen duena, orain arte hainbeste jorratu diren erabilera eremuen artean bere leku osoa duela, familia, lan mundua eta erligioaren artean. Eta anitzen iduriko euskara eremu bakar batean salbatuko balitz, sarean luke geroa. Norbaiti entzun diot ere, erronka bat izan behar zela, nik dakita zenbagarren hizkuntza izatera heltzea eta beste... Hain gutxi dakidanez hortaz nire mailan geldituko naiz.
Azken hamar urte hauetan goiti doa omen euskararen presentzia sarean. Ez da dudarik, baztertu ezinezkoa bilakatua den eremua dela sareak eskaintzen duena, orain arte hainbeste jorratu diren erabilera eremuen artean bere leku osoa duela, familia, lan mundua eta erligioaren artean. Eta anitzen iduriko euskara eremu bakar batean salbatuko balitz, sarean luke geroa. Norbaiti entzun diot ere, erronka bat izan behar zela, nik dakita zenbagarren hizkuntza izatera heltzea eta beste... Hain gutxi dakidanez hortaz nire mailan geldituko naiz.
2011/06/29
Denak gara baina haiek dira
Denok gara Aurore Martin
Gai aski seriosa da eta gorabeheraka aski ikusia, entzuna eta irakurria azken egunetan. Milaka jenderen eskuetatik ere, iragan asteartean gertatuek sortu amorruak ez dira erraz baztertzen ahal direnak. Bizkitartean, hor zerbait ez da argia.
Ez dut uste berak dion bezala bere 'Herri Harresiak' herrialde urrun batean, zeinetako hizkuntza ere ez baitu ezagutzen, zenbait urte iragateaz salbatuko duenik luzaroan, arrazoinak nork dituen eta nork ez argi ukanik ere, mobilizazioa zabala izanik ere, abiatu suntsitze lanak ez dira geldituko.
Baina, hortik hara, ez dut gogoan behin ere entzunik, ipar Euskal Herriaren historian, txakurrak norbaiten xerka jin izana eta gibelera egitera behartuak izana. Ez eta ere, gertatu izan bada, erdi amor emanik eta ez laster batean itzulirik. Ez dut gogoan egun hauetako gertakarien gisakorik, neurri hortakorik, egonik.
Beraz, hemen dudarik gabe zerbait gertatzen da, gutxieneko justizia bat defenditzeko eta erabaki goaindigarri bat salatzeko sortu dinamika sendo batetik hara: edo eztabaidak eta problematikak beste maila batera eramatea lortu da eta geroan gauza gehiago aldatuko dira, batzuenganik behintzat; edo erabaki eta jokamolde batzuk hain okerrak eta zentzugabeak dira nun exekuta ezinak ere zaizkien. Biak.
Zoritxarrez, anitzen nahia bertze izanik ere, hitzeman du Guéant-ek. Joan beharko duzu.
Alabaina, espero dut ez dela desberdina izanen den gauza bakarra.
2011/06/25
Eldorado project
Bizi erdiko lagun batek, kasualitatez (edo ez) ene lan berdintsuetan dabilenak, horrelako webgune-pribatu-ataldun-partizipatibo-libre-profesional-aprofesional-plural baten muntatzeko asmoak azaldu zizkidanean, eta partaide izatea galdetu zidanean, ezetza eman nion, tematuz argumentu parrastarekin: denbora, gaitasuna, eta sustut erdaraz aritzea ez nuela ikusten.
Azken egun hauetan, gaiaz parasitorik gabe pentsaturik, aitortzen dut gezurrak zirela.
2011/06/13
Militantea
« … dena den, zu, ez zara militantea. Batere.»
Zerk zituen horrelako jokamolde, balorazio, epaietara ekarri?
Zeren izenean permititzen diete batzuek beren buruei besteen bideak eta egitateak oker ala zuzen diren eriztera eta beren abururik mingarrienen botatzera deplauki tu batean? Eta zer dakite egiaz?
2011/06/11
La dentelle
Ez nuen ordularirik, goizalde apala hurbil zitekeen, azterketari pare batek atea pasa berri zuenean. Ahozko azterketara etorri bikoteek elkarri jarraitzen zioten; solasgaiek luzatzekorik eskainirik ere, zirrara gutxi eragiteko heineko aurkezpenak izan ziren ordurarte entzunak, neketsuak, naturaltasun gutxikoak, azeptisatuak eta nola gerta, egituren obsesioak gaina hartuz edo beste zerbait salatuz, euskara bortxatu masakratua agerian uzten ahal zutenak.
2011/06/05
Transmisioa 5: ene iritzia
Dudak izateaz bestalde ezin da egin. Ez dut horretan luzatzeko enbeiarik, pundu bat baino gehiagotan nire buruaren lurperatzea balitzateke.
2011/06/01
Ez zaitzala gaindi
Lagun batek bere burua aurkeztu zuen hizkuntza azterketa batera. Gaurko egunean, euskararen menperatzearen barometro gisa kontsideratzen den azterketa horretara berera. Agiria lanarengatik omen; bere baitan, segurrago, agiria frogatzeko, bere buruari lehenik, gero besteei.
Berak tarteka zalantza badu ere, badakigu euskara badakiela, azterketa gainditzeko gisan baita ere, harekilan pasatu orenak eta begipean izan idazkiak lekuko. Badakigu euskaraz egiten duela ahal duen guzia, bizi osoa. Badakigu ikasten eman urteak, lantzen iragan hilabeteak, bestalde haren konpromisioa eta inplikazioa, denbora, indarra, atxikimendua, guzia.
Emaitzak azterketari orok lehen bai lehen jakin nahi ditu, publikatzen diren egunean, hamar minutu guziz emaitzak argitaratuko diren gunera konektatzeko heinean, beste edozein gai auher dela. Konfiantzarekin agian ez, baina gainditzeko esperantza izaten da beti, oraino gehiago mila aldiz dudak berriz aipatu, argitu, baieztatu direnean. Ezetz, ez dela baitezpadakoa, paper bat dela, aldi honetan ez bada beste batean izanen dela, nahi dena, desiratzen den saria da.
« Aurtengoan ez, datorren urtean aurkeztuko dut » erran zigun egunean, hobe isildu izan bagina akuilatzeko orde. Horrela, gaurko arratsalde apalean, bederen, ez genukeen « Ua! Atera dira! » euforiko bat oihukatu eta bost segundutara, haren begirada zanpez itzaltzen eta iluntzen ikusi beharrik izanen.
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)