2011/06/05

Transmisioa 5: ene iritzia



Funtsean hastapeneko galdera izan zen, nire ustez transmisio mailan gure lorpen eta aitzinamenduak zein ziren?
Dudak izateaz bestalde ezin da egin. Ez dut horretan luzatzeko enbeiarik, pundu bat baino gehiagotan nire buruaren lurperatzea balitzateke.

Hizkuntzaren transmisioari doakionez, iparraldean, ni ez naiz batere baikorra. Egoera larritasun maila handikoa da. Oroz gainetik, hizkuntzari lehengoan zituen funtzioak berriz eman behar zaizkio, kulturalak eta sozialak, zeregin anitzetako balioa. Euskaldunek berek lehenik eta gero euskaldun ez direnek euskara ikusi behar dute balio erantsi gisa, zerbaitetarako bidea eskaintzen dien tresna; bestalde gertatzen bada debalde baita eta ez bailuke balio erakastea edo ikastea ere ez. Hori kulturgintzaren esku ere da, ez bakarrik, beste arlo batzuk ere jokoan baitira, baina iduritzen zait badela egitekorik alde horretatik. Hizkuntza denetan, eta bereziki kulturgintzan, kriterio zentral gisa ikustea ezinbestekoa da, koerentzia indartzetik hara.

Kulturgintza, kultur transmisioa zertan den jujatzeko ez naiz gai, ez dakit nehor hala denez.
Ekimen frango burutzen dira, eragile anitzenganik, zentzu anitzetakoak, ezaugarri eta helburu ezberdinekin, kulturgintza beretik kanpo ere direnak. Hain da gai zabala eta anitza nun seguraski nehork ez duen guziaz ikuspegi orokorra izaten ahalko, oraino gehiago jakinez ekimen pertsonalak ere gero eta gehiago gertatzen direla, hots eragileak ugaritzen eta edukiak haiekin. Transmisioak jarraitzen du. Segur da. Batzuetan guhaurren eskuetatik, besteetan beste batzuen eskutik.
Bi hitzetan, erran nezakeena da gure definizioak berritu behar ditugula. Kultur edukien transmisioan, ondare mailakoak direnak ez dira baztertu behar, baina bai bizi berritu, zentzu bat berreman. Oroz gainetik, inportantea da eduki berrien (behar eta bizimodu modernoei edo erantzuten dietenen) txertatzea, integratzea eta tratatzea gure kulturaren parte bezala eta ez utzi horiek guziak « gure kultura »-tik kanpo, besteen eskuetan, nunbait guganik urrun: eduki horiek guziek, gugan eragin bat baldin badute, guk ere tratatu behar ditugu, gure ikusmoldetik.
Gainera, ez ditugu nehundik ere gauza gehiago egin behar, baizik eta gaur egiten ditugunak aberastu, hobetu, berdefinitu eta xantierra ikusirik, gure indarrak aurrezten entseatu behar genuke, egituren arteko aliantzak xerkatuz adibidez.

Orokorki, emankortasunaren gakoa hor izan daiteke: transmisioa idealki burutzen zenean zituen hainbat ezaugarri zituela genion, osotasuna, inplikazioa, balioa, zentzua... Ezaugarri horietara hurbildu behar genuke, edozein ekitaldi, pesta, hitzaldi, erakusketa, klase eta nik dakita zer gehiago antolatzen dugularik, zainduz zenbait parametro edo erregulatuz. Horrelako zerbait:

Nori zuzentzen natzaio? Zer helarazi nahi dut? Edukiak funtzionalak dira, balio bat dute? Behar bati erantzuten diote? Planteamendua parte hartzailea da, bidea eskaintzen du horretarako? Proeiktu hau gurutza daiteke beste erakunde, eskola, elkarte, pertsona batenarekin? Eta euskarak, horren erdian, badu lekurik ahalik eta hoberena? Eta noski, gure arrangura nagusia hortan ere izaten baita hala beharrez, ekonomikoki espero ditugunak betetzen ditu?
Ez dut erraiten, profesional ala amateur izanik, antolatzaileen partetik egiten ez diren gogoetak direnik, baina seguraski ez termino, parametro horietan guzietan pentsaturik.

Horri izen bat ematekotan, « kalitate karta » edo deituko nuke, eta konbentzitua naiz honi jarraituz gero, transmisioan genituzkeen emaitzak, kantitatean agian ez, baina kalitatean anitzez hobeak liratekeela. Hobeak baizik ez, parametro guzi horiek molde orekatuan erregulatzen bagenitu. Hoberenak, denak bete-betean eramanik.

Argazkia: Dentelles des champs by Eric Bachellier

2011-06-09









iruzkinik ez: